«Molde ezberdinekoak dira»

Realak eta Alavesek gaur jokatuko duten derbian Alex Remiro eta Fernando Pacheco izango dira bi taldeetako atezainak, hurrenez hurren. Haien jarduna aztertu du Juanjo Valencia teknikariak.

Fernando Pacheco Alavesen kapitainaren besokoarekin. RAUL BOGAJO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Astea joan, astea etorri, norbere taldearen hamaikakoan izan ohi dira Alex Remiro (Cascante, Nafarroa, 1995) etaFernando Pacheco (Obando, Espainia, 1992) atezainak. Biek pixkanaka lortu dute Realaren eta Alavesen atepean ezartzea, baina, egun, haiek dira beren taldeen zaindari nagusiak.

Haien jardunari gertutik erreparatzen dio Juanjo Valencia (Donostia, 1971) atezain ohi eta egun teknikari denak. Valenciaren esanetan, «atezain onak» dira Pacheco eta Remiro, «molde ezberdinekoak» izanagatik. Orain arteko ibilbidea da bien arteko bereizgarri nagusia: «Pachecok urteak daramatza Alaveseko atean, eta jada utzi du arrasto bat taldean. Remiro, berriz, orain ari da bide hori egiten».

Alavesekoa ondo egonkortua dago arabarren atean. Ez alferrik, Pachecok zazpigarren sasoia du Gasteizen, eta Remirok bigarrena du Donostian. Valenciaren esanetan, Remirok «zalantzati» ekin zion Realeko aldiari, baina pixkanaka hartu dio neurria Anoetako ateari. Joan zen ostegunean Manchester Uniteden aurka jokatutakoa jarri du adibide Valenciak:«Jokaldi jakin batzuk kenduta, ondo aritu zen».

Aldiz, Pacheco «oso bat» hautematen du egun Eivissan (Herrialde Katalanak) teknikari lanetan ari den donostiarrak: «Eginagoa dago. Lehen Mailan badu esperientzia bat, eta alderdi teknikoan ere ondo moldatzen da».

Remirorengan «ilusioa handia» daukate ezarrita Realaren jirakoek, eta hori ez da harritzekoa, Valenciaren esanetan: «Etorkizunera begirako atezaina da, nahiz dagoeneko bere maila ona agerian utzi duen». Horren adibide gisa aipatu ditu zenbait ezaugarri; tartean, oinekin jokatzeko duen gaitasuna: «Realaren jokoa antolatzeko orduan badu garrantzi bat; baloia atzetik ateratzerako orduan, bereziki. Esango nuke hori dela haren indargune nagusia».

Valenciak beste batzuk ere ekarri ditu hizpidera. Esaterako, haren gorpuzkerak «segurtasuna eta patxada» eskaintzen dituela dio. Aldiz, aireko jokoan eta defentsako jardunean zer hobetua ikusten dio Valenciak, nahiz eta hori egun egiten ari den bilakaeraren barruan kokatzen duen: «Denbora behar da horretarako,eta urte asko ditu aurretik oraindik».

Bide hori egina du Pachecok, eta Alavesen ikurretako bat da: «Klubari ondo atxikia dago, eta horrek lasaitasuna ematen dio taldeari. Berme bat da, bai taldekideentzat, baita zaleentzat ere». Arlo teknikoari dagokionez, ondorengoa nabarmendu du: «Atepean ondo eta buruz burukoan bereziki ondo moldatzen den atezain bat da».

«Ez daude bi atezain berdin», eta horren adibide dira Pacheco eta Remiro. Haatik, norbere taldeetan gako dira biak, atezain postuak bai baitu ezaugarri hori, berez. Iritzi horrekin bat dator Valencia; Athleticeko jokalari ohiak azaldu du futbolaren bilakaerak berak beste rol bat jokatzera behartu dituela atezainak: «Pieza garrantzitsua da egungo futbolean. Lehen, defentsako lanera mugatzen zen, eta, orain, joko orokorrean du zeresana, baita erasokoan ere».

Joko estiloen eragina

Talde bakoitzaren «metodologiak» atezainei aritzeko modu bat edo beste ezartzen die, eta Realak eta Alavesek badute aldea horretan. Valenciaren arabera, arlo taktikoa lantzen da horietan, eta Realaren atezainak garrantzi handiagoa du halakoetan.

Talde bakoitzaren aldarteak ere eragina izan du biek jaso dituzten golen kopuruan; 23 partida jokatu dituzte Pachecok eta Remirok: 34 jaso ditu lehenak, eta 20 bigarrenak. Bien arteko ezberdintasunak are nabarmenagoak dira ibilbideari dagokionez. Real Madriletik aterata, Pachecok zuzenean hartu zuen Alavesen ostatu. Athleticetik Levantera eta Huescara utzita joan zen Remiro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.