Mikel Nievek erretiroa hartuko du sasoi amaieran

Mikel Nieve, aurten Itzulian Leitzan egin zioten omenaldian. CAJA RURAL.
2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Mikel Nievek bukatutzat eman du bere kirol ibilbidea, 38 urterekin. «Munduko lasterketarik onenetan hamabost urte egin ondoren, urte honen amaieran txirrindularitza profesionalari agur esateko ordua iritsi da», zioen atzo leitzarrak sare sozialetan zabaldu zuen gutunean.

Esker oneko hitzez beteta dago mezua. «Gozamena izan da tropelean txirrindulari ibili eta tropel horren inguruan txirrindulari mundua osatzen dutenekin esperientzia hau bizitzea». Azaldu zuenez, ibilbide profesionalean emandako urteak «ahaztezinak» izan dira. «Beste esperientzia batzuk bizitzen hasteko momentua iritsi da. Eskerrik asko!».

Nievek 2008an egin zuen debuta profesionaletan, Orbea-Oreka SDA taldean. Gerora, beste hainbat taldetan ere lehiatu da: Euskaltel-Euskadi, Sky, Mitchelton, Bike Exchange eta Caja Ruralen. Palmares ederra du: hiru etapa irabazi ditu Italiako Giroan —mendiko sailkapena irabazi zuen 2016an—, beste bat Espainiako Vueltan, eta beste bat Dauphinen. Sei aldiz sailkatu da lehen hamarren artean itzuli handietan: lautan Vueltan, eta bitan Giroan. Maisua izan da laguntzaile lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.