Migratzaileak

Mo Farahren benetako historia: pertsonen salerosketako sare baten biktima izan zen 9 urte zituela

Txapeldun olinpikoa izandako korrikalaria da Farah; jaso zuen emakumeak lan egitera behartu zuen, eta ez zuen eskolara eraman 12 urte zituen arte. Dokumental batean kontatu du.

Mo Farah, 2020. urtean, Londresko maratoian. JOHN SIBLEY / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko uztailaren 12a
12:21
Entzun

«Egia esan, ez naiz zuk uste duzuna. Nire izena Hussein Abdi Kahin da; Erresuma Batura beste ume baten izenarekin ekarri ninduten, ilegalki». Mohamed Farah Mo-ren aitortza da, BBCk argitaratu berri duen The Real Mo Farah (Benetako Mo Farah) dokumentalean egindakoa. Somalilandian jaio zen korrikalari horrek joan den astean iragarri zuen erretiroa hartuko zuela, 39 urterekin, ibilbide bikain baten ostean: Olinpiar Jokoetan urrezko lau domina irabazi ditu, munduko txapelketetan sei, eta Europako txapelketetan bost. 5.000 eta 10.000 metroko lasterketetan izan da espezialista.

Haren bizitzan, ordea, dena ez da urre kolorekoa izan. Orain aitortu du hori Farahk. 9 urte baino ez zituela, pertsonen salerosketan jarduten zen sare batek Somaliatik Erresuma Batura eraman zuen. Han, emakume batek jaso zuen, eta etxeko langile gisa lan egitera behartu. Besteak beste, beste familia baten haurrak zaintzen zituen. Djibutitik hegazkinean eraman zutenean jarri zioten Mohamed Farah izena –izatez, Hussein Abdi Kahin da–: «Hainbat urtez, ez ikusiarena egin dut, baina ezin duzu betirako hori egin», dio BBCren dokumentalean.

Gezurrezko errefuxiatua

Aurrez, Farahk esaten zuen errefuxiatu gisa iritsi zela Erresuma Batura, gurasoekin. Orain, ordea, aitortu du bere senideak ez direla sekula egon Erresuma Batuan: ama eta bi anaiak etxalde batean bizi dira, Somalilandian. Estatu horrek independentzia aldarrikatu zuen 1991. urtean, eta Somaliatik bereizi zen, baina atzerriko inongo gobernuk ez du onartu. Korrikalariaren aita 1987. urtean hil zuten, tiroz, Somaliako gerra zibilean.

Farah 9 urterekin atera zuten etxetik, Djibutin; emakume batek esan zion senide batzuengana eramango zuela Erresuma Batura. «Ilusio handia egiten zidan horrek», aitortzen du dokumentalean. Gezurra zen, ordea: emakumeak bere etxera eraman zuen, Hounslowra, Londres mendebaldera, eta Farahren senideen datuak zituen papera hautsi zuen: «Esan zidan noizbait nire familia ikusi nahi banuen isilik egon behar nuela, eta lan egin».

12 urte bete arte, ez zuen eskolara eraman. Garai hartan izan zuen tutorea dokumentalean ageri da. Azaldu du «narras eta zaindu gabe» iritsi zela Farah ikastetxera, ingelesez gutxi zekiela, eta «emozionalki eta kulturalki alienatua» zegoela. Kiroletan, ordea, bikaina zen; horrek balio izan zion egoera hartatik ihes egiteko, kirol heziketako irakaslearen laguntzaz. Hark lagundu zion gizarte zerbitzuetara deitu eta jasoko zuen beste familia bat lortzen –haiek somaliarrak ziren–: «Nire familiaren falta sumatzen nuen orduan ere, baina dena hobera zihoan», kontatu du korrikalariak.

Zorteduna

2000. urteko ekainean lortu zuen Erresuma Batuko herritartasuna, eta nazioartean lehiatzen hasi zen.

Farahk azaldu duenez, gizarteak esklabotzaren eta pertsonen salerosketaren inguruan duen irudian eragitea du helburu: «Ez nekien horrenbeste jendek bizi izan zuenik nik bizi izandako gauza bera». Sekulako zortea izan zuela gehitu du: «Salbatu ninduena, ezberdin egin ninduena, korrika egin ahal izatea izan zen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.