Bahraingo Sari Nagusiak taldeen barruko trapu asko utzi zituen agerian. Mercedesek guztia galtzeko arriskua zuen taldeko bi gidariak aurrean lehia gordinean ari ziren bitartean. Hori ikusirik, agindu bakarra eman zien Lewis Hamiltoni eta Nico Rosbergi: autoa osorik helmugaratzea. Bien arteko borroka libre utzi zuten, hori bai, argi utzita bakoitzaren norbanako helburuen gainetik taldearen puntu beharra zegoela. Biek ala biek ondo jakin zuten lehiaren tenperatura bero mantentzen, baina erre gabe. Litekeena da duela bost urte, Hamilton gazte ausart eta noizbehinka burugabea zenean, lehia honek oso bestelako emaitza izatea.
Lasterketa bikaina izan zen garaipenerako emozioa kontuan hartuta. Hamiltonek bikain defendatu zuen postua Rosbergen pneumatikoa abantailaren aurrean, eta urtean bigarren aldiz Rosbergen aurretik amaitu du. Biek amaitu duten bi aldietan ingelesa izan da garaile, eta horrek konfiantza emango dio. Azken itzulietan izan zuten lehian inor ez zen motorren soinuaz edo erregai kontsumoaz gogoratu; garaipenak itsu-itsu zituen bi gidari bakarrik ageri ziren. Emozioa gainezka izan zuen lasterketak, Malaysiako lasterketa zozoaren ondoren eskertzekoa izan zena. Baina, aldi berean, ezin da ezkutatu gehiegizkoa izan zela Mercedesen nagusitasuna, eta horrek balioa kentzen diola. Lasterketa bikaina argi-itzalak dituen 1 Formulan.
Lehiakideen arteko lehia ez zen aurrealdean bakarrik gertatu. Autoen artean dagoen aldeak taldekideak elkarrengana bultzatu dituela dirudi, eta lasterketaren une batean binaka txukun-txukun sailkatuta zebiltzan: Mercedeskoak aurrena, Williamsekoak ondoren (Felipe Massa eta Valtteri Bottas) eta Force Indiakoak atzerago (Nico Huelkenberg eta Sergio Perez). Bakoitzak bere erara moldatu zituen taldeko aginduak. Deigarriena Red Bullek lau aldiz munduko txapeldun Sebastian Vetteli bidetik kentzeko eskatu zionekoa izan zen, Daniel Ricciardo gaztearen mesedetan. Australiarrak beste lasterketa bikaina osatu zuen, atzetik aurrera eginez. Renault motorrak oso atzeratuta dabiltza, eta Red Bull autoaren dohain aerodinamikoek bakarrik salbatzen dute.
Luca di Montezemolo lasterketa amaitu aurretik zirkuitutik joan izana oso adierazgarria da. Ferrariko agintaria aspalditik ari da esaten ez duela gustuko 1 Formula hau, «taxi gidarien lana» omen baita erregaiari so aritzea. Fernando Alonso 10.a izan zen, eta Raikkonen 11.a, baina horren errua ez dute pneumatikoek, ezta motorren soinuak, ezta erregaiak ere. Ferrari ez da gauza besteek egindako lana parekatzeko. Esanguratsua da Ferrarin aritutako Jean Todtek esandakoa—egun FIAko burua da—: «Kexatzen ari direnak irabazi ezinda dabiltzanak dira, ezta?».
Montezemoloren benetako arazoa
Mercedesek ez du aurkaririk denboraldi honen hasieran: hirutik hiru irabazi ditu jada. Ferrari, ordea, zuloan galduta dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu