«Mirakuluaren» atzetik

Waltary Agusti da faborito garbi gaur Baionan, Patrick Ozafrainen aurkako buruz buruko finalean

Waltary Agusti eta Patrick Ozafrain, asteartean, finalerako pilotak aukeratzen, Modernen. GAIZKA IROZ.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Waltary Agustiren garaipen erraza ez den guztia ezustekotzat jo daiteke. Kubatarra (Habana, 1979) buruz buruko bosgarren txapela jarraian irabazten saiatuko da gaur Baionako Moderne trinketean (18:00), eta bera da faborito handia Patrick Ozafrainen aurkako finalean. Zaleen uste orokorrari Ozafrainena gehitu zaio, hark ere onartu baitu irabaztea «mirakulua» litzatekeela.

Waltary berezkoekin nahastu zenetik buruz buruko finalek emozioa galdu dute.Txapelketa nagusia bakarrizketa bilakatu da, ez baitu partida bakarra ere galdu. Superprestigio torneoan, esaterako, aurrelariak erronkak jarri dizkio bere buruari, sakatzeko modua aldatuz, eta halako bitxikeriekin oreka lortu da. Baina txapelketan botibolea biziz sakatzen eta triskantzak egiten jarraitzen du. Aurten Bonebeltxe (40-14) eta Ezkurra II.a (40-9) kanporatu ditu, bietan saketik hogei tantotik gora eginez. Frantziako Federazioa pilota motelagoak jartzen saiatu da sakearen eragina murrizteko, baina ez du lortu.

Ozafrainen azkena

Txapelketako ustekabeko handiena, baina, Patrick Ozafrainek eman du (Banka, Nafarroa Beherea, 1974). 37 urterekin, aurki 38, buruz buru onenak emanda zegoela zirudienean, bosgarren finalerako sailkatu da. Hala ere, dagoeneko erabakia du gaurkoa dela berezkoen mailan jokatuko duen buruz buruko txapelketako azken partida. 2000. hamarkadaren hasieran buruz buruko espezialistarik onena izan zenari prestaketa gogorra gero eta aldapa gorago egiten zaio, eta binaka jokatzenjarraituko du bakarrik.

Bakarkako lehia, baina, itxura ona emanez utziko du. Finalaren aurretik Jeannots (40-24), Arizmendi (40-39) eta Etxeberri (40-20) kanporatu baititu. Gaurko partida, baina, beste gauza bat izango da, eta sakea ahalik eta hobekien errestatzen saiatu behar da. Hala izan ezean, emaitza eskandalagarria izan daiteke, eta ondo eramanda ere, oso zail du irabaztea.

Bientzat bosgarren finala da. Waltaryk azken laurak irabazi ditu, iaz Kurutxarriren aurka (40-25), eta aurreko hirurak Ezkurra II.aren kontra: 2010ean 40-18, 2009an 22-2 —bertan behera gelditu zen— eta 2008an 40-22. Ozafrainek, berriz, bi irabazi eta bi galdu ditu. 2003an jantzi zuen lehen txapela, Biskubiri finalean 40-30 irabazita, eta 2005ean bigarrena, Kurutxarriren bizkar (40-17)—2004an ez zen jokatu txapelketa—. Azken bi finalak, berriz, Ezkurra II.aren aurka galdu zituen, 40-19 2006an eta 40-32 2007an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.