«Mina» jasan ezinda

Txilek irabazi du Amerika Kopa, eta, Argentinarekin jokaturiko azken lau finalak galdu ostean, Lionel Messik adierazi du selekzioa utziko duela. Beroaldi batean esan ditu hitzok, halere.

Lionel Messi, atsekabetuta eta belar gainean belauniko, Amerika Kopako finala galdu ondoren. DAVID HERNANDEZ / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Lionel Messi (Rosario, Argentina, 1987) gizakia da. Futbolzale askok galdetu izan dute ea aurrelari txikia ez den beste planeta batean jaioa; bada, ez, lurtarra dela dirudi. Argentinako selekzioak azaleratzen du haren hezur-haragitasuna, eta, sufritzeaz nekatuta, uko egingo dio. «Aldagelan luze pentsatu ostean, uste dut aski ibili naizela selekzioan. Bukatu da. Borroka asko egin dut, saiatu naiz. Lau final izan dira; irabazten saiatu naiz, baina ezin izan dut. Beste inori baino min handiagoa egiten dit; inork baino gehiago desiratzen nuen titulu bat selekzioarekin, eta, tamalez, ez da gertatu».

Messik herenegun egin zituen adierazpen horiek, East Rutherforden (AEB), Amerika Kopako finala galdu berritan. Txilek irabazi zuen, penalti jaurtiketetan, bigarren urtez jarraian, eta berriz ere Argentinaren aurka. Messik palmares harrigarria du, eta bost Urrezko Baloi etxeko sotoan. Haren ahulunea, baina, agerikoa da: selekzioa. Harekin ez du ezer irabazi, eta aspaldikoa da Argentinako zaleekin duen maitasun-gorroto harremana.

Txileren aurkako finala, gainera,bereziki ankerra izan zen, Messik bere penaltia huts egin baitzuen. Hutsaren ondoren, bakarrik gelditu zen zelaian, eta, behin galduta, belar gainean etzan, eta negarrez hasi zen. Izan ere, Argentinarekin galtzen zuen laugarren finala da jarraian. Amerika Kopako hiru: 2007, 2015 eta 2016, eta Munduko Kopako bat: 2014. Selekzioarekin 113 partida jokatu ditu, eta ez du titulurik lortu. Argentinak 23 urte daramatza titulurik lortu gabe. Tira, urrezko domina bat irabazi zuen, Messirekin, 2008ko Olinpiar Jokoetan, baina hura, ofizialki, 23 urtez azpiko selekzioa zen.

Agurrekoak beroan eginiko adierazpenak izan ziren. Zauria borborka zuen unean, eta ikusteko dago hori argudiatuta ez duen iritziz aldatuko, 29 urte bakarrik baititu, eta 2018ko Munduko Kopa ez baitago hain urrun. Halere, Messik azaldu zuenez, nahiko garbi zuen erabakia. «Erabakia hartu dut. Aurretik buruan neukan zerbait zen. Oraingoan zen, edo kito. Ahal izan dudana egin dut, baina ez dut titulurik lortu».

Messik inoiz ez du bere herriko zaleen babesik izan; europarregia izatea —13 urterekin utzi zuen Argentina— eta odol gutxikoa izatea leporatu izan diote. Hainbat egunkaritan, haren «argentinartasun» mailari buruzko inkestak eta guzti egin dituzte. Hala ere, albistea lurrikara izan da Argentinan. Atzo, Messi agertu zen herrialdeko egunkarietako ia azal guztietan. Clarin-ek, esaterako, belauniko atera zuen. «Amesgaizto amaiezina» ere irakur zitekeen azaletan. Ole izan zen adierazgarriena: «Ez zaitez joan» erraldoi bat jarri zuen Messiren argazki baten gainean. Egunkari gehienek beldur bera plazaratu dute: Messiren atzetik beste izen handi batzuek selekzioa uztea.

Messiren erabakiak itzalean utzi du Txileren titulua. Bigarrena du jarraian, eta kontinenteko talderik indartsuena dela berretsi du. Finalean, euskal futboleko aspaldiko bi ezagun nabarmendu ziren. Txileko atepean, Claudio Bravo Realeko jokalari ohia. Bi penalti gelditu zituen, eta txapelketako atezainik onenaren saria jaso du. Zelaian, berriz, Gato Silva Osasunako euskarri ohia. Hark sartu zuen azken penaltia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.