Txapelketatik kanpo zango eta erdi duela ekingo dio Miarritzek Heineken Kopari. Bi partida falta dira bere multzoko partidak bukatzeko, eta jada lehen postua ezinezko dauka. Harlequins harrapatzea ezinezkoa izanen da, azken bi partidak irabazita ere. Final-laurdenetara sailkatzeko, Miarritzeren aukera bakarra sei multzoen arteko bi bigarren sailkatu onenen artean sartzea da.
Aukera hori ere, baina, maldan gora dauka oso. Azken bi partidak jokatu aurretik, bigarren sailkatuen artean, azken taldea baita Miarritze, bederatzi punturekin. Bost talde aitzinetik ditu, final-laurdenetarako lehian. Batzuek, gainera, errenta ederra daukate Miarritzerekiko. Montpellierrek, esaterako, 13 puntu ditu, Tolosak bezalaxe, eta Castres zein Racingek 12.
Ez da lan samurra izanen, beraz, Didier Faugeron entrenatzailearen jokalariena. Gauza bakarra segurua da, zenbaki saltsa horren erdian. Inolako itxaropenik mantentzeko, Miarritzek nahi ala ez bere azken bi partidak erasoko puntuarekin irabazi behar ditu. Lehenbizi gaur, Italiako Zebre taldeari, Parman (14:30); eta Harlequinsi gero, heldu den ostiralean, etxean. Hori eginda ere, beste zelaietan gertatuko denaren zain gelditu beharko da.
Agilera aldean, gauzak zail daudela argi daukate. «Edozein aukerari eusteko, ezinbestekoa dugu irabaztea. Baina, hori baino gehiago, gure jokoa hobetzen hasi nahi dugu», adierazi du Marcelo Bosch Miarritzeko jokalariak. Egia da Miarritze, bere jokoari dagokionez, ez dagoela balentria handiak lortzeko moduan. Top 14an garrantzitsuena lortu du, azken bi partidakirabazita; baina jokoan oso triste azaldu da. Edozer baino lehen, gauzak hobetzen hastea da helburua. «Joko eraginkorra egiten hasi nahi dugu. Gure jokoan badugu zer hobetua eta landua», erantsi du gibelekoak.
Argentinarra aspaldiko partez hasieratik ariko da. Udazken osoan Argentinako selekzioarekin egon da, Lau Nazioen kopan lehenik, eta azaroko partidetan gero. Taldera itzultzean, bere lekua atzematea zaila izan zaio, eta abenduan ez du aukerarik izan.Sasoi bukaeran, Miarritze utziko du Boschek, egoera berriak hala aginduta. Argentina Lau Nazioetan sartu izanak—Zeelanda Berria, Hegoafrika eta Australiarekin batera— argentinarrak hego hemisferioko egutegian sartzera eraman du. Top 14an ari diren hainbat argentinar, beraz, dekalagean daude, eta segur aski, Europatik hego hemisferioko Super Rugby ligara joanen dira.
Azken aukerak izanen dira, beraz, Bosch Euskal Herrian ikusteko. Harekin batera, Dimitri Yachvili hasieratik ariko da. Mont de Marsanen aurka aulkian utzi zuen Faugeronek. Gaur, aukera izanen du. Gainerakoan, hamabosteko klasikoa izanen du Miarritzek. Frantziako selekzioan deitua izan den Lauret, adibidez, hasieratik ariko da.
Gernika, gozatzeko
Gernikak gaur jokatuko du Challenge Kopan etxean jokatuko duen hirugarren, eta azken partida (16:00). Perpinya hartuko du, eta ondo jokatu eta ikastea izango da basurdeen helburua, irabaztea ezinezkoa baitirudi. Lehen itzuliko partidan 90-12 galdu zuen Katalunian. Rovigoren aurkako bi partidak irabazita, Gernikak aho zapore onez utziko du Europako abentura. Aurretik, baina, multzoko bi talde indartsuen aurkako azken partidak gelditzen zaizkio.
Mirarirako lehen pausoa
Zebreri gaur irabazteaz gain, Miarritzek aldeko beste emaitza asko behar ditu Heineken Kopan aurrera egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu