REALA. Herenegun Betisen zelaian debuta egin bazuen ere, Realak atzo aurkeztu zuen ofizialki Miguel Angel Moya, Zubietan lehen aldiz entrenatu ostean. Atezainak bi egun besterik ez daramatza talde txuri-urdinean, baina nahikoa izan zaio ohartzeko erabaki zuzena hartu zuela Donostiara etorrita. «Oso ondo hartu naute; badirudi bi urte daramatzadala hemen. Banekien talde handi batera nentorrela, eta lehen egunetik geratu zait argi».
Moya «pozik» azaldu zen bere lanari esker, taldeak puntu bat batu zuelako Betisen aurka. Horren harira, galdetu zioten ea harrituta geratu zen taldekideekin entrenamendu bakarra egin izanagatik Eusebio Sacristanek hasieratik zelairatu zuelako. «Ez zen ezustekoa izan. Aukera zegoen, eta hala gertatu zen. Prest nengoen. Klubak nigan izan duen konfiantza eskertzeko irrikan nengoen».
Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariak, berriz, azaldu zuen taldeko hiru atezainetatik bik—Pablo Sisniegak eta Geronimo Rullik— min hartu ondoren erabaki zutela Moya fitxatzea, eta hura zela aukeratua. Horren harira, nabarmendu zuen neguko merkatuan erakutsi duela prest daudela edozein egoerari aurre egiteko. Loren «kezkatuta» azaldu zen Asier Riesgotik ez delako etxeko atezainik egonkortu lehen taldean.
Jokin Aperribai presidenteak, azkenik, taldearen jardunaz hitz egin zuen, eta esan zuen espero duela taldeak gora egitea.
Moya: «Ezustea? Ez. Prest nengoen jokatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu