Jaume Ponsarnau. Surne Bilbo Basketeko entrenatzailea

«Miribilla oso baikorra eta eraikitzailea da garai txarretan»

ACB liga ondo hasi bazuen ere, Bilbo Basketek lau partida galdu ditu jarraian. Europan, ordea, ez du lehiarik galdu. Jokalari asko min hartuta daude, eta denak osatzeko baliatu nahi du geldialdia Ponsarnauk.

ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Alex Mumbruren aroa amaituta, Jaume Ponsarnau (Tarrega, Herrialde Katalanak, 1971) iritsi da uda honetan Bilbo Basketen proiektu berria gidatzera. Ez da Euskal Herrian entrenatzen duen lehen aldia. Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea izan zen 2014-2015eko denboraldian, eta zaleek oroitzapen onak dituzte harekin izandako tratuaz. Euskal Herria «asko maite» izan du beti, eta aitortu du elkarrizketa euskaraz egitea gustatuko litzaiokeela. Euskaraz egin ditu lehen eta azken hitzak.

Gipuzkoa Basketen eman zenuen denborak zer garrantzi izan du Bilbo Basketen proposamena onartzeko?

Beti izan dut Euskadira etortzeko gogoa. Sarritan egon naiz oporretan, eta lurraldea asko maite izan dut beti. Donostian egon nintzenean euskal herritarrak ezagutu nituen, eta asko gustatu zitzaidan zuen nortasuna eta ordezkatzen duzuena.

Donostian egin zenuen bezala, denboraldiaurrean jokalariekin arraun egitera joan zara denboraldi honetan. Zer ekarpen egin diezaioke horrek saskibaloi jokalari bati?

Arrauna talde lana da. Ahalegin desberdinak daude taldean, baina koordinatu egin behar dira. Saskibaloian zerbait ikasi dezakegula uste dut; izan ere, traineru batek, ondo joan dadin, gutxien egin dezakeenaren erritmoan joan behar du. Horrek ikasgai bat ematen dizu: lehenik eta behin, gutxien ahal duenak gehiago saiatu behar du, eta gehien ahal duenak talde-lana zer den ulertu behar du. Kasu horretan, arrakasta paladen konbinazioa da, eta hori berdin aplika daiteke saskibaloian bakoitzaren gaitasunekin.

Aurkezpenean esan zenuen erronka pertsonala dela zuretzat aurtengoa. Zerbait erakutsi behar duzula uste duzu?

Erronka hori neure gain hartu nuen, neure buruari zerbait erakutsi nahi diodalako. Uste dut erakutsi dudala entrenatzaile ona naizela ACB mailan mantentzeko borrokan dagoen talde batentzat. Gehienetan ondo atera da, eta baten batean gaizki ere bai. Valentzian, talde handi batean, lan ona egin genuela uste dut, beti lehiakorrak izan ginelako. Zaragozan frustratu egin nintzen, ez ginelako lehiakorrak izan. Autokritikoa naiz, eta uste dut ez nuela asmatu helburuekin. Orain, egoera beste bat da, eta izan ditudan esperientzia guztiak aprobetxatu nahi ditut hemen ahalik eta ondoen egiteko.

Aurkari gisa ezagutu duzu, eta orain etxea duzu. Zer garrantzi du Miribillak denboraldiaren bilakaeran?

Oso garrantzitsua da. Asmoak eta helburuak oso handiak dira, baina denek dakite zer dagoen, zein den aurrekontua eta zer fitxatu daitekeen. Oso pabiloi baikorra eta eraikitzailea da garai txarretan. Horrek oso berezi egiten du, taldeek garai onak eta txarrak dituztelako. Hori oso balio garrantzitsua da.

Ondo hasi zenuten liga, eta orain lau partida galdu dituzue jarraian. Zer gertatu da?

ACB liga oso gogorra da, eta zure onena eman behar duzu lehiatu ahal izateko. Hori zailagoa da jokalariak falta bazaizkigu. Radicevicen lesioak ordura arte izandako oreka eta rol guztiak moztu zizkigun, eta aurreikusteko modukoak bihurtu ginen. Gu taldeari taktikoki baliabideak ematen saiatu gara, baina Europan jokatzeak eta minutuak eta karga fisikoak areagotzeak lesio gehiago ekarri dizkigute. Horiek guztiak oztopoak dira, eta ez digute utzi gure mailarik onenera iristen. Hala ere, pozik gaude nola lehiatu garen ikusita, partida bakoitzeko azken minutuak kenduta.

Esan zenuen ligan hobetzen ez baduzu gainetik pasatzen zaizkizula. Uste duzu ez duzuela hobera egin?

Uste dut hobera egin dugula, baina ez ACBren gisako liga bati aurre egiteko adina. Jokalari batzuekin hasi genuen liga, eta orain gutxiago gara. Orain hazi egin behar dugu, ez bakarrik hobetzeko, baita ez daudenen hutsunea orekatzeko ere. Rolak aldatu egin dira, eta horrek nahasmena dakar. Atzerapausoak ematera behartu gaitu egoerak. Dena den, oso pozik gaude hori guztia Europarekin bateratu dugulako, eta lehiakorrak izan gara.

Defentsan baino gehiago, arazoa erasoan dago, ezta?

Ligako defentsarik onenetan seigarrena gara, eta gure proposamena hori da: lehiakorrak izatea. Argi dago erasoan hobetu behar dugula, bai kontzeptu taktikoei dagokienez, baita asmatzeari dagokionez ere. Egia da defentsarik gabeko jaurtiketak aurkitzeko ohitura dugula, eta asmatu egiten dugula. Baina defendatutako jaurtiketetan, argi eta garbi, ligako talderik txarrena gara. Hor hobetu behar dugu. Jaurtiketa horietan asmatzeko gaitasuna duten jokalari asko ditugu, baina horietako asko bolada txarrean daude.

Jaurtiketetan, portzentaiak kaskarrak dira. Nola hobetu daiteke horretan?

Batez ere, konfiantza sortuz eta lan eginez. Garrantzitsua da jokalariak babestea eta gure konfiantza erakustea. Horrek egingo gaitu lehiakorrago, eta ziur nago iritsiko dela garaia jaurtiketetan asmatuko duguna.

Aurkari zailak izan dituzue, baina azken hiru irteeretan kostatu zaizue gehien. Zer sentsazio izan dituzu partida horietan?

Erritmoa izan da arazoetako bat. Uste dut talde sendoa izan garela defentsa estatikoan, baina trantsizioan asko kostatu zaigu. Jaurtiketa asko huts egiteagatik eta baloi gehiegi galtzeagatik datoz trantsizio horiek, eta zaila da horrela lehiakorrak izatea. Tenerifekoa ez zen hainbeste izan erritmoagatik, aurkariaren kalitateagatik baizik. Gurearen gisako talde batek etxean izango ditu sentsaziorik onenak, argi eta garbi. Baina beti izan behar dugu lehiakorrak. Baita egun txarretan ere.

Liga hasi aurretik izarra lesionatzen denean, dena nahasten da. Zer bilatu zenuten Goudelock ordezkatzeko?

Guk saskiratzaile bat nahi genuen, puntuak emango zizkigun jokalari bat. Andrewren rola oso garrantzitsua zen alde horretatik, baita haren lidergorako gaitasuna ere, nahiz eta hori ez den ikusten. Azkenean Adam [Smith] jokalariarekin egin genuen topo, fitxatu behar zuen taldeak azken orduan atzera egin zuelako. Oso pozik gaude harekin. Azken partidetan ez du asmatu, hain zuzen ere, haren erantzukizuna handitu egin delako, bai saskira begira, bai zuzendaritzan. Denborak hobekuntza ekarriko digu, eta Niko [Radicevic] itzultzean hobeto ariko dela uste dut.

Pibotei dagokienez, zein jokalari mota bilatu zenuten, eta zer bilakaera izaten ari dira?

Jeffekin [Withey] geratzeko arrazoiak argiak ziren. Kluba eta taldekide batzuk ezagutzen zituen, eta hemen geratu nahi zuen. Horrek jarraipena ematen zigun. Pibot handia da, eta defentsan oso baliagarria. Beste pibotarentzat, defentsan beste baliabide bat eman zezakeen norbait nahi genuen, eta Kyser aurkitu genuen. Oso gaizki hasi ginen, ez baikenuen kanpoaldearen eta barnealdearen arteko lotura aurkitzen. Aldiz, uste dut asko hobetu dugula gure piboten erasoko prestazioan, eta hori da azken partidetako gauzarik positiboena erasoan.

Europan multzoko liderrak zarete. Aurreko denboraldian Europan ondo lehiatu ziren ACBko bi talde jaitsi egin ziren: Andorra eta Burgos. Zenbateraino da positiboa Europan jokatzea ACBn mantendu nahi duen talde batentzat?

Betiko eztabaida da, baina gauza asko jarri behar dira balantzan.Lehenik, hiria eta lurraldea ordezkatzeko baliatu nahi dugu Europa. Gero, lehiaketa batek besteari laguntzea bilatzen dugu.ACBk ematen digu jaten. Baina Europak aukera ematen dizu jokalari gehiagori konfiantza emateko. Gainera, gaur egun talde askok jokatzen dute Europan, eta jokalari asko ez genituzke fitxatuko Europan jokatu gabe. Alde txarrak ere baditu, baina uste dut ondo datorkigula, eta positiboa izaten ari da.

Orain etena duzue. Jokalari gutxi izango dituzu zure esanetara. Zer moduz datorkizue geldialdia?

Entrenatzailea naiz, eta entrenatzea gustatzen zait. Geldialdia horretarako aukera gisa ikusten dugu. Egia da ez ditugula jokalari asko. Batzuek osatu egin behar dute, eta beste hiru selekzioekin joan dira. Bost jokalarirekin bakarrik gaude. Hala eta guztiz ere, entrenatzen ari diren jokalariak oso konprometituta daude egiten dugunarekin, eta bigarren taldeko jokalarien laguntza oso ona izaten ari da. Hau guztia argi printza bat da frustrazioaren barruan.

Gero bi aurkari zuzenen kontra jokatuko duzue. Denboraldiaren bilakaera zein izango den erabakiko dute?

Guk makrozikloak eta mikrozikloak aipatzen ditugu. Geldialdiaren ondoren makroziklo garrantzitsu bat dago, ACBko bost partidekin. Denboraldiaren bilakaera zein izango den markatuko dute, eta egoera horretan kontzentratu beharko dugu. Garrantzitsuena partida bakoitzean zentratuta egotea izango da, eta aste barruan hurrengo partidan zentratuta lan egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.