Miren Lazkano diploma olinpikoa lortzeko zorian egon da

Donostiako piraguistak hamargarren amaitu du eslalomeko C1 modalitateko finala, zortzigarren postutik bi segundo eskasera. Hiru ate jo ditu azken jaitsieran, eta horrek aldendu du diplomatik.

Miren Lazkano zaleak agurtzen, finaleko jaitsieraren ostean. MAXIM XIPENKOV / EFE
Miren Lazkano zaleak agurtzen, finaleko jaitsieraren ostean. MAXIM XIPENKOV / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko uztailaren 31
16:26
Entzun

Atzo burumakur amaitu zuen sailkapen proba Miren Lazkano piraguistak, eslalomeko C1 modalitatean, sentipen gazi-gozoekin. Hala aitortu zuen hark, apur bat frustratuta. Baina harro egoteko moduan da Olinpiar Jokoetako estreinakoan egin duen lanarekin. Finalerdietara iritsi, eta bertan jaitsiera on bat egiteko helburua zuen. Hala adierazi zuen lehiatu aurretik. Bada, aise gainditu du erronka hori. Izan ere, finalerako sailkatu da, eta, 116.97ko denborarekin, hamargarren postuan amaitu du onenen arteko lehian. Bi segundora izan du diploma olinpikoa eskuratzeko abagunea. Kirolari batek, dena den, beti nahi du gehiago, ez da konformatzen. Hori da hobetzeko gakoetako bat, eta, proba bukatuta, Lazkano ez zegoen gustura egindako lanarekin. «Uste dut lan hobea egiteko moduan nengoela».

Dena den, finalean ondo lehiatu da Lazkano. Sailkapen probako bigarren jaitsieran bezala, ateak jotzeak kondenatu du. Izan ere, atzo lau jo ostean, gaur hiru jo ditu finalean: bigarrena, bosgarrena eta hogeigarrena. Vaires-sur-Marneko kanaleko bigarren ate hori madarikatu bihurtu da Euskal Herriko piraguistentzat. Ate hori ez igarotzeak aldendu zuen Maialen Chourraut laugarren olinpiar dominaren ametsetik. Txapelketa osoan trabatu zitzaion, eta Lazkanok ere ate hori jo du gaurko finalerdietan, baita finalean ere. 

«Diploma olinpikoa gertu izan dut, eta sentipenak hobeak izan dira, baina uste dut lan hobea egin nezakeela» 

MIREN LAZKANOPiraguista

Gainontzean, finalerdietan baino hobeto jaitsi da finalean. Hamahirugarren eta hamazazpigarren ateen arteko zatia hobeto gainditu du, garbiago, eta nabigazio hobearekin. Hobeto sartu da korrontean, eta egokiago gobernatu du piragua. Horrek konfiantza eman dio azken txanpari begira, eta amaitu ere indartsu egin du, nahiz eta azken-aurreko atea jo duen. 

Proba amaituta, honela aztertu du bere jarduna: «Egia da diploma olinpikoa gertu izan dudala eta sentipenak atzokoak baino hobeak izan direla, baina finaleko jaitsieraren hasieran ez naiz ondo aritu. Ate bat jo dut, eta beste akats txiki bat egin dut. Hor egon da gakoa. Ziurrenik, hemendik egun batzuetara, balio handiagoa emango diot lortu dudanari, eta gauza onak aterako ditut honetatik ere. Gutxienez, zirkuituaren zatirik zailenean hobeto aritu naiz finalean. Baina pena dut». Jokoetan egoteari eman dio garrantzia: «Bi urte gogor izan ditut, eta gutxik dute hemen egoteko aukera. Esperientzia polita izaten ari da, baina, aldi berean, gogorra». Kayak krosean ere lehiatuko da. «Beste aukera bat da, eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara». Bihartik aurrera hori izango du buruan. 

Finalerdietan ere hamargarren

Finalera iristeko, aurrena finalerdiak gainditu behar izan ditu Lazkanok. 116.27ko denbora egin du, eta hamargarren izan da. Hamabi piraguistak egin dute aurrera. Jaitsiera txukuna egin du hor ere, nahiz eta beste bi ate jo dituen: bigarrena eta 22.a. Ondo nabigatu du. Dena den, korronte gehien zegoen zatian zertxobait kateatu da. Lehen zortzi piraguistak irteterako ziurtatuta zeukan, hala ere, finalera pasatzea. Azkenean, K1ean gertatu bezala, Jessica Foxek irabazi du urrea. Elena Lilikek kolkoratu du zilarra, eta Evy Leibfarthek brontzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.