Joseba Otaegi

Molde berrira egokitzen

Aizkoran etenaldi bat egin, eta arraunean hasi berri da Joseba Otaegi. Lehen arraunkadak «modu naturalean» eman dituela dio.

JON ANDER DE LA HOZ.
Jon Ander De la Hoz.
Getaria
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Herri kirolek ez dute beste diziplina batzuen oihartzuna, baina izerdiak balio eta esfortzu bera izaten du atzean. Aizkoran izerdi asko botatakoa da Joseba Otaegi (Zizurkil, Gipuzkoa, 1983), eta herri kirolen jarraitzaileak badaki bere kirol ibilbidearen berri. Aizkoran, goian aritu da azkeneko urteetan, eta badu izena herri kirolzaleen artean. Aurrerantzean, baina, aizkoran atseden bat hartu eta beste kirol bati zabaldu dio atea Otaegik: Getariako (Gipuzkoa) Arraun Elkarteko traineruan aritzeko eman du izena.

«Gauza batek bestea ekarrita» ekin dio arrauneko ibilbideari, Otaegik azaldu duenez: «Aizkorarekin gose apur bat galdu nuen, eta Getariara bizitzera joateak eragin handia izan du. Ez dut aizkora utzi arraunean hasteko; behin utzita, kirola egiten segitu nahi nuen, baina aizkoran maila horretara iritsita ezin zen zaletasun moduan hartu».

«Bizitzako beste etapa bat» hasi duela esan du Otaegik. Zizurkildarraren arabera, «kosta» egiten da halako erabaki bat hartzea: «Garaia iritsi zen. Ez dut esango inoiz gehiago ez naizenik aizkoran arituko, baina jadanik ez ninduen asetzen. Iritsi zen momentu bat etxean entrenatzen gehiago gozatzen nuena plazan baino, eta hortik etorri da erabakia».

Azken urteetan onenen multzoan aritu da, eta zenbait emaitza azpimarragarri eskuratu ditu; tartean, Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako bigarren postua, 2016an. Alabaina, oraintsu arte aritu da lehian zizurkildarra. Irailean izan zuen puntako azken jarduna herri kiroletan; Azpeitian (Gipuzkoa) jokatutako pentatloi txapelketan parte hartu zuen, eta oso ondo aritu zen. Gertu izan zuen garaipena, baina bigarren postuarekin etxeratu zen azkenean.

Herri kirolen aldiari etena emanda, gogotsu ekin dio arrauneko ibiliari: «Getariara etorrita, beste ikuspuntu batetik ezagutu dut arrauna. Orain artean, iraileko kontu bat zen guretzat arrauna, Kontxagatik. Hemen nola bizi duten ikustea beste kontu bat da».

Arlo pertsonalagoan ere ikusi du aldea: «Kirolari gisa, orain artean bakarka arituta, noraezean bezala sentitu izan naiz. Prestatzailea, medikua... Horiek guztiak norberak eraman behar ditu. Ondo zabiltzanean, oso polita da, eta egiten da aurrera, baina bilakaera eteten denean ez da erraza izaten. Ondo egituratutako klub batean, berriz, norberak bere kirol esfortzua soilik jarri behar du, eta horrek ere indar handia izan du erabakia hartzeko garaian».

Azaroaren 4an hasi ziren Getariako arraunlariak entrenatzen datorren sasoiari begira; haien artean zen Otaegi, eta azaldu du «askoz arinagoa» dela taldean entrenatzea: «Mundu berri bat da. Entrenatzeko gauza batzuk ez dira asko aldatzen, baina teknikoki bai. Erresistentzia aldetik badute antza aizkorak eta arraunak; hogei minutu bizi-bizitan aritzen zara lanabes bat erabilita, baina teknikoki ezberdinak dira».

Ura, «ezberdina»

Urte sasoi honetan uretako lehen entrenamenduak egiten ari dira traineruak, eta jardun horretan ari da Getariako Esperantza ontzia ere. Itsasoan aritzea zerbait berria izan da Otaegirentzat. Zizurkildarrak esan du «bertigo pixka bat» sentitu zuela lehendabiziko aldian: «Sentsazio ezberdin samarra da, baina erronkak gustatzen zaizkit, eta badut neure buruarengan konfiantza, eta pixkanaka ikasiko dudan esperantza».

Urruti da uda, eta ordura arte prestatzen ariko dira arraunlariak. Alabaina, bidea egiten ari da Otaegi: «Esperientzia berri bat da. Kirolari garen heinean, pixkanaka sortuko da lehiarako grina. Orain sentitzen dudana da taldeak asko laguntzen nauela. Ikasteko gogo handia dut».

Gehien zerk harritu duen galdetuta, Otaegik «arrauna bizitzeko era» ekarri du hizpidera. «Ez nuen pentsatzen horrenbeste jendek kasu egiten zionik; Getariako batentzat aizkora ezezaguna izan daitekeen bezala, arrauna da ezberdina zizurkildar batentzat».

Kirolari berari dagokionez, berriz, azaldu du aizkoratik bereizten dena «herrien arteko lehia» dela: «Bakoitzak bere herria nola sentitzen duen. Getariaren kasuan, harritu nau ia 3.000 biztanleko herri bat izanda hemeretzi laguneko taldea nola osatu duten. Zaletasun handia dagoela esan nahi du horrek».

Iaz hirugarren izan zen Getariako trainerua KAE 1 ligan, eta gertutik erreparatu zion horri Zizurkilgo kirolariak: «Herri eta familia arraunzale batean egonda, azaroa iritsi aurretik ere ari nintzen kasu egiten, eta zenbat eta gertuago izan, orduan eta gehiago gustatu zait».

Ikusteko dago aurten zer emango duen traineru denboraldiak getariarrentzat. Haiei erreparatu aurretik, ordea, bere helburua ezarria du Otaegik: «Irailean orain baino hobea izan nahi dut». Lana du hori lortzeko bide, eta etenik gabe ari da prestaketa lanetan. Izerdia botatzea zer den ondo daki Otaegik, eta modu batean baino gehiagotan, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.