Muga estuen barruan

Afrika Kopan gaur eta bihar dira finalerdiak. Orain artekoari begira jarrita, berdintasuna izan da ezaugarrietako bat, eta inork ez ditu partida guztiak irabazi.

Iban Randy Iyanga, Felipe Ovono eta Miguel Angel Maye Ngomo Ekuatore Gineako jokalariak, Tunisiaren aurkako garaipena ospatzen, final-laurdenetan. G. B. / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2015eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Hamasei selekziok ekin zioten Afrika Kopari urtarrilaren 17an Ekuatore Ginean, eta lau baino ez dira geratzen. Finalerdietan da txapelketa, eta bihar gauean, bi selekziok baino ez dute izango txapelketa irabazteko aukera. Aurreneko finalista gaur bertan zehaztuko da: Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Boli Kosta ariko dira (20:00). Bihar, berriz, Ghana eta Ekuatore Ginea izango dira aurrez aurre.

Bidean geratu dira hamabi talde, eta bide horri begiratzeko tenore ona da hau. Jokatu dituzte 28 partida. Aurreneko fasean, lau multzotan banatu zituzten hamasei taldeak, eta multzo bakoitzeko aurreneko biek bakarrik egin zuten jauzia final-laurdenetara. Halako txapelketa guztietan gertatzen den bezala, izan ziren ezusteak. Onak eta txarrak. Lehen fasea gainditu zutenen zortzi taldeen artean hiru izan ziren ezuste atseginak: etxeko taldea, Kongo eta Tunisia. Gainerako sailkatuak beste hauek izatea ezin da ezustetzat hartu: Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ghana, Aljeria eta Boli Kosta. Zortzigarren sailkatua Ginea izatea ez zen aurreikuspenetan sartzen, baina Malirekin D multzoan denera berdindu eta gero, zozketak zehaztu zuen bietako zeinek egin aurrera.

Ezuste txarrak, edo neurria eman gabe kanpoan geratu zirenak hauek izan ziren: Gabon, Burkina Faso, Senegal, Hegoafrika eta Kamerun; Mali ere hemen sar liteke, baina gogoan izan behar da zorte txarrak bota zuela.

Aurreneko fase horretan, txapelketa honen ezaugarri handienetakoa azaldu zen: berdintasuna. Datu bat dago horren berri zehaztasun osoz ematen duena. Multzoen faseko hirugarren jardunadia hasi zenean, talde bat bera ere ez zegoen sailkatua final-laurdenetarako. Azkeneko jardunaldian erabaki behar izan zuten dena.

Final-laurdenetan, partida batek bereganatu zituen begirada guztiak. Ekuatore Ginea eta Tunisiaren artekoa Afrika Koparen historia luzean gordeta geratuko da. Etxeko taldeari mesede galanta egin zion epaileak, galtzen zela izan ez zen penaltia adieraziz. Oso gutxi falta zen partida bukatzeko. Berdinketaren gola hor sartu zuen Ekuatore Gineak, eta luzapenean, saria lortu zuen (1-2). Orain arte, inoiz ez zen finalerdietan izan.

Boli Kostak eta Aljeriak jokatu zutenak ere piztu zuen arreta. Bi faborito handienetakoak aurrez aurre, eta azkenean, Boli Kosta aurrera, Wilfred Bonyren bi goli esker (3-1). Golegilea da Manchester Cityk berriki fitxatu duen aurrelaria, eta final-laurdenetako partida horretan sartu zituen txapelketa honetan egin dituen lehen bi golak.

Golegileen zerrenda horretan, buruan beste hiru jokalari daudebaina. Hiruna gol sartu dituzte Kongoko Thievyk (Almerian ari da), Tunisiako Ahmed Akaichik (Esperance taldean dabil) eta Ekuatore Gineako Javier Balboak (Estoril). Balboak bakarrik jarraitzen du txapelketan.

Bi faborito handi

Bonyk golak sartzen jarraitzen badu, txapelketa irabazteko bidea leundu egingo zaio Boli Kostari. Jokalari onez osatutako taldea da, eta denen buru Yaya Toure dela, 1992an irabazitako txapelketa bigarrenez irabazteko hautagai sendoenetakoa da. Kongoko Errepublika Demokratikoa gainditu beharko du gaur. Dieudonne Mbokaniren (Dinamo Kiev) taldea kontrario gogorra izango dute, hala ere.

Bigarren finalerdian, etxekoek ezustea gizentzen segitu nahiko dute, baina kostako zaie Ghana gainditzea, beste faborito handia. Asamoah Gyan aurrelariaren (Al Ain) taldeak bosgarrenez nahi du irabazi Afrika Kopa; azkenekoa urruti geratu zaie, 1982an lortu baitzuten. Christian Atsu erdilariaren (Everton) gidaritzapean, eta Ayewtarrak (Andre eta Jordan) tartean direla, talentuari zurruntasuna gehituta, sendo ari da taldea.

Afrikarren arteko txapelketak igandean ezagutuko du txapelduna —egun horretan jokatuko da finala, Batan, 20:00etan— eta orain arteko bidetik segitzen badu, ez harritu kopa lortu arteko bidea estua eta berdindua izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.