Mirza Teletovicek ez du Caja Laboral Baskonian jokatuko heldu den sasoian. Jakina zen NBAko hainbat talderen eskaintza onak zituela, eta hegal-pibotak Brooklyn Netsena onartu du. Hiru urterako kontratua sinatu du, eta 15,7 milioi dolar (12,5 milioi euro) irabaziko ditu guztira. Baskoniak, bere aldetik, eta jokalariaren ordezkariak esanikoaren arabera, 1,7 milioi euro jasoko ditu kontratua eteteagatik.
Endesa Liga bukatu zenetik zurrumurru zena bete zen atzo. Azken urteetan taldeko ikur eta jokalari onena izandakoak ez du Baskonian jarraituko. NBAn hiriz aldatu berri den, eta errusiar jabe berriaren sosei esker anbizio handiko bilakatu den talde batean ariko da. Atzo ere, esaterako Joe Johnson eskolta fitxatu zuen. Gasteiz, ordea, umezurtz utzi du, eta zulo oso handia betetzeko. Sei denboraldi egin ditu Baskonian eta hasierako urte zailen ondoren taldeko jokalari garrantzitsuena bilakatu zen. Azken sasoian, esaterako, hamasei puntu baino gehiago sartu ditu partidako eta ia zazpi errebote hartu. Baskonian eginiko urteetan bi aldiz irabazi du liga, behin Espainiako Kopa eta bi aldiz sailkatu da Euroligako Lauko Finalerako.
Josean Kerejetak ez du lan makala hutsunea betetzen, Europako hegal-pibot onenetarikoa baitzen. Sosa jaso du trukean, eta ondo erabili beharko du Milko Bjelica, Macej Lampe eta Tibor Pleissekin batera pibot laukotea osatuko duen kidea fitxatzeko.
Zizis, Gescrap Bizkaiara
Gescrap Bizkaiak aurkitu du Aaron Jackson ordezkatuko duen jokalaria: Nikos Zisis greziarra da hautatua. 28 urte ditu; 1,97 metro luze da, eta 1-2 postuetan joka dezake. Normalean joko antolatzaile postuan aritu izan da, baina ia bi metro den heinean, ez da gaizki moldatzen eskolta postuan. Zisisek eskarmentu handia du Europan. Jaioterritik irten zen lehen aukeran, Italiara egin zuen jauzia, baina gero Moskuko CSKAk fitxatu zuen. Errusian Euroliga irabazi zuen, eta, han lortutako izen onari esker, Sienako Montepaschin egin ditu azken hiru urteak. Italiako hiru txapelketa irabazi ditu Simone Pianigianiren aginduetara. Taldeak udan egin duen bigarren fitxaketa da,baina pieza ugari falta dira oraindik.
Mirza Teletovicek Baskonia utzi du NBAko talde batean jokatzeko
Hiru urterako kontratua sinatu du Brooklyn Netsekin, eta Gasteizko taldeak 1,7 milioi euro inguru jasoko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu