Mikel Gonzalez: «Ez gaude erabat pozik lortutako emaitzekin»

Athleticek esan du Iñigo Martinezi eskaintza bat egin ziotela, baina haren ordezkariak esan ziela jokalariak ez zuela taldean jarraitu nahi

Jon Berasategik, Jon Uriartek eta Mikel Gonzalezek denboraldiaren balantzea egin zuten atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Athleticen 2022-2023ko denboraldia hiru hitzetan laburbildu du Jon Uriarte klubeko presidenteak: autokritika, anbizioa eta baikortasuna. Izan ere, Uriartek aitortu du ez dituztela lortu hasieran ezarri zituzten helburuak. Europara ailegatzea zen gizonen taldearen helburua, eta seigarren postuan geratzea emakumeena. «Anbizioz betetako helburuak ezarri ditugu, eta ertzean geratu gara». Era berean, Mikel Gonzalez kirol zuzendariak aitortu du ezin direla «erabat pozik» egon lortutako emaitzekin.

Nahiz eta autokritikarako garaia izan, Uriartek adierazi zuen «baikor» daudela. «Orain, denok frustrazioa sentitzen dugu, baina horrek esan nahi du altxatuko garela eta hurrengo denboraldian helburu ausartak jarriko ditugula». Haren iritziz, gizonen eta emakumeen lehen taldeetan, jokalari eta entrenatzaile onak dituzte, eta horrek aukerak emango dizkie hurrengo denboraldian zehazten dituzten helburuak lortzeko.

Hurrengo denboraldiari begira, lehen mailako bi taldeetako entrenatzaileen inguruan mintzatu zen Uriarte. Oraingoz ez dute jakinarazi nork ordezkatuko duen Iraia Iturregi: «Entrenatzaile baten bila ari gara, eta espero dut hurrengo egunetan albisteak izatea». Bestalde, Ernesto Valverde hurrengo denboraldirako entrenatzailerik «egokiena» dela uste du Uriartek.

Jokalarien inguruan ere aritu ziren. Izan ere, Iñigo Martinezen irteerak hautsak harrotu ditu. Jokalariak adierazi zuenez, ez du Athleticen jarraitzeko eskaerarik jaso. Klubak, ordea, gezurtatu egin zuen hori. Eta berretsi zuen ez dutela beste taldeetatik eskaera formal bat ere jaso Martinez fitxatzeko. «Athleticek beti nahi izan du Iñigo klubaren parte izan dadila, eta, horregatik, aurreko zuzendaritza batzordeak hasi zuen negoziazioa, eta idatziz bidali zion eskaintza iazko apirilean», argitu zuen Jon Berasategi zuzendari nagusiak.

Zuzendaria aldatu zenean, Uriartek negoziazioarekin jarraitu zuen. «Iazko uztailaren 11n, Iñigo Martinezen ordezkariarekin bildu nintzen, eta azaldu nion jokalari garrantzitsua zela guretzat», gogoratu zuen Uriartek. Lau egun geroago, ordea, ordezkariak Uriarteri adierazi zion Iñigo Martinezek Athletic utzi nahi zuela, beste klub baten eskaintza jaso zuelako. «Klub baten ordezkariaren deia jaso genuen, esanezfitxatu egin nahi zutela», esan du Berasategik. Eta zehaztu zuen dei horretan ez zutela beste klub horren eskaintza formalik jaso. Hortik aurrera, jokalariaren ordezkariak argi utzi zuen jokalariak ez zuela talde zuri-gorrian jarraitu nahi. Klubak saiakeraren bat egin du, baina ez du emaitza onik lortu.

Beste moldaketa batzuk

Iñigo Martinezen irteeraz gain, beste aldaketa batzuk ere iragarri ditu azken egunotan klubak; besteak beste, Iñigo Ruiz de Galarreta talde zuri-gorrira itzuliko da, eta Oier Zarragak eta Ander Capak ez dute bertan jarraituko. Baina badaude oraindik argitu ez diren kontuak. Raul Garciaren kontratu berritzeak zeresana eman du. «Denboraldi osoan zehar, harremanetan egon gara harekin eta haren ordezkariarekin. Zerbait iragarri ahal dugunean, iragarri egingo dugu», baieztatu zuen Gonzalezek. Eta Berasategik ziurtatu zuen Europan jokatzeak edo ez jokatzeak ez duela eraginik izango Raul Garciaren kontratua berritzean.

UEFAk berretsiko balu Osasunak diziplina arauak urratu dituela, Iruñeko taldeak ez luke jokatuko Konferentzia ligan hurrengo sasoian. Athleticek jokatuko luke. «Ikerketa abian dagoela: ez dakigu besterik», azaldu zuen Berasategik. Eta ziurtatu zuen haiek ez dutela zerikusirik izan espedientea irekitzearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.