Miguel Artxanko eta Txuma Peralta espetxeratu ditu epaileak

Baldintzarik gabeko kartzela zigorra ezarri dio zuzendaritzako kide ohiari.Presidente ohiak milioi erdiko bermea ordaindu behar du aske geratzeko

Miguel Artxanko eta Txuma Peralta, auzitegitik ateratzen, epailearen aurrean deklaratu ostean. VILLAR LOPEZ / EFE.
Iñaki Lasa Etura.
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Gero eta handiagoak dira Angel Bizkai Osasunako kudeatzaile ohiak eragindako lurrikararen ondorioak. Miguel Artxanko Osasunako presidente ohia eta Txuma Peralta zuzendaritzako kide ohia kartzelan sartzeko erabakia hartu du Fermin Otamendik,Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegiko arduradunak. Artxankok 500.000 euroko bermea pagatu behar du espetxea saihesteko. Peraltari, ordea, baldintzarik gabeko zigorra ezarri dio epaileak. Bost delitu egozten dizkie epaileak: ondasunez bidegabe jabetzea, delitu sozietarioa, dokumentuak faltsutzea, kontabilitate delitua eta partikularren arteko ustelkeria.

Ziegan bigarren gaua jarraian pasatu ostean, atzo 11:00etan deitu zituen Otamendi epaileak. Saio laburra izan zen, ordu erdi ingurukoa. Osasunaren abokatuak ere parte hartu zuen, akusazioko parte gisa, eta hark 200.000 euroko bermea eskatu zuen klubeko bi agintari ohien aurka. Bi aldeak entzun ondoren, epaileak hiru bat ordu hartu zituen epaia erabakitzeko. 15:00ak aldera jakinarazi zuen kartzela zigorra. Ordubete geroago, epaitegitik Iruñeko kartzelara eraman zituzten Artxanko eta Peralta. Epailearen erabakiaren aurkako helegitea aurkez dezakete orain akusatuek. Bi bide dituzte: Instrukzioko 2. Epaitegian forma errekurtsoa jartzea edo Nafarroako Probintzia Auzitegian apelazio helegitea ezartzea. Epaileak sekretupeko sumarioa ezarri du.

Soka luzea ekarri du futbol ligak iragan azaroan agindutako kontuen ikuskatzeak. Agerian geratu ziren aurreko agintaldietan ustez egindako irregulartasunak —2,4 milioi euro zerga paradisu batera bidali ziren—, eta, ondorioz, otsailaren 19an justizia prozedura bat hasi zuten epaileek. Asko azkartu da prozesua azken egunotan. Espainiako Poliziak sei pertsona atxilotu zituen ostegunean eta ostiralean: Artxanko, Peralta, Bizkai, Patxi Izko presidente ohia, Juan Pascual presidenteorde izandakoa eta Diego Makirriain Osasuna fundazioko egungo zuzendaria.

Herenegun deklaratu zuten guztiek, eta Artxanko eta Peralta salbu, gainontzeko guztiak karguekin libre utzi zituen epaileak ostiral gauean. Bizkaik hamabost egunean behin epaitegira joan behar du. Aske geratu ostean, komunikabideen aurrean hitz egin zuen epaitegiaren kanpoan. «Garrantzitsua da zehaztea LFP [Espainiako Futbol Profesionala] ez dela ez nire aurka, ez Osasunaren aurka kereilatu». Bizkaik deklarazio luzea egin zuen ligaren inguruan, eta diru hori sei partidatako emaitzak adosteko erabili zirela aitortu zuen. Haren deklarazioak Osasunaren aurkako kirol arloko zigorra eragotzdezake.

Osasunak 2-0 galdu du

Epaitegietako zalaparta gutxi balitz bezala, kirol arloan ere pattal ari da Osasuna. Atzo, 2-0 galdu zuen Racingen aurka, Santanderren, eta jaitsiera postuetatik bi puntura dago orain. Iruñeko taldeak ez zuen ondo jokatu, eta erraztasunak eman zituen. Lehen gola Alvarok sartu zuen (44. min) eta bigarrena Granerok (63. min). Gol horretan Osasunaren atzeko lerroak huts handia egin zuen.

Alavesek, bestalde, Llagosteraren etxean jokatuko du gaur (16:00). Aurreko astean, azken sailkatuaren etxean galdu ondoren, zulora gerturatzea saihestu nahi dute gasteiztarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.