Espainiako Superkoparen berri ongi baino hobeki daki Mikel Balentziagak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1988). Athleticen hamabi denboraldiz jokatu ondoren, bi titulu irabazi zituen ezker hegaleko atzelariak, eta biak Espainiako Superkopakoak: 2015ean lehena, eta 2021ean bigarrena. Bietan ezinbesteko jokalaria izan zen, gainera. «Une polit asko bizi ahal izan nuen Athleticen, eta bi titulu horiek oso bereziak izan ziren». Futboletik erretiratu ondoren, entrenatzailearen laguntzaile lanetan ari da orain Sopelako Ugeraga taldean (Bizkaia), Javi Gonzalez Athleticeko jokalari ohiarekin batera, eta balio handia ematen dio orduan lortutakoari: «Ezustean, talde erraldoiei irabazteko gai izan ginen». Bada, gai ikusten ditu zuri-gorriak berriz ere garaikurra Bilbora ekartzeko. Gaur jokatuko dute finalerdia, Bartzelonaren aurka, Jiddan (Saudi Arabia).
Garaikurren apalean guztira hiru Espainiako Superkopa ditu Athleticek. 1984an lortu zuen lehena, Javier Clementeren gidaritzapean, partidarik jokatu beharrik izan gabe; Espainiako Liga eta Espainiako Kopa zuri-gorriek irabazi zituztenez, zuzenean eman baitzioten Superkopako titulua. Urteetako lehortearen ondoren, 2015ean iritsi zen bigarrena, Ernesto Valverderekin. Joan-etorriko finala jokatu zuten Athleticek eta Bartzelonak: etxean 4-0 nagusitu ziren zuri-gorriak joaneko partidan, San Mamesen, eta itzulerakoan bana berdindu zuten, Bartzelonan. Bi partidetan hasieratik aritu zen Balentziaga, eta nabarmentzeko lana egin zuen, Lionel Messi zaintzea egokitu zitzaion eta. «Etxeko partida izugarria izan zen, 4-0ekoa. Abuztua zen, eta San Mamesen aparteko giroa sortu zen. Halere, beldurrez joan ginen Bartzelonara, baina eutsi genion tituluari. Sari handia izan zen».
2015ean ez ezik, 2021ean ere aparteko lana osatu zuen, Marcelino Garcia Toralen agindupean, Sevillan (Espainia). Athleticek Real Madril garaitu zuen finalerdietan (2-1), eta Bartzelona finalean (3-2). Yuri Berchicheren azken orduko lesio baten ondorioz, bi partidatan hasieratik jokatzea egokitu zitzaion Balentziagari, eta Rafa Alkorta orduko kirol zuzendariak esan zuen Balentziaga bera izan zela Superkopako jokalaririk onena. «Ez nintzen ari asko jokatzen, eta Yuriren lesioarekin, atea zabaldu zitzaidan. Une txarra bizitzen ari ginen, baina Marcelinok lan izugarria egin zuen. Animoz eta motibazioz josi gintuen, eta beltzetik zurira igaro ginen titulu horrekin. Mugarria izan zen titulu hura, eta festa handia izan genuen aldageletan».
«Honetara ezkero, Athletic gai da txapeldun izateko ezustekorik eman gabe. Hori taldearen bilakaeraren erakusgarri oso ona da»
MIKEL BALENTZIAGAAthleticeko jokalari ohia
Bi titulu irabaziagatik, gabarrak ez zuen uretarako biderik hartu, horretarako neurri handiagoko titulu bat irabazi behar dela uste baitzuen klubak. Penarik ez du Balentziagak. Inbidia, bai: «Penarik ez, inbidia galanta sentitzen dut. Coruñan nengoen orduan [Deportivon ari zen], eta tentsio latzarekin bizi izan nuen finala, betiko mamuak azaldu zirela uste bainuen. Zorionez, dena ondo joan zen». Finalaz gain, gabarraren irteerak ere Galizian harrapatu zuen. «Familia osoa Bilbon zegoen, baina ni ez. Egun horretan bai pasatu nuela inbidia! Dena den, izugarrizko poza neukan lagunengatik. Merezi zuten halako titulu bat». Asko eta asko oroitu ziren Balentziagaz gabarran. «Zorioneko sentitu nintzen nire izena ere aipatu zutenean».
«Inoizko Athletic onena»
Horixe da Athleticeko zaleek burutan duten galdera orain: Athletic izango al da gai berriz ere gabarra uretaratzeko? Balentziagak uste du baietz, Valverdek «berme handiko taldea» eraiki duelako. «Aurtengoa da inoiz ikusi dudan Athletic onena, dudarik gabe. Iragan sasoikoa ona zen, baina aurtengoa, hobea. Valverdek lortu du hemezortzi jokalariko multzo batek ongi funtzionatzea, eta, epe luzera begira, hori da gakoa». Berme handikoa taldea da Athletic, haren ustez. «Gidaria Valverde da. Ez dago entrenatzaile hoberik talde horretarako. Kluba ezagutzen du, filosofia ere bai, harrobia… Aurkari guztiek esaten dute zaila dela Athleticen erritmoari eustea, eta Valverderen meritua ere bada hori».
Ordea, taldea izango al da gai maiatzera bitarte erritmo horri eusteko? «Baietz uste dut. Oreka handia dago jokalari guztien artean. Ez da hainbeste nabaritzen titularren eta ordezkoen aldea». Nico Williamsek taldean jarraitzeko hartutako erabakia goraipatu du. «Klubarekiko sentimenduaz gain, zuzendaritzak lortu du Athletic oso talde erakargarria izatea, eta garrantzitsua da onenek Bilbon jarraitu ahal izatea. Nicoren apustua garbia izan da, eta gainerako jokalariak kutsatu egingo dira».
Superkopari begira, Balentziaga ez litzateke harrituko Athletic txapeldun izango balitz. «Honetara ezkero, Athletic gai da txapeldun izateko ezustekorik eman gabe. Hori taldearen bilakaeraren erakusgarri oso ona da. Ez dut esango Valverderen taldea faborito denik, baina aukera badu tituluaz jabetzeko».
ERNESTO VALVERDE: «aspalditik GAUDE HONEN ZAIN»
Ernesto Valverderen arabera, taldea «ilusioz» dago Superkoparekin. «Aspalditik gaude honen zain. Gure asmoa da gure aukerei ahalik eta etekin gehien ateratzea. Aurkari indartsua dugu, eta ez gara faborito, baina jokatu egin beharra dago. Barruan dugun guztia emango dugu. Lehenbizi, lehiakor izan behar dugu, eta, horretarako, gure maila eman behar dugu. Lehiaketa laburragoa da, baina guretzat esanahi handia du titulu bat irabazi ahal izateak». Nico Williams atzo ez zen entrenatu, kolpea baitu ezker orkatilan. Ikusteko dago gaur jokatuko duen edo ez.
Jon Uriarte presidenteak, berriz, diruaren «banaketa bidezkoagoa» eskatu zuen, Athleticek 1,3 milioi euro jasoko lituzkeelako finala jokatzeagatik, eta Bartzelonak eta Real Madrilek sei milioi. Saudi Arabian jokatu beharrean «zaleengandik gertu» jokatzea ere eskatu zuen.
ATHLETIC-BARTZELONA
Athletic. Agirrezabala; Gorosabel, Vivian, Paredes, Yuri; Prados, Jauregizar; Williams, Sancet, Berenguer; eta Guruzeta.
Bartzelona. Iñaki Peña; Kounde, Cubarsi, Iñigo Martinez, Balde; Marc Casado, Pedri; Lamine Yamal, Gavi, Rapinha; eta Lewandowski.
Epailea. Ortiz Arias.
Lekua. Jiddako Abdullah erregearen estadioa (62.242 ikusle).
Ordua. 20:00 (Movistar Plus).