Mitxelena izango da Euskadiko Pilota Federazioko presidentea

Gaur egin dituzte hauteskundeak, eta Mitxelenak aldeko 47 boto jaso ditu; Olaetak, berriz, 30. Otsailaren 1ean hartuko du kargua Mitxelenak.

Joxe Mari Mitxelena, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Joxe Mari Mitxelena, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko urtarrilaren 25a
15:15
Entzun

Euskadiko Pilota Federazioak presidente berria izango du: Joxe Mari Mitxelena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1958). Gaur egin dituzte hauteskundeak, Abadiñon (Bizkaia), eta hura izan da boto gehien jaso duena: 47. Enaitz Olaeta beste hautagaiak, berriz, 30 boto eskuratu ditu. Otsailaren 1ean hartuko du kargua Mitxelenak, eta orduan hasiko du datozen lau urteetarako agintaldia, Gotzon Enbil ordezkatuta. Zortzi urte egin ditu karguan Enbilek.

Presidentetzarako bi hautagaiek dute eskarmentua, biak aritu baitira Enbilekin lanean: Mitxelena federazioko diruzaina izan da, eta Olaeta, ordezkari, Bizkaiko Federazioko presidente gisa. Bada, Mitxelena buru duen Pilota Zazpi Haizetara hautagaitza nagusitu da. 

Hurrengo agintaldirako helburuak hauek izango dira, Mitxelenak BERRIAri esandakoaren arabera: «Batetik, kluben kluba izan nahi dugu, eta klub baten gisan jardun. Asko hitz egiten da euskal selekzioaz eta pilota profesionalaz, baina klubik gabe hori guztia ez litzateke posible izango. Hori dela eta, klubak indartu, babestu eta lagundu nahi ditugu, eta haien kezkak entzun eta aurrera eraman. Bestetik, euskara indartu nahi dugu federazioaren esparru guztietan, guretzat pilota eta euskara bat direlako; kirol bakarra da gure herriaren hizkuntza eta izena daramatzana».

Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoaren ofizialtasuna onartu berritan hartuko du kargua Mitxelenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.