«Modernizatu beharra daukagu»

Igor Gonzalez de Galdeano managerrak adierazi du Euskaltelen proiektu berriak «orain arteko filosofiari eutsiko» diolaTalde berriak 29 txirrindulari izango ditu, atzerritik fitxatutako bederatzi tartean

Igor Gonzalez de Galdeano, Euskaltel-Euskadiko managerra, atzo, Euskaltelek Derion daukan egoitzan, azalpenak ematen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Derio
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
«World Tourreko taldea izatea da proiektu honen helburu nagusia, horrek ahalbidetuko digulako lasterketarik onenetan aritzea». Argi hitz egin zuen atzo Igor Gonzalez de Galdeano Euskalteleko managerrak datorren denboraldirako taldearen aurkezpenean, Derion (Bizkaia). «Hainbeste arrakasta lortu duen filosofiari eutsita, proiektu bideragarri egin nahi dugu. Bide horretan, modernizatu beharra daukagu». Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) puntuazio sistema berriari segika, atzerriko bederatzi txirrindulari fitxatzea izan da «modernizatze» horren ondorioa. «Baina argi daukat herri baten proiektua garela oraindik, Euskal Herriko babesleekin, Euskal Herriko taldeburuekin, eta harrobiko lanarekin».

«Samuel Sanchez, Mikel Nieve eta Igor Anton izango dira taldeburuak». Galdeanok goi-goian jarri zuen hiruko hori. Eta taldean jarraituko duten hamabost txirindulariei Jon Aberasturi eta Garikoitz Bravo gehitu zizkien gero. Amaierarako utzi zuen bederatzi atzerritarren zerrenda: Juan Jose Lobato, Tarik Chaufi, Jure Kocjan, Ricardo Mestre, Steffen Radochla, Andre Schulze, Alexander Serebriakov, Ioannis Tamuridis eta Robert Vrecer. Denera, 29 txirrindulari .

«Puntu sonatuez gain, estrategia bati erantzuten diote fitxaketa horiek», azaldu zuen managerrak. «Taldeak klasikoetan eta esprintetan zeuzkan ezinei erantzungo diete fitxatu berriek. Ahulak gara bi alor horietan, eta puntu asko galtzen ari gara». Arabarrak azpimarratu zuenUCIren arautegi berriak behartzen dituela «atzerritarrak fitxatzera». «Talde irabazleagoa behar dugu». Hori bai, taldeburuak bakarrik ez, taldean langileak ere badaudela gogorarazi zuen Gonzalez de Galdeanok. «Ez da egia egungo txirrindularitzan taldearen alde lanean aritzen diren txirrindulariek ez daukatela lekurik. Alboratu dezagun fantasma hori. Gezur asko esan dira horren inguruan».

UCIk azaroaren 1ean jakinaraziko du, beranduenez, zein talde ariko diren World Tourrean. «Euren esku dago erabakia, baina uste dut barruan egongo garela; gure esku zegoen guztia egin dugu. Hori bai, orain jada ez da nahikoa merezi izatea; izan egin behar da World Tourreko taldea». Azkenera arte ezkutuan ibili dira taldeak. «Gainerakoek zein txirrindulari fitxatu ditugun jakin ez zezaten». Argos-Shimanok hiru fitxaketa egin ditu amaieran; Ag2r-k, bi... «Eta, urtez urte, gero eta zailagoa izango da World Tourrean aritzea». Galdeanok ez luke ulertuko «bigarren mailan eroso sentitzea eta bertan goxo egitea».

UCIren sistema aldaketaren eraginez, «harrobiko lanaren inguruko hausnarketa sakona» ere egin duela aitortu zuen atzo Euskalteleko managerrak. «Atzerritarrak bai, atzerritarrak ez; filosofia aldaketa bai, ez... Horrelakoetan, autokritika egitea ahazten zaigu. World Tourreko taldea izan nahi badugu, muturreraino eraman behar dugu harrobiko lana, eta ardura hori ez dago proiektu honen esku bakarrik». Gasteiztarrak «ahalegina» eskatu zien denei harrobiaren aldeko lanean. «Etorkizunean proiektu honek euskal txirrindulariak soilik izatea nahi badugu, bide berean arraun egin behar dugu denok».

Egutegia, %30 zabalagoa

Gorka Gerrikagoitia, Alvaro Gonzalez de Galdeano, Iñaki Isasi eta Oscar Guerrero izango dira lau kirol zuzendariak, eta, tarteka, Igor Gonzalez de Galdeano bera ere ariko da lan horretan. «%30 haziko zaigu egutegia, eta txirrindularitza berri horretara egokitu beharra daukagu. Gure txirrindulariak lehiakorragoak izan daitezen lortu behar dugu». Sergio Quilez bizkaitarra eta Eduardo Gonzalez Salvador arabarra izango dira medikuak. «Eta prestaketa fisikoa ere arreta handiz zainduko dugu. Txirrindulariek eliteko kirolari izan beharko dute, ez txirrindulari bakarrik». Lan horretarako «munduko erreferentzietako baten bila» ari da Euskaltel. «Eta laster lortuko dugu». Alex Diaz ere ariko da lan horretan. Garapenari eta berrikuntzari ere indarra eman nahi dio proiektuak. «Ingurukoek nola lan egiten duten begira egon gabe, guk, gure inguruko enpresekin, geure lan egiteko eredua eduki dezagun».

Harrobiaren lanean «Euskadi Fundazioarekin elkarlanean» jarraitu nahi du Galdeanok. «Baina proiektua ireki egin nahi dugu». Atzoko aurkezpenean izan zen Miguel Madariaga Euskadi Fundazioko presidentea ere. «Euskaltelek Fundazioa behar du, nahitaez, eta Fundazioak Euskaltel ere bai», aitortu zuen. Amets Txurrukak eta Iban Belaskok taldean ez jarraitzearen inguruan ere hitz egin zuen. «Proiektu berriko arduradunek hartu dute erabakia eta nik ezin dut ezer esan. Bi txirrindulari handi dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.