Nahikoa dela esan dio gorputzak; «motibazioa» falta zaiola buruak. Egin beharrekoak egin dituela iritzita, erretiroa hartzeko garaia iritsi dela erabaki du Egoitz Murgoitiok (Hirumet). «Denboraldia hasi aurretik ere nahiko argi neukan, eta lesioaren ondoren, ez dut zalantzarik izan», aitortu zion atzo abadiñarrak BERRIAri. Azaro amaieran Munduko Kopan, Koksijden (Flandria), izan zuen erorketak erraztu egin dio erabakia. Abadiñarrak 30 urterekin itxi du ziklo-krosaren zikloa. «Txirrindularitzatik erabat aparte dagoen zerbait probatu nahi dut orain». Atsedena behar du.
David Secok 2011n erretiroa hartu zuenetik, Euskal Herrian ziklo-krosean ibilbiderik oparoena egin duen txirrindularia izan da Murgoitio. Azken urteotan Javier Ruiz de Larrinaga (MMR Spiuk) eta Aitor Hernandez (Specialized Garmar) izan ditu aurkari nagusi. Baina, nazioarteko lehia hobetsita, Murgoitiok berak lortu ditu emaitzarik onenak Europa aldean. Urrutira joan gabe, denboraldi honetan bertan, hirugarren postua lortu zuen Suitzan, Badengo proban; laugarrena Txekiar Errepublikan, Unicoven; eta garaipena Eslovakian, Udica-Prostnen. Sasoi honetan, Munduko Kopan, 14. eta 12. postuak lortu zituen lehen bi lasterketetan.
Motibazio faltan eta nekatuta, ziklo-krosa uztea erabaki du Murgoitiok
Azaroan, erorketa handi samarra izan zuen Munduko Kopan, Koksijden, eta lehiatu ezinik egon da ordutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu