Xabi Zurutuza Torresek (2006, Legazpi, Gipuzkoa) lau urte besterik ez zituela eduki zuen lehen ibilgailu motorduna, eta egun hartatik aurrera etengabe hazi da bi gurpilen munduan. 2021ean, Hawkers European Talent Cup-era iritsi zen, eta, han hirugarren egin zuenez, 2022rako Team MTA taldearekin sinatu zuen, Junior GP Munduko Txapelketako Moto3 kategorian lehiatzeko. Emaitza ikusgarririk lortu ez duen arren, «pozik» dago azken sasoian egindako lanarekin.
Beste 29 pilotu lehiatzen dira Zurutuzarekin batera, eta hemezortzigarren gelditu zen azken sasoian gipuzkoarra. Egokitzeko urtea izan duela azpimarratu du, baina bere bilakaerarekin «pozik» dagoela nabarmendu du: «Denboraldi zail samarra izan zen. Talent Cupeko hirugarren postuan egotetik nentorren, eta maila hori gainditzea zaila zen. Egokitzapen urtea izan zen, eta asko ikasi dut».
Zurutuzaren lehen lasterketak onak izan ziren. Estorilen (Portugal) hamargarren postuan amaitu zuen, eta Valentziako saio bikoitzean postua berretsi zuen. Ondoren Bartzelona etorri zen, eta, hamargarren postutik, bederatzigarrenera egin zuen salto. Ondorengo lasterketetan, aldiz, zortea ez zuen alde eduki, eta arazoak izan zituen erregulartasuna mantentzeko. «Zorte pixka bat falta izan zitzaidan azken lasterketetan. Lehiatzeko eta ondo egiteko prest ikusten nuen neure burua, baina beti gertatzen zen zerbait. Puntuetatik kanpo geratzen nintzen, edo, bestela, erori egiten nintzen. Lehia estua dago, eta akatsak garesti ordaintzen ditu edonork».
Erorikoena da, hain zuzen ere, motorraren munduan bolo-bolo ibili den gaietako bat. Azken urteetan, zorigaiztoko istripu ugari izan dira, eta araudi aldaketak ekarri dituzte Zurutuzak parte hartzen duen kategorietan. «Kirol arriskutsua da gurea, zalantzarik gabe. Moto 3-ko gutxieneko adina aldatu dute, adibidez, 18 urtera. Araudian egiten diren aldaketak pilotuari laguntzeko dira, eta nik asko eskertzen dut hori».
Orduko 250 kilometrora jartzen du motorra lehiaketan, eta hortik kanpo 300era ere jarri duela aitortu du. Ez du erorikoetan pentsatzea gustuko, ezta beldurra pasatzea ere. Baina errespetua ez dela galdu behar dio. «Errespetu handia izaten dut beti. Beldurra pasa dezakezu momenturen batean, iaz Italian gertatu bezala: Erori egin nintzen, eta hemeretzi pilotuk oso gertu pasatu behar izan ninduten. Denok dakigu arriskua dagoela, eta okerrena da besteek zuregatik sufritzea. Nire amak, adibidez, dezente sufritzen du».
Motorraren gainean luzaroan jarraitu nahi du Zurutuzak, baina 16 urte besterik ez duen gazte batentzat ez da bide erraza. Hain zuzen ere, orain arte egin behar izan dituen sakrifizioez mintzo da. «Ikasketak eta motorra uztartzea ez da erraza izan, baina beti egunean eraman dut. DBH amaitu dut, eta, aurten, ikasketak alde batera uztea erabaki dugu bete-betean motorrean zentratzeko. Urte erabakigarria izango da aurtengoa, eta asko dago jokoan».
Eskola alde batera utzita, egunerokoan buru-belarri dago sartuta legazpiarra. Dagoeneko denboraldiaurrearen azken txanpan dago. «Goizetan, entrenatzen naiz, eta, arratsaldean, gimnasiora joaten naiz nire osabarekin, nire entrenatzaile pertsonalarekin, eta, asteburuetan, egokitzen den tokira joaten gara entrenatzera. Euskal Herrian zirkuitu gutxi ditugu, eta Valentziara edo Kataluniara joan behar izaten dugu. Azkenean, lan karga eta gastu handia da. Horrek ere eragotzi dit ikasketekin jarraitzea».
Estorilen emango diote hasiera Junior GP denboraldi berriari, maiatzaren 7an. Zurutuza «indartsuago» sentitzen da: «Helduagoa naiz orain. Azken urteetan, mundialaren adina 18 urtera igo da. Pilotu asko kategoria honetan pilatuta geratu dira, eta aurten nolabaiteko garbiketa egingo da. Hasteko gogo handia dut». Helburuen artean, aurreko urtekoa hobetzea jarri du: «Helburua beti da lehenengoen artean egotea. Karreraz karrera joatea gustatzen zait, edonon gerta baitaitezke gauzak, baina argi dut aurten ondo egingo dudala».