Pasioa entzuten da Inaxio Perurenaren hitzetan (Leitza, Nafarroa, 1984). «Hauxe lortuko banu...». 300 kilotik gora, gramoka neurtzen da pisua, eta 3.000 gehitu dizkio nafarrak otsailaren 10eko markari. Azken lau hilabeteotako gorabeherak eta baxualdiak 303 kiloko harria berdinduta ahaztu nahi ditu. Herritarren babesean egingo du ahalegina, bihar, 13:00etan.
Iritsi da, berriz ere, eguna. Otsailaren 10etik nahi baino denbora gehiago pasatuta, agian?
Bai... Martxo bukaeran jasoaldia emana nion 303 kiloko harriari, baina entrenamendu txarrak pilatu nituen gero, beherakada handia izan nuen, eta horrela ez zegoen plazara ateratzerik. Urritik egur handia hartuta nengoen, pisuekin kilo asko mugituta, eta gorputzak nabaritu egiten du hori. Berdin-berdin jarraitu nuen entrenatzen, eta, tira, gorputza bere onera ekartzea lortu nuen. Entrenamendu onen segida iritsi denean jarri dugu, berriz, eguna.
Pisu handia kendu zenuen gainetik 300 kiloko harria berdinduta. Tentsio hura baretzearen ondorioak izango ziren, agian, ezta?
Bai, bai. Adituek gauza asko esaten dituzte, baina oso jende gutxik egin ditu entrenamenduak 300 kiloko harriarekin, eta ibili garenok bakarrik dakigu zer gauza egin behar diren. Argi dago 300ekoa altxatzeko kilo asko mugitu behar direla aurretik pisuekin, eta horrekin egurra ematen zaio gorputzari. Arazoak dauzkat gerrialdean, eta normala da belaunek-eta ere sufritzea. Ezinezkoa da, gainera, etengabe puntuan egotea.
Leitza aukeratu duzu, berriz ere, saioa egiteko. Etxe ondoan, ingurukoekin... Urduritasunari neurria hartzeko taktikak dira horiek, ezta?
Azaroaren 25ean eta otsailaren 10ean ere bertan egin nuen ahalegina, eta neurria hartuta nago jada. Baina erosotasunagatik da gehiago. Marka ahaleginaren egunean plazara joan, eta, urduritasunagatik, litekeena da etxean zerbait ahaztuta geratzea. Dena bertatik bertara daukat herrian, eta garrantzitsua da hori urduritasuna gehiegi ez areagotzeko.
Zein entrenamendu mota egin duzu azken hilabeteotan gerrialdeko hernia horri aurre egiteko?
Min ezaguna daukat. Badakit harri handiekin entrenamendua egiten dudanean gau partean batera eta bestera bueltaka hastean ziztadak izango ditudala. Entrenamenduan harria berdintzeko garaian gorputza zenbat behartzen dudan, horren araberakoa izaten da gaueko mina. Baina ez dago formula berezirik. Astearteetan osteopata, ostegunetan masajea, eta, egunero, zutik nagoenean, luzaketak. Horrez gain, ur asko edaten dut. Pisuekin kilo asko mugituta ere gerria gehiegi ez egurtzeko modua aurkitu dut, eta horrela ibiltzen naiz. 'Atsedena behar du gorputzak', esaten du horrelakoetan masajistak, baina ez, ez; ez dago atsedenik.
Elur giroa zen otsailaren 10ean, baina dagoeneko berotzen hasita dago giroa. Zer eragin izan dezake horrek?
Marka ahaleginaren egunean zer giro dagoen ikustea da garrantzitsuena. Aldaketa dator astebururako; freskatu egingo duela ematen du. Baina aspalditik nabil astebururo harri handiari helduz; beroa, hotza, euria, lehorra... denetik egin du, eta egoera guztietara egokitu behar izan dut. Hala ere, horrelako lan bati heltzeko, hobea da giro hotza; begira dagoenak gaizki pasatuko du, agian, baina, gorputza ondo berotuta, salto on batzuk emanda, izerditan hasi eta indar kolpe baterako, gorputzak txispa gehiago izaten du giro hotzarekin. Bero zakarrarekin, txispa gutxiago izateaz gain, hezetasuna pilatzen da, izerdi asko ateratzen da, eta txalekoa pixka bat bustiz gero, bularraldean harriak irrist egiteko arriskua egoten da.
Egutegi aldetik, beraz, askoz gehiago ezin zen atzeratu ahalegina.
Ez, ez. Kontu horri ez diot buelta askorik eman nahi, badakidalako igandekoa izango dela azken ahalegina. Aurrekoetan, pixka bat lasaitzeko, neure buruari esaten nion asteburu horretan huts eginez gero bizpahiru astera helduko niola, berriz ere, harriari. Baina kasu honetan, ez; kasu honetan, igandekoak bakarrik balio du. Ez dut horretan pentsatu ere egin nahi, baina harria berdintzea lortuko ez banu, udako erakustaldien martxa hasita dago, eta ezingo nuke egin beste ahaleginik.
Otsailaren 10ean 300 kilokoa berdinduta, berehala heldu zenion 303koari. Noiz sentitu zenuen harri hori menderatu samar zeneukala?
Harria goialdean ibili den entrenamendu errenkada bat dagoenean, hiru kolpe eman eta batean edo bestean berdindutakoan, orduan esan daiteke egoera nahiko kontrolpean dagoela. Baina gaur harria berdindu eta hurrengoan deskalabru handiren bat eginez gero, ezegonkor zauden seinale izaten da. Etxeko lanak markatzen du plazara noiz atera.
«Pare bat astean geldi egon beharreko garaia iritsiko da laster, baina, ahal den neurrian, luzatzen ari naiz garai on hau». Zure hitzak dira, 300 kilokoa berdindu ondorengoak.
Eduki dut, eduki dut berriz ere behe-behetik hasi beharko ote nuen susmoa, ez pentsa! Txakalaldi horretan gerrialdea hazita eduki nuen, eta... Astelehenetik asteazkenera pisuekin ibiltzen naiz egurrean, eta gogoan daukat asteazkeneko entrenamendu batean oso minbera eta hazita neukala inguru guztia. Masajistak ere ezin zuen egin lan askorik, ahaleginaren eguna gertu neukalako, eta hamabost bat egunean geldi egon beharko ote nuen zalantzan egon nintzen. Baina ez. Kaskagorra naiz, eta gelditu gabe lortu dut gorputza bere onera ekartzea.
Zuk dakizu ondoen zenbateko sakrifizioa eskatzen duen bizimodu honek. Noiz arte iraun daiteke horrela?
Nik bakarrik dakit iazko udan zenbat sufritu nuen. Gimnasioan ezin nuen altxatu 200 kilokoa, eta buruak lan handia egiten du horrelakoetan; gogorra izan zen, eta gerrialdeko minarekin buruko txipa aldatu behar izan dut. Oso argi daukat, hala ere, bide honi eusteko gai naizela oraindik. Erakustaldien kontuari beste modu batera heldu beharko diogu; gozatuz, xuabe ibiliz. Daukadan adinarekin eta nagoen momentuan, aste hasieran gorputzari egurra emanez eta asteburuetan harri handiei helduz jarraituko dut. Noiz arte? Pisuekin bete-betean saiatuta hobekuntzarik nabaritzen ez dudan arte. Hor egongo da muga. Pare bat urte gehiago? Hiru? Lau? Bat? Auskalo.
Anaiak ikasiko zuen, honezkero, bost minutuak pasatu arte ezin zaituela besarkatu, ezta?
[Barrez] Ikasita ere, momentuan egon behar da hor, eta... Guk bakarrik dakigu entrenatzen nola ibili garen. Gertatu izan da harria gerritik gora eraman, balantza egin, oreka galdu eta harriari ondokoak lagunduta eustea. Polita izaten da dena ondo irteten denean, baina momentu gogor asko egoten dira ahalegin bakoitzaren atzean. Anaia hunkitu egin zen orduan, eta ez harritu igande honetan antzekoa gertatzen bada!
Inaxio Perurena. Harri-jasotzailea
«Momentu gogor asko egoten dira ahalegin bakoitzaren atzean»
Lau hilabeteko lana, lau hilabeteko gorabeherak, lau hilabeteko ilusioak eta ezinak, bost minutuan jokoan. Otsailaren 10ean 300 kilokoa berdindu zuenetik nahi baino gorabehera gehiago izan ondoren, Inaxio Perurenak 303koari helduko dio bihar, Leitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu