Miguel Santos Lagun Aro GBCko presidente ohia larri dago erietxean

Auto istripua izan du goizean Etxegaraten gora; ez du barne lesio larririk, ezta odol isuririk ere garunean

Andoni Urbistondo.
Donostia
2013ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Miguel Santos Lagun Aroko ohorezko presidentea erietxean dago larri, atzo goizean Etxegaraten gora auto istripua jasan ostean. Istripua bera nola, zergatik gertatu zen argitzeko dago oraindik, eta Ertzaintzak ikerketa abiarazi du istripuaren xehetasunak argitzeko. Gasteizera bidean, Urtsuarango bidegurutzetik gertu izan zuen istripua Santosek, eta autoa irauli egin zen. Baieztatu gabeko informazio batzuen arabera, GBCko presidente ohiak ondoeza sentitu zuen, eta konortea galdu. Ez dago ziur, ordea, istripua horren ondorioz gertatu den edo ez.

Anbulantzia batek Donostiako erietxe batera eraman zuen Miguel Santos, eta lehen azterketa baten ondoren, berriak ez ziren hasieran esan zirenak bezain larriak izan. Santos «larri» dagoela baieztatu zuten medikuek, baina «egonkor». Barne organuetako lesiorik ez daukala baieztatu zuten, eta garuneko odol isuririk ere ez. Bart arratseko berria da hori, Santos Zaintza Bereziko Unitatean dagoela zioena.

Miguel Santos pertsona aski ezaguna da Donostian eta Gipuzkoan. Hainbat futbolari eta entrenatzaileren ordezkaria, Gipuzkoako bi kirol klub garrantzitsuenetan parte-hartze esanguratsua izan du. Realeko presidente izateko hautagai izan zen 2005ean, baina Miguel Fuentesek irabazi zituen hauteskundeak. Lagun Aro GBC taldearen sorkuntza prozesuan parte hartu zuen 2001ean, eta ondorengo urteetan presidente kargua ere hartu zuen bere gain. Duela lau urte lekukoa eman zion Gorka Ramonedari, eta egun GBCko Ohorezko presidentea da. Lagun Arok Illunben jokatzen dituen partida asko jarraitzen ditu zuzenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.