Miarritzek ez du batere lan erraza izanen iluntze honetan Londresko Harlequinsen aurka (21:00, Canal Plus Frantzia Sport). Lapurdiko taldeak Heineken kopako final-laurdenak lortzeko, erasoko puntuarekin irabazi beharko dio Ingalaterrako taldeari, eta beste zelaietan zer gertatzen den itxaron.
Harlequins sailkatuta dago jada, multzoko buru bukatuko baitu lehen fasea. Miarritzek, beraz, aitzina egiteko, bigarren sailkatuen arteko bi onenen artean bukatu beharko du. Horretarako, bere aitzinetik dauden taldeek huts egitea behar du. 14 puntu ditu Aguilerako taldeak. Gaur-gaurkoz, Montpellier (18), Leicester (16), Leinster eta Munster (15) aitzinetik ditu. Northampton, berriz, berdinduta dago 14rekin. Bost talde egonen dira borrokan, beraz, bi txartelentzako.
Horiek ikusiz, hamaika konbinazio suerta daitezke, baina garbi dago Miarritzek bost puntutik bost lortu beharko dituela, eta, beraz, erasoko puntu gehigarriarekin irabazi. Gero gertatzen dena ez da bere esku izanen.
Lehen helburua betetzea ez du batere erraz izanen Miarritzek, Harlequins talde handia baita. Partida guztiak irabazi ditu, tartean Miarritzeren kontra Londresen jokatutakoa, erraz (40-13). Erasoko puntuarekin irabazi zion, orduan, Harlequinsek Miarritzeri. Lapurtarrek, aldi honetan, errezeta bera eman beharko diete, eta sasoiko partidarik onena jokatu. Hori lortuta ere, aitzina ez egiteko arriskua handia izanen da. Txanpona airean dago. Zoriak hitz egin beharko du orain.
Mirakulu bat behar du
Miarritzek erasoko puntuarekin irabazi behar dio Harlequinsi, eta beste multzoetako emaitzen zain geratu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu