Mitoaren pare jartzeko zorian dago Van der Poel

Erik de Vlaeminckek zazpi bider irabazi zuen Munduko Ziklo-Kros Txapelketa, eta Van der Poel haren pare jar daiteke bihar, Lievinen (Frantzia) jokatuko den lasterketan. Beste garai batekoa zirudien marka berdintzeko aukera du herbeheretarrak.

Van der Poel eta Erik de Vlaeminck. MARCEL VAN HOORN / EFE - ROB MIEREMET (ANEFO) - BERRIA-K MOLDATUA
Van der Poel eta Erik de Vlaeminck. MARCEL VAN HOORN / EFE - ROB MIEREMET (ANEFO) - BERRIA-K MOLDATUA
enaut agirrebengoa
2025eko otsailaren 1a
05:05
Entzun

Lohia eta loria batera doaz Mathieu van der Poelentzat (Kapellen, Flandria, 1995). Ziklo-krosa bere egin du azken hamarkadan, eta historiako txapeldun handiek lokatzetan utzitako arrastoari jarraitu dio. Gizonen Munduko Txapelketei dagokienez, Erik de Vlaeminck da (Eeklo, Flandria, 1945 – Eeklo, 2015) modalitateko mito nagusia. Zazpi aldiz bereganatu zuen titulurik garrantzitsuena, 1966 eta 1973 artean. Inor ez da hurbildu marka horretara, harik eta Van der Poel ortzadar maillotak biltzen hasi den arte. 2015ean eskuratu zuen aurrenekoa, eta bihar aukera izango du zazpigarrenez janzteko. Txirrindularitzako markarik berezi eta harrigarrienetako bat berdinduko luke. Emakumeetan, berriz, Marianne Vos herbeheretarra zortzi aldiz izan da txapeldun.

Van der Poelek, hasieran, amodio eta gorroto harremana izan zuen Munduko Txapelketarekin. Ortzadarrak ihes egin zion lehen titulua bereganatu eta hurrengo hiru urteetan. De Vlaeminckek, ordea, ia jarraian lortu zituen guztiak. Euskal Herrian hasi zen flandriarraren urrezko aroa, Beasaingo zirkuitu lokaztuan. Van der Poelen gisara, hurrengo aldian ez zuen titulua berritzerik izan: bosgarren izan zen Zurichen (Suitza), matxura baten ondorioz. Hortik aurrera, baina, ez zuen huts egin, eta sei urtez igo zen jarraian podiumeko koska gorenera. Nagusitasun handia erakutsi zuen aldi gehienetan. 1970ean, ordea, behar baino lehenago hasi zen garaipena ospatzen, eta Albert van Damme herrikideak oso estu hartu zuen bukaeran.

Van der Poelek beste dimentsio mediatiko batera eraman du ziklo-krosa, Wout van Aertekin batera. De Vlaeminck, berriz, aitzindaria izan zen Belgikako selekzioarentzat, lehen urrezko dominak eman baitzizkion. 1966ra arte, bi domina baino ez zituen Belgikak, biak ere zilarrezkoak. Bidea urratu zuen De Vlaeminckek, hiru osagai uztartuta: indarra, abilezia eta adimena. Estratega bikaina zen, eta denek bere gurpilari jarraitzen ziotenez, etekina ateratzen zion markaketari: ildo gogorrena hautatu ohi zuen, hartara aurkariak gehiago nekarazteko.

Errepidea eta ziklo-krosa maisuki bateratzen ditu Van der Poelek. De Vlaeminck ere bi modalitate horietan aritu zen, eta emaitza txukunak lortu zituen errepidean: Frantziako Tourreko etapa bat irabazi zuen, baita Belgikako Itzulia ere. Era berean, podiumera igo zen Fleche Wallonne eta Gante-Wevelgem klasikoetan. Diziplina horretan, oso gainetik izan zuen Roger anaia –inoizko onenetako bat izan zen egun bakarreko probetan–. Lohi artean, ordea, hobe moldatu zen Erik.

Mamuak uxatu ezinik

Gailurrera bidean, bolada zailak izan ditu Van der Poelek. Beti faborito gisa aritu izan da Munduko Txapelketan, eta hasieran, presioak gainezka egin zion. Bada, De Vlaemincken ibilbidea dezente arantzatsuagoa izan zen. Ziklismoaz harago ere, lokatz artean ibili zen hura: anfetamina neurriz gain hartu zuen, eta, dopinagatik positibo sekula eman ez arren, menpekotasunak arazo handiak sortu zizkion. 1973an atxilotu egin zuten, botika preskripzioak faltsutzea eta auto istripu bat izan ostean alde egitea egotzita. Ondorioz, ezin izan zen lehiatu Berako Munduko Txapelketan. Hots, Euskal Herrian hasi eta bukatu zen flandriarraren erreinaldia.

Tragediak zipriztindutako bizitza izan zuen De Vlaeminckek. 1971n, Jean-Pierre Monsere tropelkide eta lagun mina galdu zuen, lehiatzen ari zela auto batek harrapatuta. De Vlaeminckek 1980an utzi zuen ziklismoa, eta ondoren, hamahiru urtez izan zen Belgikako selekzioko hautatzaile, 1989tik 2002ra bitarte. Belgikak 29 domina lortu zituen tarte horretan. De Vlaeminckek, berriz, semea galdu zuen, bihotzekoak jota, lasterketa batean. Gero, alzheimerrak oroipen guztiak ebatsi zizkion.

Flandriarren lorpenak, ordea, ahaztezinak izan ziren. Batik bat, Munduko Txapelketako marka, bihar Van der Poelek berdindu dezakeen hori. Zazpi lasterketa jokatu ditu sasoi honetan, eta zazpiak irabazi. Beste horrenbeste ortzadar maillot izango ditu aurrerantzean, Van Aertek eragozpenik jarri ezean. Emakumeen lasterketa, bestalde, gaur jokatuko da. Azken bi urteetako garaipenei segida eman nahiko die Fem van Empel herbeheretarrak. Bi euskal ziklista izango dira Lievinen, biak ere junior mailan: Irati Aranguren eta Maier Olano.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.