Asier Olaizola. Pilotaria

«Motza egin zait»

Jende gaztea pilotalekuetara bueltarazi zuen belaunaldiko azken alea da. 18 urteko bidea bukatu du, bi txapel eta lagun asko irabazita.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Hernani
2013ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Sagardoa banatzen pasatu du goiza Asier Olaizolak (Goizueta, Nafarroa, 1977). Hark du ardura hori, furgonetarekin gora eta behera. Aurki hasiko da sagardo garaia, eta sagardotegiari azken ukituak ematen hasi beharra dago: «Pintatu eta halakoak egin behar dira», azaldu du. Goiz lanpetua du, baina tarte bat aurkitu du solaserako. Eguerdi epela da, baina kupelen artean fresko egiten du.

Zer moduz? Arraro?

Ez, aurrekoan hori komentatzen nuen lagun batekin. Nire inguruko jendeak nik baino garrantzi handiagoa eman diola konturatu naiz. Hau niretzat normala da, pilotan jokatzen hasi nintzenean banekien hau iritsiko zela. Ez nuen uste hain berandu izango zenik, egia esan.

1996az geroztik profesionaletan. Orain, bizi berri bat hasiko duzu.

Bai, hori badakit hala izango dela, baina, azken finean, azken urtean egin dudan bizitza da. 2013an oso partida gutxi jokatu ditut. Aurrerantzean sagardotegian lanean jarraituko dut, eta udan jokatzen. Aukera badut, gustura jokatuko ditut partida horiek, lagunekin, Otxandorena, Koka... Garfen.

Oraindik ez zara Lanbidera informazio eske joan, ezta?

[Barrez] Ez, ez... oraingoz ez.

Ez zenuen agurrik izan. Zergatik?

Enpresak eskaini zidan. Bainanire asmoa jokatzen jarraitzea da, eta horregatik ez dago agurrik. Gainera, ez naiz agurzalea. Urtarrilaren 4an Goizuetan omenaldia egingo didate Umore Ona elkartekoek. Partida antolatu dute; ez dakit zeinekin eta zeinen kontra, kantxan jakingo dut.

Keinu polita.

Zuriz jantzita joateko esan didate, hori dakit bakarrik. Partida sorpresa da. Gero afaria dago, eta uste dut ordu gutxi batzuetan txartel guztiak saldu zituztela. Nonbait jendea geldituko da kanpoan. Ez nuen halakorik espero; eskertzekoa da.

Azken urtea gogorra izango zen... Estelarrak jokatzera ohituta.

Alde horretatik ez, gehiago partida gutxi jokatu ditudalako. Azkeneko urteetan nik banekien ez nindutela txapelketan sartuko, eta txapelketatik kanpo bazaude, baita estelarretatik kanpo ere. Nik hori onartu nuen; badakit pilota munduak nola funtzionatzen duen. Gogorragoa egin zait egunero entrenatu eta partida gutxi jokatzea. Ekainera arte sei partida bakarrik jokatu nituen. Azken bi hilabeteetan partida bakarra jokatu dut, joan den larunbatekoa. Jarraitutasunik gabe oso zaila da maila ona ematea.

Asegarcen jarraitzeko moduan ikusten duzu zeure burua?

Bai, azken urteetan jokatu dudan mailako partidetan ez dut arazorik ikusi nirea emateko. Lehen, guk debutatu genuenean, 40 urteko pilotariak zeuden, eta gazteek kendu behar zituzten handik. Orain, jada, ez da hala; orain beste politika bat dago: pilotari gazteak, aurpegi berriak hartu... eta pilotari gazte ez direnak, lauzpabost urtean Lehen Mailakoak bilakatzen ez badira, etxera bidali. Erdi mailarik ez dago; horiek bospasei urte irauten dute.

Atzera begira jarri, eta zer-nolakobalantzea egiten duzu?

Debutatu nuenean ez nuen hainbeste lortzerik espero. Orduan ilusioa debutatzea izaten da, eta gero pilotan hastea... Gogoan dutApeztegiarekin batera debutatu nuela [Olaizola I.a-Mendia, Mikel Goñi-Apeztegiaren aurka, Elizondon] eta Mikel Goñik bi edo hiru hilabete lehenago debutatu zuela. Orduan, debutatzea ia miraria zen, eta guk lortu genuen. Orduan, baina, ez duzu espero hainbeste irautea... Nik, suertez, binakako bi txapel irabazi ditut, beste bi final jokatu, buruz buruko bi finalerdi... Beti gelditzen da «hura egin izan banu» edo «ez banu egin» pentsatzeko aukera, baina ez du merezi atzera begiratzea. Hamazazpi urte egin ditut, profesional ona izan naiz, eta bi txapel ez dira gutxi.

Urrun gelditzen al da debuta?

Ez! Debutatu, urte batzuk pasa, eta konturatzerako erretiroa dator.

Hamazazpi urte bada zerbait...

Ia hemezortzi. Niri motza egin zait. Pilotari gazteek esaten didate, «urteak daramatzazu zuk...», eta nik erantzuten diet, «konturatzerako iritsiko zaizue».

Debutatu berrien artean gutxik iraungo dute hainbeste.

Oso gutxik, oso zaila da hori gaur egun. Zoritxarrez.

Arrakasta handiena, 17 urteetatik 15 estelarretan egin dituzula.

Goi mailan jokatzen. Ni Julian Retegi eta Ladis Galarzaren aurka jokatzen hasi nintzen, eta Aimar eta Irujoren aurka jokatzen bukatu dut. Bi belaunaldi handi.

Zuk atera duzu gaia: bi belaunaldietan zein da hobea?

Alderaketak ez dira inoiz onak. Nik uste dut orain Aimarrek eta Irujok duten maila lehen ez zegoela, batez ere buruz buru. Hori inork ezin du ukatu. Baina jokatzeko modua ere desberdina zen; Julian Retegik du txapel gehien, eta zerbaitegatik izango da.

Zuk zein nahiago?

Ikusteko, politagoa da oraingoa.

Olaizola I.ari, baina, bestea komeni.

Dudarik gabe!

Zuri jaten eman dizuna...

[Galdera eten du] Eskuineko besoa. Honek jaso [eskuin besoa altxatu du], eta honek kendu [ezkerrekoa altxatu du].

Kritikarik ez zaizu falta izan. Ezker airea, erresto hori...

Bai... Tira, ezker oneko pilotariak ikusten ditut oraindik errestoan gaizki dabiltzanak. Nik garbi dut buruz buru izan dudan hutsik handiena hori izan zela.

Itsutu al zintuen gabezia horrek? Behin 11 tanto jaso zenituen saketik.

Bai, garai batean bai, baina onartu beharra daukazu, bestela jai duzu. Barneratu nuenean hobeto jokatu nuen; txapeldun izandako pilotarien aurka hamar tanto jaso izan ditut saketik, eta gero irabazteko zorian egon naiz. «Hori izan banu», pentsatzen duzu, baina alferrikakoa da; ez duzu, eta kito. Pilotan ez da jotzea bakarrik; agindu dezakezu, baina dena gogor jotzea balitz, bi txapeldun leudeke bakarrik historian.

Ahaztu ez duzun partidarik ba al duzu? Gogoan dut buruz buruko bat, Irujoren aurka 17-3 irabazten joan eta galdu zenuena.

Atsekabe handiena debuteko egunean hartu nuela uste dut, gaizki jokatu eta 22-7 edo 22-8 galdu nuen... Gero, atsekabe asko hartzen dituzu, baina hori eramaten ikasten duzu. Belokirekin galdutako binakako finala ere...

Eta pozik handiena?

Lehenbiziko txapela, Elkororekin, Logroñon. Hunkigarriena.

Ez zara hunkitzen erraza izango; serio itxura duzu behintzat.

Erraz hunkitzen naiz. Serioa naiz, baina omenaldi eta halakoetan hunkitu egiten naiz. Ruizi egin ziotena, emaztearekin eta... hunkitu egin nintzen, Otxandorenari, kuadrillakoekin... ze polita. Baina ni kirolaria izan naiz, zu kazetari eta beste bat mediku den bezala, profesionala. Lan bat da, bide bat, bukatu da, eta kito. Niriasko gustatzen zaidan gauza bat, baina lan bat da, langile bat naiz.

Eta, azken urteetan, pixka bat pipertu zara, eta traba egite horiek...

«Gaiztotu» esaten didate pilotari gazteek [barrez]. Tira, urteen kontua da hori, eta horiek ere ikasi egiten dira.

Pilota profesionalaren urte onak egokitu zaizkizu. Iritzi berekoa zara?

Bai. Nik ez ditut ezagutzen duela 30 urteko kontuak, baina uste dut pilotak izan dituen hamar urte onenak behintzat harrapatu ditudala. Zalantzarik gabe.

Orain konturatu naiz. Non dituzu belarritakoak?

Alabak kendu zizkidan, duela sei hilabete edo. Hartaz geroztik gabe ari naiz; agian hurrengoan jarriko ditut.

Zure belarritakoek zeresana eman zuten, Agirre eta Goñi II.arenek ere bai. Haize freskoa sartu zenuten pilotan, Eugi eta Belokiren ondoren.

Oroitzen naiz, gero Aspe sortu zen... Barrutik ez zinen jabetzen, baina komentarioak bazeuden: belarritakoak, ile luzea... pilotari modernoak. Pilota ordura arte kirol serioa bezala hartzen zuten, klasikoa, eta bai, aurpegi berriak ziren, eta zale berriak. Telebista ere orduan hasi zen... hori nabaritzen nuen. Normalean, pilotari debutatu berri bat ez du inork ezagutzen, baina orduan bai, kalean-eta ezagutzen zintuzten.

Oroitzen naiz, debutatu aurretik, afizionatuetan, edozein txapelketatan, pilotalekuak beteta egoten zirela; orain, aldiz, ez dago halakorik. Begira, oroitzen naiz, debutatu berritan, 2. Mailako buruz burukoko finalerdia jokatu nuela Goñirekin, eta Labrit goraino zegoen! Gero, finala Donostian jokatu zuen, Kokaren aurka, eta hura ere beteta... Orain, 2. Mailan gutxi ikusten da. Gurekin batera jende gaztea sartu zen pilotalekura. Mikel Goñik ere garai hartan debutatu zuen, eta boom bat izan zen... Jendeari pilotari berriak ikustea gustatzen zaio, baina maila onekoak.

Asko aldatu da pilotaren egoera.

Asko, ikaragarri. Enpresentzat aldatu da lehenbizi; diru sarrerarik ezean, langileei ezin eman. Sarreratan eta, jendea berdintsu dabil. Apustua asko jaitsi da, eta publizitatea ere bai... Azken hiru urteetan asko jaitsi da pilota. Nik sagardotegian eta jendearekin hitz egiten zera sumatu dut: zu pilotaria zara, telebistan agertzen zara, eta jendeak futbolariekin alderatzen zaitu, baina oso oker daude. Orain ez dakit zenbat pilotari egongo diren Aspen eta Asegarcen, baina jendeak telebistan ikusten dituen gazte horiek denek mila euro besterik ez dute irabazten. Eta jendeak beste irudi bat du buruan... Gazteek mila euro irabazten dituzte, eta ez lehen urtean bakarrik. Errealitate bat da, eta ez da berria, duela hemezortzi urte ere bai. Gero, kontratuak sei hilabetekoak dira, urtebetekoak... eta hala zaila da jardutea.

Pilotak ez zaitu lanetik atera.

Nik ez dut inor ezagutzen pilotak lanetik atera duenik. Ezagutzen ditudan pilotari guztiek behin pilota utzita lanean jarraitu izan dute. Batzuei oinarri ona edo oso ona utziko die, baina nik, behintzat, lan egin behar dut bizitzeko.

Nola eraman duzu anaiarekin alderatzea? Debutatu aurretik zuk ematen zenuen zeresan gehien.

Urtebeteko kontua izan zen; berehala ikusi zen Aimarrek zenbat jokatzen zuen. Hasieran alderatzen gintuzten, baina nik ondo eraman dut beti, nire anaia txikia da. Azken finean, hori erraza da eramaten zuk baldin badakizu non zauden. Zuk baldin badakizu nor zaren eta zer egiteko gai zaren... Nik badakit nire bertuteak zeintzuk diren eta anaiak zenbat jokatzen duen. Nik denetarik entzun dut, baina ez dit eragin.

Anaiari irabaztea berezia izan al da? Adar jotzerik-edo egon al da?

Ez, partida bat gehiago da. Askotan jokatu dugu elkarren aurka. Azkenean, anaiaren kontra jokatzen nituen partidak figura baten aurkakoak ziren. Gero, noizbait izan dugu eztabaidaren bat edo beste aldagelan, baina beste munduko ezer ez.

Errespeturik ez anaia zaharrari?

Nik beti esan dut nik zaharragoa dena errespetatuko dudala hark ni errespetatzen banau, ez adinarengatik bakarrik.

Enpresarekin harreman ona izan al duzu?

18 urtean ez dut sekula arazorik izan negoziazioetan. Ez Asperekin hasieran, ezta Asegarcerekin ere, inoiz ez tirabirarik. Enpresak ere esango dizu. Nik garbi eduki dut non nengoen, eta askotan enpresak nik uste baino gehiago baloratu nau. Ez dugu sekula arazorik izan. Negoziazio guztietan lehen bileran ados jarri izan gara, beti; ordubetean, konponduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.