«Asteartean baino min handiagoa daukat bizkarrean». Halaxe jaiki zen atzo Naia Laso skaterra (Bermeo, Bizkaia, 2008). Baina, aldi berean, «gustura eta harro», parkeko skate modalitatean diploma olinpikoa lortzeagatik. «Balio handia ematen diot horri». Finalerdietan pitzadura bat izan zuen gerrialdean, eta, Alain Goikoetxea hautatzaileak berak aitortu zuenez, ia ibili ezinik iritsi zen atseden gunera. Finala jokatu edo ez aztertzen aritu ziren. Azkenean, mina kentzeko infiltrazio bat jarri, eta finalean lehiatzea erabaki zuen. «Lo egitea kostatu zait, orduak aurrera joan ahala desagertuz joan baita mina arintzeko jarri zidaten infiltrazioaren eragina. Baina pozik nago helburua lortu dudalako».
Finalerdietako bigarren saiakeran hartu zuen min, hain zuzen ere finalerako sailkatzeko modua eman zion ahaleginean. «Trikimailuetako batean bira bat egin, eta krakateko bat sumatu nuen bizkarrean. Berehala konturatu nintzen gerrialdean min hartu nuela, eta ahal nuen moduan amaitu nuen. Entrenatzaileari esan nion zer gertatu zen, eta hirugarrenean nahiago izan nuen ez arriskatu». Minez egon arren, finalerako sailkatua zegoela ikusi eta lehiatu egin nahi izan zuen. «Banekien ez nuela aukerarik, ezingo nuela bete-betean jokatu eta barruan nuen guztia erakutsi. Alde horretatik, triste nengoen. Baina ez nuen galdu nahi Olinpiar Jokoetako final batean lehiatzeko aukera». Horrenbestez, infiltrazio bat jarri zioten mina arintzeko.
«Ederra izan da halako inguru batean patinatzea, Eiffel dorrea parez pare genuela. Gainera, ez gaude ohituta hainbeste jenderen aurrean lehiatzera»
NAIA LASOSkaterra
Finalean, «presiorik gabe» irten zen. Lehen bi saioetan huts egin ostean, hirugarren ahalegina osatu ahal izan zuen. Nota txukuna lortuta, gainera: 86,28. «Hori hartuko dut gogoan, eta, batez ere, balkoian egin nuen azken trikimailua. Nengoen moduan egonda, polita izan zen hala amaitzea».
Gaur bertan itzuliko da etxera, eta probak egingo dizkiote gerria zer moduz duen ikusteko. «Orduan ikusiko dugu zer dudan. Baina aste batzuk eman beharko ditut entrenatu ezinik, ziurrenik». Herenegun bizi izandakoa «ikasgai handia» izan dela nabarmendu du. «Berriro ere ikusi dut eragozpenak eragozpen aurrera egin daitekeela, eta gai naizela horretarako».
Diplomari garrantzia emateko bi arrazoi aipatu ditu. Lehena, finalerdietan eta finalean beste skaterrek egin zuten lana. «Azken lehiaketekin edo probekin alderatuz, maila asko igo da: nabaritu da denek asko estutu dutela azken asteetan». Hark, ordea, ezin izan du halakorik egin, osatzen aritu baita, lepauztaia apurtu zuenez gero. «Horrek pena ematen dit, baina etorkizunari begira baikor izaten lagundu ere bai, halako egoera batean ere gai izan bainaiz onenekin lehiatzeko».
Inguru ikusgarria
Zer sentitu zuen halako pista batean lehiatzean? «Ederra izan da halako inguru batean patinatzea, Eiffel dorrea parez pare genuela. Ez gaude ohituta hainbeste jenderen aurrean lehiatzera. Gure txapelketetara jende gutxiago etortzen da. Lehiakide guztiak oso gazteak gara, eta elkarren artean aipatu genuen sekulako giroa zegoela. Lotsa apur bat ere nabaritu nuen, hainbeste jende begira egoteagatik». Kirolarion jardunak arreta handia eskatzen du, baina Lasok berretsi du ez ziola eragin hainbeste ikusleren artean lehiatzeak. «Halako egoeretan gai naiz hori guztia alde batera utzi eta atentzioa patinatzean jartzeko».
Pistari dagokionez, herenegun bezala, berretsi du kosta egin zitzaiola abiadura hartzea. «Gu aritzen garen skate parkeak txikiagoak dira, eta, batez ere hasieran, nahiko galduta ibili nintzen. Trikimailu bat egiten nuen aldiro, abiadurarik gabe geratzen nintzen, eta kostatu egiten zitzaidan hura berreskuratzea. Lehiatu ahala lortu nuen abiadura zertxobait handiagoa hartzea, baina, hala ere, kostata. Azkenaldian behin baino gehiagotan egon gara AEBetan, hori lantzen, eta espero dut pixkanaka horretan ere hobetzea».
Behin osatuta, hurrengo txapelketa garrantzitsua Italian izango du, Erroman: Munduko Txapelketa. «Ahal bada podiumera igo nahiko nuke txapelketa horretan, uste baitut gai naizela». Baina benetako ametsa 2028ko Olinpiar Jokoetan egotea da. «Joko horietan, eskarmentu handiagoa izango dut, eta hori lagungarria izango zait hain urduri ez jartzeko eta halako txapelketa baten inguruan dagoen guztia kontrolatzeko. Gainera, berriz bizi nahi dut hau guztia, ederra izan baita». Halaber, Bermeotik jaso duen babesa eskertu nahi izan du. «Sare sozialetan ikusi dut».