Israelen aurkako oihua ozen entzun da Gasteizen

Ehunka pertsona mobilizatu dira Maccabi Tel Aviv talde israeldarrak Gasteizen jokatu duela gaitzesteko. «Israelgo Estatuaren normalizazioari» ekarpena egiten diola kritikatu diote Baskoniaren zuzendaritzari.

Isarelen aurkako manifestazioa, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Isarelen aurkako manifestazioa, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
unai etxenausia
2025eko otsailaren 7a
21:00
Entzun

«Halako ekimenak ez dira inondik ere kasualak: Israelgo Atzerri Ministerioak berak diseinatutako propaganda planaren barruan txertatuta daude». Milaka pertsona bildu dira Gasteizko kaleetan, Maccabi kanpora! lelopean egindako manifestazioan. Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatutako mobilizazioak Baskoniaren eta Maccabi Tel Aviv taldearen arteko partida salatu du, euskal erakundeen eta Euroligaren «konplizitatea» gaitzetsiz. Gasteizko hainbat elkarte politiko eta sozialek babestu dute protesta. Guztira 40 saskibaloi taldek, 91 kirolarik eta 65 eragilek egin dute bat aldarrikapenarekin.

Plataformak norgehiagoka bertan behera uzteko eskatu zuen duela aste gutxi, eta, Baskoniaren zuzendaritzarekin bildu arren, kluba ez zen horretarako prest azaldu. Beraz, Baskoniaren zuzendaritza kritikatu du plataformak lehenbizi, Maccabiren presentziak «Israelgo Estatuaren normalizazioari egiten dion ekarpena» nabarmenduz. Erantzuletzat jo dituzte beste hauek ere: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia —Buesa Arenaren jabea da—, Gasteizko Udala —garraio zerbitzua antolatu du— eta Maccabi etortzearen aurka ezer egin ez duten alderdi politikoak. 

Palestinaren aldeko indar erakustaldia izan da Iparralde gizarte etxetik atera den manifestazioa. Israeli boikota, Palestina askatu, Ibaitik itsasora Palestina izango da eta halako oihuak entzun dira ibilbidean zehar. Euria ez da oztopo izan, eta aterki artean egin dute bidea. 

Manifestazioa amaitu berritan, bertaratutakoak Buesa Arenaren inguruan geratu dira protestan, poliziak inguratuta. Ertzaintzak ez die pabiloira gerturatzen utzi, eta segurtasun neurriak zorrotzak izan dira. Ertzaintzaren furgoneta ugari izan dira pabiloi inguruan. Bestalde, Indar Baskonia zale taldeak neurketan protesta egiteko deia egina zuen lehen laurdenean harmaila hutsik uzteko, baina azkenean ez dira sartu, Ertzaintzak Ibaitik itsasora zihoen pankarta kendu dielako, eta pabiloiko ate gehienak itxi egin dituztelako. Lehen laurdena amaitu arte han segitu dute hainbat manifestarik. 

«Propaganda plana»

Manifestazioaren amaierako komunikatuan adierazi dute «Palestinarekiko egiazko elkartasuna Israelen eta haren konplizeen aurkako borrokaren eskutik» doala, eta kirol lehiaketa eta partida horiek «Israelgo Atzerri Ministerioak diseinatutako propaganda planaren barruan» daudela. Alde horretatik, Maccabiren aurka agertzearen garrantzia azpimarratu dute, gaurkoa bezalako norgehiagokak «oso garrantzitsuak» baitira Israelentzat.

Horretaz gain, Israelgo Estatua, Mendebaldeko gobernuen eta «euskal instituzio, banketxe eta enpresen babesa» eta NATOren eta Europako Batasunaren «agenda militarista» ere salatu dituzte: «Guk argi dugu Israelen izaerak ezinezko egiten duela Palestinaren askatasuna. Izan ere, estatu sionistaren oinarrian daude palestinarren kolonizazioa eta garbiketa etnikoa. Estatu supremazista hori desagertuta soilik etor daiteke Palestinaren eta Asia Mendebaldeko gainontzeko herri langileen askatasuna».

Gogoratu dute Palestinako egoera muturrekoa dela oraindik ere. Israelek erasoaldia hasi zuenetik urte eta erdira, sarraskia «izugarria» da: «Gazan hamarnaka mila hildako eta zauritu, ehunka mila errefuxiatu, eta oinarrizko azpiegitura suntsituta. Zisjordanian, berriz, kolonia berrien eraikuntza, hilketa indiskriminatuak eta palestinarren atxiloketa masiboak. Hilabete hauetan aurrez aurre ikusten ari gara basakeria kapitalistak ez duela mugarik».

Azkenik, Mendebaldeko estatuek eta euskal erakundeek Israelgo politikekin duten «konplizitatea» ere salatu dute: «Banketxeak, euskal enpresak, Espainiako eta Frantziako gobernuak, NATO eta Europako Batasunaren agenda militarista». Horregatik, mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute, «Israel normalizatzen duten ekimenen eta sionismoaren konplizeen» aurka.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.