Minutuek hauspotuta

Ane Azkona Athleticeko ezusteetako bat da denboraldi honetan. Minutu asko jokatzeko aukera izaten ari da harrobiko aurrelaria, eta dagoeneko hiru gol sartu ditu.

Ane Azkona Athleticeko jokalaria, eskuinean, baloi batengatik lehian, joan den larunbateko partidan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Urriaren 13an, garaipen premia handiarekin ailegatu zenAthletic Anoetara, Realaren aurkako derbira. Angel Villacamparen taldeak jokalari garrantzitsuak falta zituen erasoan: Yulema Corres, Lucia Garcia eta Erika Vazquez min hartuta zeuden, eta Nekane Diez justu osatu zen lehiarako. Hori ikusita, Angel Villacampa entrenatzaileak Ane Azkona (Iruñea, 1998)harrobiko aurrelariari eman zion jokatzeko abagunea. Zuri-gorriek 0-2 irabazi zuten, eta Azkona lehiako jokalaririk onenetakoa izan zen. Norgehiagoka hura mugarri izan zen bai taldearentzat, baita Azkonarentzat ere; Athletic goraka ari da ordutik, eta jada bosgarren da sailkapenean. Azkona, berriz, gero eta gehiago ari da jokatzen.

Ordutik, Villacampak hasierako hamaikakoan jarri du taldeak jokatutako bost partidetatik lautan. Konfiantza horri, gainera,golekin erantzuten ari zaio: hiru gol sartu ditu azken lau partidetan. Azkena, larunbatean, Logroñori. Une gozoan da, beraz, jokalari zuri-gorria, eta aprobetxatu egin nahi du. «Oso pozik nago, denboraldi honetan egin baitut benetako urratsa lehen taldera. Aurreko sasoian, beharbada, ez nituen nahi beste aprobetxatu aukerak».

Aldea agerikoa da. Iragan denboraldian hamalau partida jokatu zituen guztira lehen taldearekin, eta bi gol sartu; honetan jada hamarretan izan du aritzeko aukera, eta hiru gol sartu ditu.Villacamparen konfiantza «funtsezkoa» izan da horretarako.«Zenbat eta gehiago jokatu, helduagoikusten dut neure burua zelaian». Onartu du Realaren aurkako partida ondo atera izanak asko lagundu ziola: «Hasieratik jokatzen nuen lehen neurketa zen, eta urduri nengoen. Baina hasi eta berehala, lehen golaren pasea eman nion Nekaneri». Orain zelaian erabakiak «hobeto eta bizkorrago» hartzen dituela uste du. «Hori Lehen Mailan erabakigarria da. Izan ere, ideiak argi ez badituzu, aurkariak berehala aprobetxatzen du».Gainera, nabarmendu du gauza gehiago egitera ausartzen dela. «Erabakiak argi ez dituzunean, ohikoa egitera jotzen duzu, gauzarik errazenak egitera. Orain, berriz, gehiago arriskatzen dut, eta gauza berriak egitera eta probatzera ausartzen naiz».

Eroso sentitzen da Villacampak duen jokatzeko erarekin. «Hasieran kosta egin zitzaigun hark ezarri nahi zuen jokamoldea barneratzea. Lau urte generamatzan beste entrenatzaile batekin,eta denbora behar da berriak zer nahi duen ulertzeko eta zelaian erakusteko. Baina jada gero eta gertuago gaude Angelek nahi duenetik».Bi aurrelarirekin jokatzeak mesede egiten dio Azkonari. «Horrek aurrelarioi aukera handiagoa ematen digu mugitzeko, eta espazioak bilatzeko. Nik gehiago gozatzen dut horrela jokatuta».

Villacampa, akuilu

Hori baliatu nahi du, hain zuzen, hobetzen segitzeko. «Oraindik asko daukat ikasteko, batez ere gol aukerak baliatzeko orduan, eta mugimenduak egiterakoan». Asko ikasten ari da Luciaren, Yulemaren, Nekaneren eta Erikaren alboan jokatzen. «Nire ezaugarriak Luciaren antzekoak dira. Baina nahiko nuke Yulemak baloiari eusteko eta taldekideentzat zuloak topatzeko duen gaitasuna izan, eta Erikaren eskarmentua».

Izan ere, orain jokatzeko aukera duen arren, argi du ezin duela lo hartu: «Lehia handia dago. Gainera, zuk gauza batzuk demostratzen dituzunean, ezin duzu atzerapauso bat eman. Orain arte lortu dudana izugarria da; neuk ere ez nuen espero. Baina ez naiz honekin konformatzen, jakitun bainago zailena geratzen zaidala: egonkortzea».

Gainera, Villacampak gero eta gehiago eskatzen dio. «Intentsitate handia duen entrenatzaile bat da, partida bakoitza mimo handiz prestatzen duena, eta jokalarioi ere hori eskatzen digu: dena ematea lehia bakoitzean. Aukerak ematen dizkizu, baina trukean lana eta konpromisoa eskatzen dizu». Oso gustura dago horregatik. «Nik eskertu egiten dut hala izatea. Gainera, harrobiko jokalariek balio handia ematen diogu gure alde egiten ari den apustuari».Azkona ez baita minutuak izaten ari den jokalari gazte bakarra. Oihane Valdezate eta Oihane Hernandez ere asko jokatzen ari dira: «Txandakatze asko egiten ari da, eta gazteoi aukerak ematen. Horrek eskatzen du jokalari guztiok gure onena eman behar izatea une oro, sekula ezin baitugu jakin noiz iritsiko zaigun jokatzeko aukera, eta prest egon behar dugu horretarako».

Denboraldi hasiera gorabeheratsua izan eta gero, taldea azken jardunaldietan egiten ari den jokoa eta lortzen ari den emaitzak nabarmendu ditu. Indartsu helduko diote Atletico Madrilen aurkako igandeko partidari: «Ilusio eta gogo handiz gaude denboraldi ona egiteko. Urtarrilean, gainera, Espainiako Kopako kanporaketak ditugu, eta txapelketa on bat egiteko itxaropena dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.