Dallas taldeko jokalaria

Asier Illarramendi: «AEBetako liga asko ari da hazten, baina oraindik salto handia du egiteko»

Futbolari baten eguneroko bizitza antzekoa bada ere Gipuzkoan eta Texasen, aldaketa handia sumatu du Illarramendik AEBetan denetik, familiaren eta lagunen faltagatik batez ere.

ASIER ILLARRAMENDI
Asier Illarramendi, MLS ligako partida batean. FC DALLAS.
inaut matauko rada
2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Urtebete beteko da Asier Illarramendik (Mutriku, Gipuzkoa, 1990) Realari agur esan zionetik. Unea zaila izan zela adierazi badu ere, ez da damutzen, eta esperientzia berriaz gozatzen ari dela nabarmendu du, nahiz eta uste duen MLS AEBetako liga nagusiak baduela oraindik zer hobetua.

Ia urtebete daramazu Texasen; ondo moldatu zara inguru eta talde berrira?

Bai, dudarik gabe. Etorri ginenean, andrea eta biok ez ginen ondo moldatzen ingelesez, baina Texasen nahiko latino daude, eta taldean ere badut gazteleraz dakien jendea; horregatik, egokitzapena oso erraza izan zen. Gainera, hirian bertan bizi gara, eta entrenatzeko zelaia ordu erdira dut iparraldera. Eraikin batean bizi gara, eta bizilagunak ere adiskide egin ditugu.

Liga berezia da MLS, formatu ezberdina baitu. Zer ezberdintasun nagusi nabaritu dituzu?

Uste dut alde handia dagoela Espainiako Ligaren eta MLSren artean. MLS pribatua da, eta hemen ez dago ez igoerarik ez jaitsierarik; gehiago ibiltzen dira nola atera dirua, negozio aldetik nola mesede egin taldeari edo jabeari. Europan, klubek ezberdin funtzionatzen dute, inportantzia handiagoa ematen diote kirolaren alorrari, eta hemen, agian ez. Hala ere, orain dabiltza kirol kontuei garrantzi handiagoa ematen, bi urte barru Munduko Kopa hemen jokatuko baita. Horregatik ari dira gero eta gehiago futbolaren alde dena ematen. Baina, hala ere, oraindik alde handia dago, maila aldetik eta zainketa eta prestaketa aldetik.

Fisikoki eta teknikoki ere ezberdinak al dira?

Ez horrenbeste, taktikoki batez ere. Talde bakoitzak zortzi toki ditu kanpoko jokalarientzat, eta jokalari gehienak hemen hazitakoak dira. Hemen, futbolak ez du horrelako formakuntzarik Latinoamerikarekin edo Europarekin alderatuta; AEBetan bosgarren, seigarren edo zazpigarren kirola izan daiteke, eta ez dute jaso guk jaso dugun formakuntza.

Jokalari asko ari dira joaten Europatik MLSra. Zergatik dela uste duzu?

Esperientzia berri bat da; esan dudan bezala, futbol mailan zer hobetu handia dago oraindik, eta kirolak ez du horrenbesteko garrantzia ere, baina beste herrialde bat da, eta uste dut horregatik etortzen garela.

Liga indartzen ari da?

Bai, duela urte batzuk maila txarragoa zuelako. Orain, urtez urte haziz doa, jokalari berriak etortzen dira, Europatik asko, eta formakuntzan ere lan gehiago ari da egiten. Gainera, bertakoek ilusio handiagoa dute futbolarekin, Munduko Kopa laster egingo delako. Liga asko ari da hazten, baina oraindik salto handia du egiteko.

Asko aldatzen al da futbolari baten bizitza Euskal Herritik AEBetara?

Asko aldatzen da, batez ere familia urruti daukagulako, betiko lagunak urruti ditugulako, baina, azkenean, egunerokoan zure bizitza egiten duzu, eta beti duzu tarteren bat familiarekin eta lagunekin egoteko. Gure eguneroko bizitza asko ere ez da aldatu: futbolera dedikatzen gara, eta horretan ibiltzen gara buru-belarri. Baina gustura gaude: lagun berriak egin ditugu, haiekin pasatzen dugu denbora, eta bizitzako esperientzia berri bat bezala disfrutatzen ari gara.

«Gustura gaude: lagun berriak egin ditugu, haiekin pasatzen dugu denbora, eta bizitzako esperientzia berri bat bezala disfrutatzen ari gara»

Kalean ezagutzen zaituzte?

Hori batere ez. Alde handiena hor dago. Hemen, kalera irten, eta inork ez daki futbolaria zarenik edo Dallas taldean ari zarenik. Esan bezala, futbola hemen ez da oso inportantea, eta, nahiz eta bertakoek gero eta interes handiagoa duten futbolean, gehiago dira latinoak kalean ezagutzen zaituztenak. Baina oso gutxi dira.

Nola oroitzen duzu Realari agur esateko unea?

Ez zen erabaki erraza izan; hilabete batzuk atzera eginda, buruan bueltaka nuen azken urtea izan zitekeela, eta, partidak aurrera joan ahala, erabakia gero eta garbiago nuen. Urteak atzera eginda, beti pentsatu izan dut ea nola izango zen Realari agurra esatea, txikitatik bertan egonda ez baita erraza agur esatea. Gainera, ez bakarrik klubari: lagunei, familiari... Baina gauzak ez dira betiko, eta, nahiz eta bertako egunerokoaren eta gertukoen falta sumatu, ordua iritsi zen, eta uste dut erabaki ona hartu nuela. Pozik nago bizitako guztiarekin. 11-12 urterekin Realean hasi nintzenean ez nuen pentsatzen hori guztia bizitzeko kapaz izango nintzenik, eta inoiz amestu izan dudan baino gehiago bizi izan dut.

Martin Zubimendi da zure oinordekoa, eta talde handien eskaintzak daudela zabaldu da. Zuk, bere garaian, joateko erabakia hartu zenuen; zer gomendatuko zenioke hari?

Gauzak asko aldatu dira ordutik hona; uste dut Reala beste maila batean dagoela orain, eta egia da Martinek izugarrizko maila erakutsi duela azken urteetan. Normala da Europako talde handiek arreta jartzea: erakutsi du zelako jokalaria den eta zertarako kapaz den, eta uste dut gai dela talde handi batean jokatzeko. Baina berak ikusi beharko du: bere erabakia da.

«Abenduan amaitzen dut kontratua, eta adin honetan urtetik urtera ikusi behar da. Saiatu behar dut dagoenarekin disfrutatzen, inoiz ez baitakizu zer pasatuko den»

Erreparatu al diozu Realaren jardunari denboraldi honetan?

Bai, nahiz eta niretzat ez diren ordurik onenak. Zazpi orduko ezberdintasuna daukagu, eta haiek nahiko berandu jokatzen dutenean ikusi ditzaket, han gaueko bederatziak direnean hemen eguerdia baita. Hala ere, ez da izan oso erraza, askotan haiek jokatzen dutenean ni entrenatzen bainago, baina nahiko partida ikusi ditut, eta denboraldi ederra egin dute. Bosgarren aldiz jarraian Europarako sailkatu dira, eta Espainiako Ligan hori ez da erraza. Espero dut haiekin gozatzen jarraitzea.

Datorren urtean San Mamesen izango da Europa ligako finala. Uste duzu horrekin motibatu daitezkeela jokalariak?

Motibaziorako, berdin du finala non izan. Uste dut Realak izan duen akats bakarra Europan izan duela; Reala kapaz da Europan urrutiago iristeko, baina une erabakigarrietan beti huts egin izan dugu. Hori dela eta, ez dut uste hurrengo urtean motibazioa finala non den izango denik, baizik eta hobetzen saiatzea.

Ba al duzu harremanik taldekide ohiren batekin?

Bai; urte asko eman dit egunero haiekin, eta askorekin egoten naiz berriketan. Egunero ere ez naiz hizketan ibiltzen, baina ez dira izan lankideak, lagun bihurtu dira, eta hori betiko da.

Erretiroan pentsatzen al duzu? Zenbat geratzen zaizula uste duzu?

Abenduan amaitzen dut kontratua, eta adin honetan urtetik urtera ikusi behar da. Saiatu behar dut dagoenarekin disfrutatzen, inoiz ez baitakizu zer pasatuko den. Begira David Silvari zer pasatu zitzaion: beste urtebete egongo zela pentsatzen zuen, baina lesio larri baten ondorioz laga egin behar izan zuen. Adin honekin, gauza bera pasa daiteke: lesio larri batekin, gaitza da buelta ematea egoerari. Badakit futbola lagatzeko ordua gero eta hurbilago dagoela, baina ez naiz ibiliko horretan pentsatzen; ailegatuko da ailegatu behar duenean.

Prestatzen ari zara erabaki horren ondoren datorren bizitzarako?

Bai; beti izan dut garbi nahiko nuela futbola lehen urtean alde batera utzi eta ikusi futbolerako gose hori dudan edo ez. Duela urte batzuk ez nuen uste futbolarekin zerikusirik duen ezer egin ahalko nuenik, baina orain pentsatzen dut agian aritu naitekeela horretan. Beraz, ikusi beharko da momentuan zer eskatzen didan gorputzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.