Zurrumurruak baieztatu dira. Iñigo Martinezek Athletic uztea erabaki du. Ondarroako atzelariari hil honen amaieran amaituko zitzaion kontratua zuri-gorriekin, eta ez du berritu. Sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez eman zuen atzo bere erabakiaren berri, eta hasieran amaiera polit bat zirudiena ilundu egin zen orduak aurrera joan ahala. Izan ere, haren komunikazio agentziak zabaldutako mezu batean, ukatu egin zuen Ondarroako atzelariak Jon Uriarte buru duen zuzendaritzak eskaintzarik egin diola kontratua berritzeko. Uriartek ostiralean egingo du agerraldia, Mikel Gonzalez kirol zuzendariarekin eta Jon Berasategi zuzendari nagusiarekin batera, denboraldiaren balantzea egiteko. Ikusi beharko da hor nolako erantzuna ematen duen.
Iñigo Martinez 2018ko urtarrilean iritsi zen Athleticera, Realetik, neguko merkatuko azken-aurreko egunean, Aymeric Laportek utzitako lekua betetzeko. Izan ere, Laporte Manchester Cityra joan zen. Bizkaitarrek 32 milioi euroko etete klausula ordaindu zuten, eta klubaren historiako fitxaketarik garestiena da. Sei denboraldi hauetan, Espainiako Superkopa bat irabazi du zuri-gorriekin. Guztira 177 neurketa jokatu ditu, eta sei gol sartu. Iaztik Bartzelonarekin lotu dute askok, baina oraingoz ez du argitu non jokatuko duen datorren sasoian.
Bideoan azaldu zuen zergatik utziko duen Athletic: «Hau izan da nire azken denboraldia Athleticen. Uste dut beste kirol erronka bati aurre egiteko garaia dela; hala sentitzen dut». Taldekideak, klubeko langileak, eta zaleak izan ditu gogoan agur mezuan: «Iritsi nintzenetik, etxean bezala sentiarazi nauzue, zuetako bat bezala. Plazer handia izan da armarri hau defendatzea; dena eman dut zelaian horrengatik».Horrekin batera nabarmendu zuen ez dela erraza izan «bere eta bere familiaren sustraiak» uztea.
Athleticek handik minutu gutxira atera zuen oharra. Bertan zioen kontratua berritzeko saiakerak egin dituztela, baina Martinezek berak erabaki duela kluba uztea: «Azken bi denboraldietan hainbat negoziazio saiakera egin ondoren, Iñigo Martinezek klubaren eskaintzari uko egin dio kontratua luzatzeko».
Horrekin batera, Athleticek eskerrak eman zizkion Ondarroako atzelariari, eta zortea ere opa bere etorkizuneko ibilbide profesionalean. «Biziki eskertzen dugu urte hauetan guztietan erakundearen interesen alde egindako ekarpena eta erakutsitako dedikazioa», adierazi zuen klubak adierazpen ofizialean.
Ohikoa den bezala, Athleticek txio baten bidez zabaldu zuen adierazpen ofiziala klubaren Twitterreko kontuetan. Gaztelerazko kontuan zabaldutako txio horretan Martinezen aurkako irainekin erantzun zuten zale batzuek, eta klubak berehala salatu behar izan zituen jarrera horiek gazteleraz idatzitako beste txio batekin: «Mesedez, errespetu faltek eta irainek ez dute lekurik Athleticen. Eskerrak eman nahi dizkiogu Iñigo Martinezi gure armarria defendatzeagatik».
Hiru ordu geroago etorri zen Iñigo Martinezen erantzuna klubaren lehen oharrari. Atzelariaren komunikazio agentziak zabaldutako ohar baten bidez izan zen. «Harriduraz hartu dugu klubaren oharra. Ukatu egin nahi dugu zuzendaritza honek eskaintzarik egin diola jokalariari. Ezta negoziazioa aurreko zuzendaritzarekin geratu zen puntutik abiatuta ere». Hala, argi dio: «Jokalariak ez dio inoiz klubaren eskaintza bati uko egin, ez delako eskaintzarik egon... Gure ustez, hau erantzukizuna bere gain ez hartzeko ekintza zantar bat da. Iñigok sekula ez dio kalterik egin nahi izan klubari».
Zarraga, Capa eta Iru ere ez
Horrez gain, Athleticek ere atzo jakinarazi zuen Ander Capak, Oier Zarragak eta Ander Iruk ere ez dutela taldean jarraituko. Zarragaren kasuan, klubaren oharrak dio ez direla ados jarri kontratua berritzeko orduan. Capari dagokionez, klubak aukera zuen iaz berritutako kontratua sasoi batean uzteko, eta hala egin du. Iru hirugarren atezaina izan da.
Mokoka amaitu dute bidea
Iñigo Martinezek Athletic uztea erabaki du. Klubak dio jokalariak uko egin diola kontratua luzatzeko eskaintzari, baina haren komunikazio agentziak ukatu egin du eskaintza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu