Montanier irrikan dago

Athleticek ligan bi puntu lortu baditu ere, Realeko entrenatzailea ez da fidatzen derbirako

Donostia
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Philippe Montanier partida berezi baten atarian dago, eta hori nabaritu du aste honetan. Euskal derbian talde bat zuzenduko duen lehen aldia izango baitu bihar goizean Realak eta Athleticek Anoetan jokatuko dutena. Aurkariaren ligako egoera egokiena ez den arren, ez da fidatzen frantziarra, eta jokalariei kontzentrazio handia eskatu die partidarako.

Frantzian hainbat derbitako protagonista izan da Montanier, eta «irrikan» dago biharko partida iristeko. «Partidaren inguruan pasio handia sortu da, eta hori nabari dut inguruan. Nik giro hori bizi nahi dut, eta igandea noiz iritsi zain nago. Horrelako giroko derbirik ez dut bizi, nahiz eta Frantziako Olympique Lyon eta Sain Ettienenen artekoaren antzekoa izango dela uste dut», esan zuen frantziarrak.

Partidaren inguruan, oraindik ez dago zehaztuta Carlos Velak eta Diego Ifranek jokatuko duten ala ez. Biak min hartuta daude, eta gaurko saioan erabakiko dute jokatu ala ez. Huts horiek baldintza dezake frantziarraren hamaikakoa. Jokatzen duenak jokatzen duela, kontzentrazioa ezinbestekoa izango da partida irabazteko, Montanierren arabera: «Derbia zelaian jokatuko da, eta ez harmailetan; beraz, jokalariek irabazi behar dute partida, eta ez zaleek. Biharko partidan bi izango dira helburuak: lehenengoa, hiru puntuak, eta bigarrengoa, zaleak taldeaz harro egotea». Montanierrek garrantzi handia ematen dio derbiari, ligaren etenaldi bat datorrelako jarraian eta horretara garaipen batekin iristea gustatuko litzaiokeelako: «Etenaldira garaipenarekin iristea beti da ona, jokalariak gogo gehiagorekin ekingo baitiote entrenamenduei, are gehiago Mallorcaren aurka galdu ondoren».

Aurkariari dagokionean, frantziarra ez da batere fidatzen, nahiz eta Athleticek gaizki hasi duen liga. «Talde indartsua dute, herenegungo partidan aise erakutsi zuten, talde handi baten aurka irabazi ondoren. Gainera, entrenatzaile on bat dute, eta hori beti da garrantzitsua talde batentzat, nahiz eta hasiera ez den uste zuten bezain ona izan. Kostako zaigu partida irabaztea», azaldu zuen, frantziarrak. Horregatik, partida ireki bat espero du, «horrelako partidatan faboritorik ez dagoelako, eta norbait izatekotan gu izango ginatekeelako, etxean jokatzen baitugu, zaleen laguntzarekin».

Astean asko aipatutako gaiaren inguruan ere eman zuen iritzia Montanierrek: partidaren ordutegia. «Bientzat ordua, beroa eta giroa berdinak izango dira, eta ezin dugu kexatu, biek baldintza berak izango ditugulako. Gainera, joan den igandean ordu horretan jokatu genuen. Taldea uste baino hobeto egokitu zen baldintza haietara, eta oraingoan ere hala izatea espero dut».

Agirretxe, itxaropentsu

Imanol Agirretxek badaki zer den Athleticen aurkako derbia jokatzea, eta, horregatik, partida iristeko gogoa dauka: «Partida polita izan ohi da derbia, bai guretzat eta baita zaleentzat ere; horrelako partidak jokatzeak beti egiten du ilusioa». Usurbilgoak denboraldi hasiera ona egin du, eta dagoeneko lau gol sartu ditu. «Gol bolada onean nago, eta derbian espero dut gol bat sartzea; eta taldeari laguntzeko bada, hobeto», onartu zuen Usurbilgo aurrelariak.

Montanierren antzera, Agirretxe ere ez da fio aurkariaz. «Ligan une onean ez dauden arren, partida honetaz balia daitezke egoera aldatzeko, derbiak partida bereziak direlako. Guretzat arriskutsua da, orain arte egindako lanak ez baitu balioko igandean. Egia da herenegun irabazi zutela, baina niri hori berdin zait; beste partida bat jokatu zuten, nekatuago egongo dira, eta horretaz baliatu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.