Ezkondu, Argentinan hamabost egun igaro, etxera itzuli, furgoneta zahar bat hartu, eta Europan barrena dabil Igor Anton (Galdakao, Bizkaia, 1983). «Veneziaraino iristea da helburua». World Tourreko talderen baten zain dago oraindik. «Edo, koska bat behera eginda, atzerriko eskaintzaren baten zain». Baina erretiroari ere ez dio itxi aterik. Orain bi urteko egoerara itzuli da bizkaitarra.
Azaroak 12. Hasia al zara entrenatzen?
Ez, ez; oraindik, ez. Bidaian nabil, eta itzultzen naizenean hasiko naiz entrenatzen, pixkanaka. Ea profesionaletan jarraitzeko aukera daukadan.
Eztei bidaian piztuta eduki duzu telefonoa badaezpada ere?
Ez pentsa. Lagunen eta familiako kideen dei asko jaso dut etxera itzultzean, baina oso lasai ibili naiz Argentinan.
Giuseppe Acquadrori egingo zenion lehen deia, ezta?
Bai... Baina ordezkariak esan dit ez dela agertu kontu berririk, eta itxaron beharra daukat.
Gustukoak izan edo ez, zenbat eskaintza dauzkazu mahai gainean?
Ez dut jaso eskaintza zehatzik. Badakit Acquadro World Tourreko talde batzuekin hizketan aritu dela, baina ezer ez da gauzatu. Denbora aurrera doa, eta egoera ez da erraza. Inoiz ezin da galdu itxaropena, baina badakit azken uneak izan daitezkeela txirrindulari gisa.
Zeren bila zabiltza 2016rako?
World Tourrean jarraitu nahi dut. Bi hilabeteko epea daukat gehienez, baina bila jarraituko dut, talderen batzuk badaudelako oraindik. Egin dudan ibilbidearekin, nire lekua hor dagoela uste dut. Ezinezkoa balitz, esperientzia berri gisa gustura joango nintzateke atzerriko talderen batera ere.
Movistarren jarraitzeko adina meritu egin duzula uste duzu?
Tira... Munduko talderik indartsuenetakoa da Movistar, eta ahalegin handia eskatzen du. Ez ni eta ez taldea ez gaude oso pozik azken bi urteotan emandako mailarekin, eta horregatik erabaki dute kontratua ez berritzea. Onartu beharra daukat.
Gaztela eta Leonen podiuma, Asturiasen garaipena, eta, batere atsedenik gabe, Giroa. Hutsegitea izan zen Girora joatea?
Bai. Nirea, taldearena edo biona. Sobran neukan Giroa. Urtarrilean hasi nintzen lehian, eta oso sasoi onean nengoen maiatzean, baina behera egiten hasia zitzaidan gorputza. Ez nuen joan behar Girora, eta are gutxiago Suitzako Itzulira. Nekatuta ez, lehertuta nengoen ordurako. Denboraldiko bigarren zatia ez da izan ona, baina niretzat oso garrantzitsua eta berezia izan zen Asturiasko Itzulia irabaztea. Normala da jendeak horrelako itzuliei garrantzirik ez ematea, baina oso harro nago ni.
«Presiopean lehiatu beharra daukat emaitzak lortzeko». Lehenago taldeburu izan eta gero langile gisa aritzea, hori izan da Movistarreko arazoa?
Erabat ez da izan horregatik, baina, neurri handi batean, bai. Presioa neukan Euskaltelen, eta horri esker lortu nituen garaipenak eta emaitza onak. Ez nengoen lekuz kanpo, baina Movistarren, askotan, ez nekien non kokatu. Taldearen inguruan ez daukat inolako kexarik, baina, askotan, nire barruak ez du izan beharrezko tentsio hori gauzak behar bezala egiteko.
Benetakoa da Caja Ruralen aukera?
Intentzioa egon da, baina pixka bat gehiago itxarotea erabaki dut, World Tourrean badagoelako, oraindik, lekuren bat. World Tourra edo atzerria, hori daukat buruan, Euskaltelen eta Movistarren etxetik gertu egon naizelako beti. Gerora Caja Rurali begiratuko diot, agian, eta beranduegi izango da akaso. Baina, tira, saiatu egin nahi dut.
Uste duzu 2010eko Igor Anton hura itzul daitekeela?
Nire helburua ez da hori. Berriz gozatzea eta une jakin batzuetan nire maila ematea, hori da nire buruari jarri diodan erronka. Oso polita izan zen 2010ekoa, eta 2011n ere izan nituen momentu ederrak. 2006, 2007, 2008... Urte on asko eduki ditut nire kirol ibilbidean, baina ez nago hain gora begira.
Kontinental Profesional mailara igoz gero, Muriaseko txirrindularia izango zen Igor Anton?
Ez dugu hitz egin hain argi. Duela bi urte Kontinental Profesional mailako taldea atera nahi zuten, eta pentsatu nuen orduan. Baina Kontinental mailan dago orain Murias. Niretzat oso garrantzitsua litzateke horrelako talde batek niregan pentsatzea, baina ez da egon eskaintzarik. Bigarren edo hirugarren urteko gazteentzako proiektua da, oraingoz, Murias. Baina etorkizunean gora egiten badu, zergatik ez?
Deitu al duzu Neil Stephensek?
Ez, ez. Eta ez dakit nire ordezkariak hitz egin duen edo ez. World Tourreko talde batzuei buruz galdetu nion nik Acquadrori, eta batzuek jada itxita zeukaten egitura; Oricak, esaterako. Baina Chaves daukate taldean, eta igotzaileren bat beharko dute, agian, mendateetarako. Auskalo.
Porrota litzateke erretiroa hartu behar izatea?
Hala pentsatuko dute batzuek, agian, baina ez, ez; niretzat ez litzateke porrota. Badakit urte on batzuk dauzkadala oraindik, baina 11 urte igaro ditut profesionaletan, hamabost itzuli handitan parte hartu dut, hamalau edo hamabost garaipen lortu ditut... Pozik egotekoa dela uste dut. Bizitzan gehiago nahi izaten dugu beti, baina nik ez daukat handinahi hori. Egindakoarekin pozik egotea da garrantzitsuena, eta pozik nago ni.
Erretiroa hartuz gero, zer?
Denbora pixka bat beharko nuke gauzak ondo pentsatzeko. Baina, ahal izango banu, urtebeteko atsedenaldia hartuko nuke, motxila hartu eta bidaiak egiteko. Bizitzeko da bizitza, eta bizi egin nahi dut nik ere.
Igor Anton. Movistarreko txirrindularia
«Movistarren, askotan, ez nekien non kokatu»
Duela bi urte gertatu bezala, azaroan sartu, eta datorren urterako talderik gabe dago oraindik Igor Anton, baina ez dauka etsitzeko asmorik. Sinetsita dago lekua daukala onenen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu