Muga ororen gainetik, arraun

Lapurdi estreinakoz ari da KAE 2 ligan, eta buruan da, sei bandera irabazita. Egitasmoari segida eman nahi diote, eta emakumezkoen taldea ere atera.

Lapurdiko trainerua, Camargon (Espainia) irabazitako bandera ospatzen. JOSU Z.
Aitor Manterola Garate.
2017ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herria muga politikoek bereizten dute, baina muga hori ikusezin bilakatzen da itsasoan. Ez dago. Zirrikitu zabal eta handi hori igarotzea erabaki zuten duela hainbat hilabete zenbait arraunlarik. Egitasmoaren funtsa zen trainerua osatzea, eta lehian jartzea beste taldeekin batera. Lortu zuten, eta Lapurdi sortu, bi kluben artean: Ur Joko eta Ibaialde. Donibane Lohizunekoak aurrenekoak, Angelukoak bigarrenak. KAE 2 ligan ari dira, eta nola gainera: sei estropada irabazi dituzte, eta lehen postuan dira.

Arraunlarietako bat da Iban Altxurrun (Baiona, 1991), eta pozez gainezka dabiltzala kontatu du: «Ligaren erdia osatuta daukagu, eta gozatzen ari gara. Arraunean ongi eginez, eta, gainera, emaitza onak lortuz». Aitortu du, garden asko, ez zutela inola ere espero hain ongi moldatzea: «Gure artean hizketan aritzen ginenean sasoi hasieran, azken-aurreko ibiliko ginela uste genuen». Hortik oso gora ari dira, baina. Zortzi estropada falta dira liga amaitzeko, eta kontatu du mailaz igotzeak ez dituela itsutzen: «Gure bidean jarraitu nahi dugu, arraunean gozatuz, eta horretatik heltzen bagara igoera lortzera, bada, ongi-etorria izango da». Presiorik ez dutela azaldu du: «Jartzekotan, geuk geure buruari jartzen diogu, baina klubean inork ez digu eskatu KAE 1era igotzeko».

Epe motzeko emaitzak ez baitituzte helburu hartuta. Luzera begira ari dira lanean: «Lapurdi traineruarena ez da aurten bukatzen. Jarraitu nahi dugu, eta begiak urrun dauzkagu jarriak, segida emateko egitasmoari». Gizonezkoen taldea bakarrik dute oraindik, baina, gerora, ez omen da bakarra izango: «Emakumezkoen trainerua osatzeko lanetan gabiltza datorren denboraldirako».

Hitzez, erraz esaten da trainerua osatu dutela, eta beste bat sortzear dabiltzala. Gero, egin egin behar izaten da, eta horretan pilatzen da sekulako lana. Arlo ekonomikoai heldu dio Altxurrunek: «Zaila da diruz egitasmoa hornitzea. Beharra daukagu, baina kostatzen ari da. Batu dira babesle batzuk, baina ez dira handiak, eta, azkenean, honek aurrera egin dezan ezinbestekoa da dirua». Kontuak gizentzeko laguntzaile bila ibili Lapurdi aldean, eta ez harritu aurpegi arraroak jartzea pareko solaskideak elkarteko kideei, arrauna ez baita oso ezaguna bertan: «Oso gutxi gara, eta ezagunak ez, gainera, kirol gisa. Horrek ez digu laguntzen dirua biltzeko lanean, ezta ere arraunlariak lortzeko». Bildu dituzte, baina, nahikoa arraunlari, eta denak Iparraldekoak, gainera. Bertakoez osatutako taldea da, hortaz, Lapurdi. «Badira gutxi batzuk Hibaikan eta Oiartzunen arraunlari izandakoak, eta lagungarri zaigu haien esperientzia».

Egitasmoaren sorrera

Arraunlarien baitatik sortutako taldea da Lapurdi: «Duela urte eta erdi, Ibaialdekoak bildu egin ginen Ur Jokorekin, eta trainerua ateratzeko asmoa egon zen mahai gainean». Ur Joko ateratzen da Gipuzkoako ligetan ontzi txikietan, eta Ibaialdeko gazteek, Altxurrun eta bestek, beren kasa egin izan dituzte ontzi luzeko saioak. Bi bideak eta aukerak bateratzeko modukoak zirela ikusi, eta, bi aldeen baiezkoarekin, Lapurdi ureratu zuten.

Garbi zeukaten serio hartu behar zutela kontua, eta bukatu zirela lagunarteko irteerak traineruan: «Ibaialden astean, bizpahiru aldiz elkartzen ginen gure kasa ibiltzeko traineruan, baina oso garbi genuen hau beste kontu bat izango zela». Duela hemezortzi hilabete hitzez adostua uretan jartzeko ordua iazko iraila izan zen: «Orduan ekin genien entrenamenduei serioski, eta harrezkero ari gara gogor asko lanean».

Jarraituko dute bide berean KAE 2 liga bukatu arte, eta oraingo toki beretik badoaz gauzak, iraileko lehen asteburuan igotzeko kanporaketan izango da Lapurdi. Muga guztien gainetik, arraun eta arraun dabilen taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.