Euskal Herriko Itzulia

Mischa Bredewoldek altxatu ditu besoak Elgoibarko helmugan

Esprintean gailendu da Europako txapelduna, Demi Vollering taldeburuak aurrez egindako itzalpeko lana probestuta. Arlenis Sierra izan da bigarren, eta Vollering bera hirugarren.

Mischa Bredewold, garaipena ospatzen. ITZULIA
Mischa Bredewold, garaipena ospatzen. ITZULIA
Beñat Mujika Telleria.
2024ko maiatzaren 10a
13:30
Entzun

Izar guztiei gustatzen zaie dir-dir egitea. Denek nahi dute taldeak haientzat lan egitea, eta azken-azkenean talde lan horretaz baliatu eta helmugan besoak altxatzea. Gaur, ordea, itzalean egin du lan Demi Vollering (SD Worx) Itzulia irabazteko hautagai nagusiak. Herbeheratarra lanerako prest agertu da, eta esprint bideratzaile lanak egin ditu. Ederki baliatu du hori Mischa Bredewold taldekide eta herrikideak, Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa irabazteko. Haren atzetik iritsi dira Arlenis Sierra (Movistar) eta Vollering bera.

Hiru etapetan luzeena zuten gaurkoa. Gasteiztik abiatu dira txirrindulariak oraindik goizeko hamarrak jo gabe zeudela. Lasaiak izan dira aurreneko kilometroak, eta ardiak artaldean bezala joan dira, denak elkarrekin. Pixkanaka egin dituzte saiakera batzuk zenbait txirrindularik, baina eguneko lehen mendatera elkarrekin iritsi dira denak.

Bertan, Oletan (bi kilometro eta %9ko pendiza), mendiko sailkapenerako lehen puntuen lehian ibili dira. Jaitsieran ikusi dira aurreneko mugimendu indartsuak, eta Oletatik Azkaratera bidean sortu da ihesaldia. Peira Stianskik (Fenix) eta Stine Dalek (Coop-Repsol) aurrea hartu diote tropelari, eta ia minutu baten aldea lortu dute elkarri erreleboak emanda. Elkarrekin iritsi dira Azkarate gainera ere. Tropelaren eta ihes eginda zeudenen artean Carolina Vargas zegoen (Eneicat). Kilometro asko egin ditu bakarkako lanean, aurreko bikotearengandik hogei segundo ingurura.

Azkarate igarota, ordea, abiadura handitu du tropelak. Kate motzean lotu ditu aurrekoak, eta Dale bakarrik gelditu da bertan. Berehala harrapatu ditu talde nagusiak Stianski eta Vargas. Hori baliatu du Valentina Cavallarrek (Arkea) tropeletik ihes egin eta Dalerekin bat egiteko. Tropelean lasaitua hartu dute orduan, eta minutu eta erdiren aldea lortu du aurreko bikoteak. Inork ez du aginte makila hartu talde nagusian, eta ederki baliatu dute Dalek eta Cavallarrek aurrera egiteko.

Hori ikusita, helmugarako 38 kilometro falta zirenean abiatu dute erasoa hainbat txirrindularik. Metro batzuk hartu dituzte hogei txirrindulari inguruk, eta bi taldetan zatitu da tropela. Katuaren eta saguaren antzera aritu dira bi taldeak: aurrekoek talde txikiagoan egin nahi zuten aurrera, eta atzekoek ez zuten lehiatik kanpo gelditu nahi. Azkenerako, elkartu egin dira bi taldeak, eta mugimendu horrek minutu erdira murriztu du aurreko bikotearen aldea.

Helmugarako 25 kilometro falta zirela iritsi dira eguneko hirugarren eta azken mendatera: Itziar (zazpi kilometro eta %2,8ko pendiza). Isil-isilik aldea handitu du aurreko bikoteak, minutu ingurura. Hala ere, egoera kontrolpean zeukan tropelak, eta pare bat eraso nahikoa izan dira aldea berriro jaisteko. Itziarretik jaitsi, eta sasi ordekan harrapatu du talde nagusiak ihesean zegoen bikotea. Geroztik, elkarrekin egin du tropelak helmugarako bidea.

Ziklista azkarrentzako unea

Tropeleko txirrindulari azkarrenak lehiatu dira etapa irabazten esprintean. Etapa bukaera teknikoa zen, eta lehia handia izan dute txirrindulariek ondo kokatuta iristeko. Hori lortu ezean, bazekiten garaipenaren lehiatik kanpo gelditu zitezkeela. Azken metroetan lan bikaina egin du Volleringek esprinta bideratzeko orduan, eta Bredewold taldekideak aise jarri dio ginga. Irribarrea ahotik kendu ezinda agertu da kazetarien aurrean, lortutakoa oraindik barneratu gabe: «Garaipen hau handia da niretzat. Ongi sentitu naiz, taldeak nigan sinetsi du, eta asko lagundu didate egun osoan. Niregatik egin dute apustu, eta oso eskertuta eta pozik nago».

Itzulia, emakumeak 2.etapa

Ane Santesteban eta Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) euskal txirrindulariak talde nagusiarekin batera iritsi dira helmugara, eta ez dute denborarik galdu. Lourdes Oiarbide taldekidea ez da azkenean irten. Santesteban da Laboral Kutxak sailkapen nagusia lehiatzeko daukan txirrindularia, eta bihar izango du mugitzeko lehen aukera. Basaurin (Bizkaia) hasi eta amaituko da etapa, 104 kilometro luze. Goiz osoa pasatuko dute gora eta behera, eta eraso asko espero dira. Lehen aldeak lortzeko aukera izango dute hautagai nagusiek, eta lehen aldeak espero dira sailkapen nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.