Endika Uriondo eta Iraitz Zubizarreta

Mingain puntatik erori zaie gozokia

Baikorekin profesionaletan debuta egina behar zuten Endika Uriondok eta Iraitz Zubizarretak, baina koronabirusak ametsa zapuztu die. «Triste» daude, denbora baitzeramaten estreinako partida jokatzeko zain. Ez dakite noiz izango duten horretarako aukera; «ahal den azkarren» izatea gustatuko litzaieke.

Endika Uriondo, etxeko horman piloteatzen. Iraitz Zubizarretan, San Gregorio auzoko frontoian. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Pilotariek badute egun bat oroimenean iltzatua: profesionaletan debuta egin zutenekoa. Egunik bereziena. Ederra da dena: harmailan, etxekoak, lagunak eta bidelagun izandakoak; eta, kantxan, duela gutxi arte idolo eta eredu izandakoak. Horregatik, berdin dio makina bat urte pasatu izanak: pilotari bakar batek ez du ahazten egun horretan bizitakoa.

Endika Uriondo atzelaria (Gizaburuaga, Bizkaia, 1997) eta Iraitz Zubizarreta aurrelaria (Ataun, Gipuzkoa, 1999) aspaldi zeuden lehen egunarekin ametsetan. Oso gertu ikusten zuten. Afizionatuetan nabarmendu ondoren, Baiko Pilota enpresak eskainia zien profesionaletan jokatzeko kontratua. Debutatzeko eguna ere zehaztua zien: Uriondok apirilaren 26an jokatu behar zuen estreinakoa, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan; Zubizarretak, berriz, joan den larunbatean, jaioterrian. Baina koronabirusak hankaz gora jarri du dena, eta biak itxaron beharrean dira.

Sentipen bera dute biek: tristura. Eta tristura horrek debuta egin behar zuten egunean jo zuen goia. «Egun ederra izan behar zuena beste egun bat gehiago izan zen», aitortu du Zubizarretak. «Aurreko egunetan buelta dezente eman nizkion, eta barneratu egin nuen ez zela posible izango. Hala, eguna ailegatu zenean, hasieran ez nintzen gogoratu debutarekin. Baina berehala hasi nintzen lagunen animo mezuak jasotzen. Baina egun tristea izan zen, denbora baineraman horrekin ametsetan», azaldu du Uriondok.

Biek diote iritsiko dela eguna, eta «behar bezala» ospatuko dutela. Baina ez dakite noiz. Baiko Pilota, Aspe eta EITB hasiak dira elkarrekin hitz egiten, baina gaur-gaurkoz inork ez daki noiz ekingo zaion berriro lehiari. Ateak itxita edo ikusle kopurua murriztuta jokatzea dira aukerak. Uriondok eta Zubizarretak nabarmendu dute harmailan ikusleak egonda jokatu nahiko luketela, baina hori ezinezkoa balitz «prest» leudekela ateak itxita jokatzeko. «Ez da aukerarik desiratuena ikuslerik gabe jokatzea, haiek ematen baitiote giroa eta berotasuna pilotari, baina berriz jokatzen hasteko aukera bakarra ateak itxita aritzea balitz, onartu egingo nuke. Txarrenean, pilotazaleak telebistaz ikusi ahalko lituzke partidak», esan du Zubizarretak. Baina berehala zehaztu du debuteko neurketak gutxienez ikusle kopuru jakin batekin izan beharko lukeela. «Ez luke zentzu handirik ateak itxita izateak. Egun oso berezia da debutarena». Uriondo, ordea, prest legoke lehen partida ateak itxita jokatzeko. «Nahiago dut ikuslerik gabe jokatu, beste bi hilabete zain egon baino».

Herri txiki, altxor handi

Dena argitu arte, lanean jarraituko dute. Baldintza onak dituzte horretarako: familiaren baserrian bizi da Uriondo, zelai zabal batek inguratuta; familiarekin bizi da Zubizarreta ere, terrazadun etxe batean. Duela astebetetik, gainera, kirola egin dezakete, eta, 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan bizi direnez —212 ditu Gizaburuagak eta 1.669 Ataunek—, ez dute mugarik. Biek nabarmendu dituzte herri txiki batean bizitzearen abantailak: «Askatasun handiagoa dugu, eta gure beharren arabera antola dezakegu eguna. Halako egoeretan, izugarri eskertzen da herri txiki batean bizitzea». Herri txikiak izan arren, biek dute frontoia, eta, noski, aprobetxatu egin dute. «Lehen egunean joan nintzen San Gregorio auzokora. Aurretik, alkatearekin hitz egin nuen, badaezpada. Polita izan zen berriz ere pilotakada batzuk ematea», dio Zubizarretak. «Aspaldiko partez, takoak jarri nituen. Banuen horren falta», Uriondok.

Kirola egin, pilotan aritu... eta lana egin. Zubizarreta Ataungo herri eskolako eskola kiroleko koordinatzailea da. «Bertan behera geratu da, baina datorren ikastaroa ari naiz prestatzen etxetik». Uriondo, berriz, Industria Ingeniaritza amaitzear da. «Praktikak egiten ari nintzen enpresa batean, baina, oinarrizkoa ez denez, ekainera arte ez joateko esan didate. Luze egiten zait orain eguna, baina tira, baserrian beti dago zer egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.