gorka erostarbe leunda

Mugak

2024ko apirilaren 2a
05:00
Entzun

Irun da hasiera, eta Irun da helmuga. Baina, oroz gain, Irun da muga. Ezarria, fisikoa, asimilatua, metaforikoa, administratiboa, erreka jariozkoa, mentala, nahi duguna, baina muga. Eta mugak, ezin bestela, hausteko daude. Edo Beti Mugan Hondarribiko (Irunen mugakide) taldeak kantatzen zuen bezala, «Eta bai bai, mugak gugan daude…».

Beti jakin nahi izan dut txirrindulariek astirik hartzen duten lasterketen hasiera zein amaieretako herri edo inguruneari buruz zerbait jakiteko; edo astirik ezean, jakin-minik izaten duten.

Niri galdetu izan balidate, ez nieke gauza askorik kontatu ahal izango. Urte askoan Irun zen lehengusu eta osaba-izebarenganako bisita. Geroago izan da Mosku eta Eskina, Muguruzatarrak, Lisabö… Oraintsu jakin dut, Irati Zubia Landa filosofoaren bidez, Leon Trotski Irunen izan zela 1916an, Euskal Herriko Itzulia jaiotzeko zortzi urte falta zirenean; eta jakin dut, Eneko Aizpurua idazlearen Bidasoan gora eta Gaueko azken expressoa liburu aipagarriei esker, portugaldarrek hamaika abentura eta ezbehar izan zituztela 1970eko hamarkadan ibaia igarotzen. Askoz gehiago ez. «Eta bai bai, mugak gugan daude…».

Ederki, ezustean, Roglicek erlojupekoa irabazi du, eta denboraren eta iragarpenen mugak kamustu. Hark, Vingegaardek eta Evenepoelek jarraitzen dute faborito izaten, baina... baina ezer ba ote dakite Irunez? Kontatu ote dio Landak atzoko garaileari edo taldekideari duela hiru aste eskas Korrika atera zela Irundik bertatik, eta ekimen herrikoi horrek 11 egunez eta 10 gauez 2.700 kilometro egin zituela? Inork esan ote die tropeleko gainerako izarrei, edo irakurri ote dute inon, Irundik iparralderakoan hainbat migratzaile afrikarrek igaro zutela muga Korrikan poliziaren estorburik gabe? Prest ote legoke tropel profesional handi hori, zeina pasako den inolako arazorik gabe, gisako zerbait egiteko gaur? Autoak, bizikletak, autobusak, baliabide zein sosak, badituzte sobran…

Eta bai, bai, mugak gugan daude...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.