Iraupena. Partidarena: 1.15.55; jokoarena 29.29.
Pilotakadak. 615.
Saketik. Titinek alerik ere ez; Urrutikoetxeak 1.
Markagailua. 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 4-3, 4-4, 5-4, 5-5, 5-6, 6-6, 6-7, 7-7, 8-7, 8-8, 11-8, 11-11, 13-11, 13-13, 13-14, 14-14, 17-14, 17-17, 17-18, 18-18, 19-18, 19-19 eta 22-19.
Bestelakoak. Sarrera erdia Eibarko Astelena pilotalekuan, 600 bat ikusle. Apustuak doblean irten ziren urdinen alde.
Mikel Urrutikoetxea eta Mikel Beroiz morroi gogorrak direla erakutsi dute txapelketan jokatu dituzten bi partidetan. Izenez, eta talentu hutsez, agian ez dute beste bikote batzuen sonik, baina bi aste nahikoak izan dituzte eurei irabazteko gogotik lan egin beharko dela zabaltzeko. Beroiz gotorra dela jakina zen, harri koskorra. Urrutikoetxea zen zalantza gehien sortzen zuen bikoteko aldagaia, eta orain artekoa ikusita, ondo merezia du postua txapelketan. Biek, gainera, ondo hartzen dute elkar, eta atzo, Eibarren, partida bukaerara Titin eta Merino baino osoago iritsi zirelako lortu zuten ligaxkako lehen puntua.
Urteberri eguneko jaialdiko partida nagusia entretenigarria izan zen. Txapelketa norgehiagoka petoa. Hamalau berdinketa egon ziren, azkenekoa 19nakoa. Ordu eta hamar minutuz egurrean egon ondoren Titin eta Merino 19-18 ziren aurretik, eta ordurako, atzelariaren zangoetako giharrak aski gogortuta zeuden. Irabazleek jarraian egin zituzten azken lau tantoak, edo, hobe esanda, galtzaileek huts egin zituzten. 19nakoa eta 20-19koa Titinek txapara bidalitako erremate behartuak izan ziren. 19-21ean errioxarrek tantoa egiteko lau aukera garbi izan arren, ez zuten bat ere baliatu, eta azkenean, Urrutikoetxea izan zen Merinoren pilotakada txarra baliatu zuena. 22-19koa, azkenik, Merinok kanpora bidalitako pilota erraza izan zen. Ez zen kointzidentzia hutsa, higatze prozesuaren ondorioa baizik.
Bukaerako 0-4ko partziala 2-8ko handiago baten amaiera izan zen. Partidak hasiera oso gogorra izan zuen, 11 berdinketa 14nakora arte. Atzelariek ondo eutsi zioten piloteoari eta aurrelarien arabera garatu zen. Titin gorabeheratsu ibili zen errematean, Urrutikoetxearen defentsari aurre eginez. Guztira bederatzi tanto eta sei huts egin zituen. Beteranoa ondo dago, bai behintzat udazkenean baino hobeto. Urrutikoetexeak, berriz, airez errematatzen asko hobetu duela erakutsi zuen —hamar tanto egin zituen—, baina, hala ere, huts asko egiten ditu oraindik. Guztira zortzi, horietatik bost errematerako pilota garbiak. Gehiegi dira, berak ere badaki. Beste guztia, baina, ondo egin zuen, eta bi eskuekin luze mugituz piloteoan agindu zuen.
Titinen inspirazio une bati esker 17-14 aurreratu ziren gorriak, baina Merino zimeltzen hasia zen. Bere bost hutsak 13-12kotik aurrera egin zituen. Azken bolada horretan Urrutikoetxeak gutxiago arriskatu zuen, Titin saihestu eta jokoa atzean kargatuz. Estrategiaz eta norabidez aldatzea erabaki, eta bete-betean asmatu zuten. Logikoa da, 24na urte eta sasoi horrekin ezin da lanaren beldur izan. Haiei irabazi nahi dietenek jada badakite ez dutela partida samurra izango.
Cecilio, Zubietaren ordez
Binakako txapelketaren hasieran partida gogor asko izaten ari dira, eta pilotariak hasi dira eragina nabaritzen. Aitor Zubietak eskuetako minez bukatu zuen azken norgehiagoka, eta ostiralean ezingo du jokatu Donostian. Aspek Cecilio Valgañon (Ezkarai, Errioxa, 26 urte) aukeratu du Zubieta ordezkatzeko, Xalaren alboan, Bengoetxea VI.a eta Ladis Galarzaren aurka. Cecilio 2. Mailako binakako txapeldun izan zen iaz, Gorkarekin.
Titin III.a-Merino II.a 19. Urrutikoetxea-Beroiz 22
Morroi gogorrak dira
Urrutikoetxea eta Beroiz partida bukaerara osoago iritsi direlako lortu dute ligaxkako lehen puntua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu