Minak zoriona ekar dezakeelako

Udan partida gehien jokatu duen pilotaria da Olaetxea: 34 guztira. Hori dela eta, eskuko arazoekin dabil aspaldian, eta ez dio sasoirik onenean egingo aurre Bengoetxea VI.ari. Halere, dena emateko prest dago.

jon eskudero
Donostia
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Begia non, pilota han. Halaxe dabil azkenaldi luzean Mikel Olaetxea (Lizartza, 1985). Une gozoa bizitzen ari da, eta estatistikek ez dute gezurrik esaten. Uztailaren 1az geroztik partida gehien jokatu duen pilotaria bera da, 34 guztira, eta hogei irabazi ditu. Umiltasunez gogotik egin du lan, eta onenekin estelarrak jokatzeko aukera eman dio enpresak. Lau t'erdiko txapelketara, baina, ez da nahi bezain sasoi puntu onean heldu. Udako nekea sumatzen hasi da, eta ezker eskua oso dauka minduta. Patxi Ruizen aurka asko sufritu zuen, baina datorren larunbatean Oinatz Bengoetxearen kontra guztia emateko prest dago.

«Bengoetxeak dena egiten du ongi, eta ia ezinezkoa daukat irabaztea. Guztia perfektu egin beharko nuke horretarako», zioen atzo lizartzar gazteak, Labriten eginiko pilota aukeraketan. Halere, ezker eskuak gehiago arduratzen du aurkariak baino: «Uda osoan bi takorekin aritu naiz, baina azken partidetan lau jarri ditut. Horrela ezin diot abiadurarik eman pilotari, baina mina sentitzea ere ez da gauza ederra. Buruak lan asko egiten du, eta konfiantza galtzea erraza da».

Profesional mailan inor gutxik dauka Olaetxeak bezain ezker trebea. Jarrera guztiak menderatzen ditu, eta kantxako bazterrak ezin hobeto aurkitu. Irabazteko arma nagusiena baliatu beharra daukala badaki, hortzak gogor estutu beharko baditu ere: «Larunbatean bi takorekin jokatuko dut, eta eskua txikitu behar badut txikitu egingo dut, baina arriskatzeko garaia heldu dela uste dut». Ez da egunero halako aukerarik izaten.

Ez dauka ezer galtzeko, eta lehenengo tantotik saiatuko da tantoa ahal bezain laster amaitzen. Partida galduz gero izango du eskua berrindartzeko denbora; irabazita, ordea, astebete soilik izango luke errekuperatzeko, eta hain epe motzean ezin daiteke miraririk egin: «Joan den astean bi aldiz joan nintzen Bixente Artola masajistarengana, eta aste honetan hiru aldiz. Baina hark ezin dezake eskua erabat errekuperatu».

Olaetxea zerbait baldin bada, mutil umila da, eta ezustekoa emateko prest dago. Piloten aldetik, behintzat, ez dago arazorik, oso ezberdinak izan arren. Retegi Bi eta Aritz Lasa ere konforme geratu ziren atzo Urretxun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.