Mikel Urrutikoetxearen egunik handienen lekuko izan da Bilboko Bizkaia pilotalekua. Han aritu da Zaratamoko (Bizkaia) aurrelaria lehen mailan jokatu dituen zazpi finaletan. Eta hantxe iragarri du gaur irailaren 20an hartuko duela erretiroa, 36 urterekin. Nola ez, Bilbon jokatuko du azkeneko aldiz. Egun horretan emango du bukatutzat hamasei urteko kirol ibilbide oparoa. Urte erdi falta da azken neurketa horretarako, eta, tarte horretan, hainbat norgehiagoka jokatuko ditu pilotazaleei esker ona adierazteko.
Baikoko pilotariak prentsaurrekoa eman du bere asmoen berri emateko. Enpresako arduradun nagusiak izan ditu ondoan: alboan, Aimar Olaizola kirol zuzendaria; eta, parean, Jose Ramon Garai arduradun nagusia eta Unai Iglesias zuzendari komertziala. Pilotaririk ez da egon. Hunkitu egin da zenbait alditan.
Lehenbizi, eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan egunero ondoan izan dituenei: etxekoei —aitari, amari, arrebari eta emazteari—, lankideei, lagunei eta pilotazaleei. Eskerrak eman dizkie, halaber, izan dena izatera iristen lagundu dieten entrenatzaileei —Adolfo Agirreri, Mikel Etxegiari, Anizeto Lazkanori eta Pablo Berasaluzeri—, prestatzaileei —Josetxo Areitiori eta Iker Lopezi— eta enpresari.
Jarraian, haren kirol ibilbidearen errepasoa egin du. Azaldu duenez, 6 urte zituela hasi zen herriko Upo Mendi klubean pilotan, eta orduan haren ametsa orduko pilotari erreferenteen aurka jokatzea zen, baita finaletako giroa bizitzea ere. «Pixkanaka, ametsak betetzen hasi ziren, eta, 16 urte nituela, Aimarrekin buruz buruko entrenamendu bat egiteko deitu zidaten. Handik lau urte eskasera debutatu nuen [Arrigorriagan]. Galdu arren, inoiz ez dut ahaztuko egun hura».
2013ko eta 2014ko buruz buruko txapelketak jo ditu «mugarritzat». «Finalerdiak jokatu nituen bietan: 2013an, Aimarren aurka, eta, 2014an, Irujoren kontra. Orduan hasi nintzen sinisten gorenera irits nintekeela». Baina, aitortu duenez, inoiz ez zuen pentsatuko «historia» egingo zuenik. Izan ere, esku huskako hiru modalitateetan —buruz buru, lau eta erdian eta binaka— gutxienez txapel bat irabazi duen zortzi pilotarietako bat da. Julian Retegi, Fernando Arretxe, Juan Martinez de Irujo, Aimar Olaizola, Abel Barriola, Oinatz Bengoetxea eta Jokin Altuna dira hori lortu duten beste zazpiak.
«Helburu guztiak bete ostean, helburu bakarra daukat: sasoi onean arituz uztea eta neure buruarekin gustura amaitzea»
MIKEL URRUTIKOETXEABaikoko pilotaria
Urrutikoetxeak behin irabazi du txapela modalitate bakoitzean. Jarraian irabazi zituen, hamar hilabete eskasean: ekain amaieran, buruz buruko txapeldun izan zen, finalean Olaizola II.ari 22-19 irabazita —Bengoetxea VI.a ordezkatu zuen finalean, leitzarrak azken orduan min hartu eta gero—; azaro amaieran, berriz, lau eta erdiko txapela jantzi zuen, finalean Irujori 22-20 nagusituta; azkenik, apiril hasieran, binakakoan gailendu zen, hura atzelari zela, Olaizola II.arekin, finalean Irujo eta Beñat Rezusta menderatuta. Irujok min hartu zuen irabazleak 16-10 aurretik zirela.
Beste lau final jokatu ditu maila nagusian: buruz buru, bitan galdu zuen Iker Irribarriaren aurka, 2016an eta 2019an; lau eta erdian, berriz, Altuna III.aren kontra galdu zuen 2017an; azkenik, binaka, hark eta Olaizola II.ak Ezkurdiaren eta Julen Martijaren aurka galdu zuten 2020an. Hori izan da Urrutikoetxeak jokatu duen azkeneko finala.
Sake eta erresto ona, eskuin indartsua, eta bolea eta gantxo ezin eraginkorragoak. Dohain horiek eraman zuten gorenera. Baina ezer ez da betiko, eta azken urteetan goitik behera egin du Hala ere, enpresak beste urtebeterako berritu zion kontratua iazko abenduan. Lehenago utziko du, eta sasoi onean dagoela utzi nahi du.
«Oso pozik eta harro» dago
Urrutikoetxea «oso pozik eta harro» dago egindako kirol ibilbidearekin. «Hiru txapel horietatik bat Aimarri irabazi nion; beste bat, berriz, harekin irabazi nuen. Betirako gordeko dut argazki hori etxean, nire lorpenen artean».
Ibilbide guztiek dituzte garai txarrak, eta, Urrutikoetxearenak ere izan ditu. Kontatu duenez, 2019an buruz buruko finala galdu eta gero, lesio luzea izan zuen, eta osatzen ari zela, ama hil zitzaion. «Nire bizitzako garairik zailena izan da, nire bizitzako zutabe nagusia erori baitzitzaidan».
Jarraian etorri zen pandemia, eta Baikoko pilotarien lan gatazka. Hark, Olaizolak eta Ander Imazek izan ezik, enpresako beste pilotari guztiek egin zuten greba. «Eragin sakona izan zuen nigan, eta zulo beltz batean erori nintzen. Garai luze batean egon nintzen nire onena eman ezinda; ez nintzen zoriontsu pilotan jokatzen, ez nuen gozatzen». Laguntza eskatu zuen. «Igor Jauregi Realeko jokalari ohi eta psikologoarekin hasi nintzen lanean, eta argia ikusten hasi nintzen. Bide luzea izan zen, baina zulotik irtetea lortu nuen. Asko diot eskertzeko Igorri». Bizipen hori baliatu du kirolarien «arlo emozionalaren garrantzia» nabarmentzeko.
«Inork lortu ez duena lortu du: postua aldatuta txapeldun izatea. Nire ustez, egon den pilotaririk osoenetako bat izan da»
AIMAR OLAIZOLABaikoko kirol zuzendaria
«Asko» kostatu zaio erabakia hartzea, pilota haren «bizitza» izan baita. Baina ez du izan zalantzarik. «Sakon pentsatuta, har dezakedan erabakirik zuzenena dela iruditzen zait. Pilotan dauden helburu garrantzitsu guztiak bete ostean, orain, helburu bakarra daukat: sasoi onean arituz uztea eta neure buruarekin gustura amaitzea. Ondo ari naiz, eta udan horrela uztea gustatuko litzaidake. Maitatua sentitu naizen tokietan jokatu nahi dut, nire esker ona adierazteko». Ez daki zer egingo duen erretiroa hartzean, baina esan duenez, modu batera edo bestera jarraituko du pilolari lotuta.
Olaizolak eskerrak eman dizkio Urrutikoetxeari. Hura goratu du. «Enpresaren pilotaririk garrantzitsuenetako bat izan da. Oso inportantea izan da kantxa barruan eta kanpoan; kirolean izarra izan da, baina balio oso garrantzitsuak transmititu ditu. Oso gutxik lortutakoa lortu du: hiru modalitateetan txapela irabaztea. Horrekin dena esanda dago. Baina inork lortu ez duena lortu du: postua aldatuta txapeldun izatea. Nire ustez, egon den pilotaririk osoenetako bat izan da».