Esther Arrojeria. Bera Berako jokalaria

«Min hartu aurretik nuen mailara itzultzeko ilusioa dut»

Eskuin belauneko lotailua apurtu, eta bederatzi hilabete eman ditu jokatu ezinik Esther Arrojeriak. Asteburuan lehiatuko da berriro ligan taldearekin, eta gogotsu dago lehiaketaren erritmoari heltzeko.

ainara arratibel gascon
Usurbil
2018ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Iazko martxoaren 17an apurtu zuen eskuin belauneko lotailu gurutzatua Esther Arrojeriak (Usurbil, Gipuzkoa, 1994), Espainiako selekzioaren entrenamendu batean. Irailean zen itzultzekoa, baina belauna ez zen behar bezala osatu. «Hilabete gogorrak izan dira, baina psikologikoki indartsuago egin naute, eta pertsona eta jokalari moduan helduago».

Bederatzi hilabete min hartuta egon eta gero, larunbat honetan ligan jokatuko duzu berriro. Zer moduz daukazu belauna?

Espero baino hobeto nago, baina gustatuko litzaidakeen baino zertxobait okerrago.

Euskal Kopako partidan itzuli zinen taldera, abenduaren 22an. Nola sentitu zinen?

Oso hunkigarria izan zen zale eta taldekide guztiak niri txaloka ikustea. Fisikoki espero baino hobeto sentitu nintzen. Oraindik ere belauna hazi egiten zait. Hala gertatzen denean, deseroso nago, eta mugimendu batzuk egiteko orduan zalantza gehiago ditut. Baina partidan belaunaz ahaztea lortu nuen, eta natural jokatu nuen, mugimenduak saihestu gabe. Dena den, partida hura bezain hunkigarria eta berezia izan zen multzoarekin egin nuen lehen lan saioa. Eguneroko dinamikaren hutsunea nabaritzen nuen.

Haiek harritu egin omen ziren, hainbeste denbora min hartuta egon eta gero zenuen joko maila ikusita.

Bai, lasai hartzeko ere esan zidaten. Baina nire kabuz baloiarekin lan asko egin dut hilabete hauetan, eta, horri esker, maila hori ez galtzea lortu dut.

Normala da belauna hazita izatea eta deserosotasun nahiz zalantza horiek izatea, ezta?

Bai. Belaunak ohituz joan behar du. Asmoa da pixkanaka taldean sartzea eta partidak jokatzen hastea. Izan ere, lehiaketa erritmoa ere galduta daukat. Egunez egun joango gara ikusiz belaunak nola erantzuten duen. Baina uste dut jokatu ahala beldur eta zalantza horiek uxatuz joango naizela. Aurrera begiratu nahi dut,eta gertatutakoa ikasgai gisa hartu.

Hilabete hauetan bizi izandakoak zer irakatsi dizu?

Batez ere balioa ematen ondo zauden momentuei. Gainera, ikusten duzu zein dauden zure ondoan: familia, lagunak, taldekideak... Oso babestuta sentitu naiz hasieratik. Asko eskertzen diot klubari, une oro egon baitira nirekin. Alicia Fernandez taldekide ohia eta Monica Ausas oraingo taldekidea izan dira nire bidaideak hilabete hauetan. Haiek ere denbora luzez egon dira min hartuta. Esperientzia, zalantza eta sentipen asko partekatu ditugu, eta elkarri asko lagundu diogu. Akuilu eta babes izan gara.

Ikasgai horiek zertarako balioko dizute etorkizunean?

Bederatzi hilabete hauek gogorrak izan dira. Izan ere, beste belauneko lotailua apurtu nuenean, dena ondo joan zen, gazteagoa nintzen, eta ez nuen maila gorenean jokatzen. Orain, ordea, helduagoa naiz, eta gauzak beste modu batera ikusten ditut. Gertatutakoak psikologikoki indartsuago egin nau, eta helduagoa bai pertsona bai jokalari moduan. Pistan ere izan dezake horrek eragina. Jokalari bizia eta abiadura handikoa izan naiz beti. Orain ere hala jarraitu nahi dut neurri batean; baina, agian, patxada handiagoarekin jokatuko dut, eta gehiago jaurtiko dut kanpotik.

Oso desberdinak izan dira, beraz, bi osatze prozesuak?

Bai. Ezkerrekoa apurtu nuenean, primeran joan zen dena, gorabeherarik gabe. Orain ere hala joatea espero nuen. Are gehiago kontuan hartuta talde profesional batean baliabideak gehiago direla: fisioterapia sesio gehiago, mediku gehiago nire lesioa zaintzen, uretan osatzeko saioak... Orduan baino hiru aldiz lan gehiago egin dut osatzeko: bost bat ordu egunero, eta emaitza okerragoa izan da. Abisatu zidaten belaun bakoitza desberdina dela, baina ez nuen hau espero.

Ebakuntza egin eta hilabetera konturatu zineten gauzak ez zihoazela ondo.

Bai. Konturatu ginen belauna luzatzea eta tolestea kosta egiten zitzaidala. Egunak eta egunak eman nituen lanean hori konpontzeko: fisioterapia, uretan ariketak, gimnasioko lana... Saio bakoitzean graduren bat irabazten nuen belauna luzatzeko eta tolesteko orduan. Baina hurrengo egunean berriro atzera egiten nuen. Nahiz eta ni ez konturatu, oinez ere ez nintzen ondo ibiltzen. Frustratu eta itsutu egin nintzen egoera ikusita. Belauna ez zela ondo osatzen eta fibrosia nuela ikusi genuen, eta hori konpontzeko modua belauna garbitzeko beste ebakuntza bat egitea zen. Itxaropen gisa hartu nuen hori. Dena konponduko zela zirudien. Baina ebakuntza egin eta gero, belauna puzten hasi zitzaidan, eta berriro ere atzera egin behar izan genuen.

Pentsatu al zenuen eskubaloia utzi beharko zenuela?

Hori agian ez. Baina pentsatu nuen erronka izan behar zuela belauna bizimodu normal bat izateko moduan edukitzea. Itzultzeko epeak ahaztu egin nituen, eta argi izan nuen behar zuen denbora emango niola belaunari osatzeko, eta gero ikusiko nuela.

Lesioa zure kirol ibilbideko garairik onenean ailegatu zen. Uste duzu maila hura berreskuratu ahal izango duzula?

Denbora beharko dut horretarako. Baina aukerak ikusten ditut. Itxaropena eta ilusioa ditut. 23 urte besterik ez dut, gaztea naiz, eta denbora badut horretarako, Bai maila hori berreskuratzeko, baita hobetzeko ere.

Ro'Casa liderra lau puntura dago. Kanpotik nola ikusi duzu taldea? Eta liga?

Aurreko denboraldiei erreparatuz gero, argi dago lau puntu asko direla. Ezin ditugu puntu gehiago galdu. Baina taldeak oso izaera borrokalari eta lehiakorra du, eta sinetsita gaude gauzak ondo eginez gero oraindik ere aukera izango dugula liga irabazteko. Ilusio hori daukagu. Talde honek beti eman du bere maila, eta zailtasunak gainditzen jakin du. Sasoi amaieran jokalari garrantzitsu eta erabakigarri asko joan zitzaizkigun, baina jakin dugu ilusioarekin eta gaztetasunarekin hori gainditzen. Judith Sans joatea izan da azken kolpea, defentsan oso jokalari garrantzitsua zelako. Baina, orain, taldeko hemezortzi jokalariak jokatzeko moduan gaude, eta espero dugu denen artean goran jarraitzea.

Ro'Casak huts egin dezakeela uste duzu, beraz?

Zaila izango da, baina liga oso luzea da: lesioak izan ditzakezu, partida txarren bat eduki... Aurreko sasoian guri hori pasatu zitzaigun. Hemendik aurrera, gainera, Ro'Casa Europan lehiatuko da, eta, horren ondorioz, nekea ere pilatuz joango zaie. Asteburuan Guardesen kontra jokatuko dute, eta, haiek galduz gero eta guk irabazi, bi puntura jar gaitezke. Hori lortuz gero, uste dut edozer gauza gerta daitekeela. Dena den, partidaz partida joan behar dugu, aurkariei erreparatu gabe eta gure lana ondo eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.