Sasoia amaitzean agur esango dio Athletici Mikel Balentziagak. San Mameseko prentsa aretoan eman du albistearen berri Zumarragako atzelariak, taldekide guztiak bertan zeudela. Hamabi urte egin ditu Athleticen lehen taldean, eta 321 partida jokatu ditu elastiko zuri-gorriarekin. Gainera, Athleticen azken bi garaikurrak irabazi ditu Balentziagak: 2015eko eta 2020ko Superkopak. Gaur egun 35 urte ditu, baina ez du futbola uzteko intentziorik; beste talde batean arituko da datorren sasoian.
2008an iritsi zen Zumarragakoa Bilbora, Realetik. Hala ere, hiru urte eman ditu Athleticetik kanpo. Numantzian eta Valladoliden utzita aritu zen, baina Ernesto Valverderekin itzuli zen San Mameseko taldera. Valverderekin egindako lehen sasoian Txapeldunen Ligarako sailkapena lortu zuen, gainera.
Balentziagak argi utzi du Athleticen ez jarraitzeko erabakia klubarekin adostutakoa izan dela, sasoi honetan oso aukera gutxi izan baititu berdegunean egoteko. Uriarte ondoan izan du prentsaurrekoan, eta presidenteak nabarmendu du atzelariak Bilboko klubaren «balio guztiak» batzen dituela: «Klubeko edozeinekin hitz eginez gero, inork ez dizu Balentziagaren inguruan ezer txarrik esango», gaineratu du. Balentziagak berak, berriz, balioen transmisioa izan du mintzagai. «Taldean niri transmititu zizkidaten balioak transmititzeko gai izan naiz. Orain, taldera begiratzen dut, eta horrek berdin jarraitzen duela ikusten dut. Beraz, lasai geratzen naiz». Gainera, Athleticen daukan azken helburua taldea Europara sailkatzea dela aitortu du: «Bihartik aurrera entrenamendu bakoitzean zuek denak estu hartzen jarraituko dut, dauzkagun bederatzi jardunaldi garrantzitsu hauek amaitu arte», esan die taldekideei.