Fermin Otamendi Iruñeko Instrukzioko 2 zenbakiko Auzitegiko epaileak hemezortzi pertsona eseraraziko ditu Osasuna auziko lehen epaiketan. Besteak beste, partiden emaitzak adostea, taldearen kontabilitatea eta merkataritza agiriak faltsifikatzea eta diruaz modu bidegabean jabetzea egozten die. Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, instrukzioa bukatu du, eta akusatuen artean daude Manuel Artxanko Osasunako presidente ohia (2012-2014); haren zuzendaritzako hainbat kide, tartean Angel Luis Bizkai kudeatzailea; 2013-2014ko sasoi amaieran Osasuna zuzendu zuen kudeatzaile batzordeko ia kide guztiak eta Betiseko hiru jokalari ohi. Akusatuek, fiskalak eta salatzaileek —Osasuna bera eta Espainiako Futbol Liga—hogei egun dituzte helegitea jartzeko.
Bi urteko instrukzioaren ondoren, Osasuna auziko zatietako bat argituz doa. Bestea, Patxi Izkoren agintaldikoa —2002tik 2012ra artekoa—, beste sumario batean ikertzen ari da Otamendi bera. Atzo argitaratutako sumarioan, 2012. eta 2014. urteen bitartean Osasunatik justifikatu gabe irtendako 2,2 milioi euroak zertarako erabili ziren ikertzen ari da epailea, eta, haren ustez, hainbat delituren «zantzuak» daude. Epaileak informazio ugari bildu du; besteak beste, 55 auto idatzi eta 65 deklarazio bildu baititu.
Hasieran, 29 ziren inputatuak, baina 11 ez ditu epaituko. Libre gelditu direnen artean daude, besteak beste, Patxi Puñal eta Damia Abella Osasunako jokalari ohiak, Petar Vasiljevic kirol zuzendari ohia eta egungo entrenatzailea, Jorge Molina Betiseko jokalari ohia eta Sergio Garcia Espanyoleko jokalari ohia. Bizkaik, bere deklarazioan, esan zuen horiek ere partiden salerosketan parte hartu zutela, baina epaileak ez du halakorik frogatu.
Ikertzaileen arabera, Artxankok, Bizkaik eta haren zuzendaritzako kideek taldearen dirua erabili zuten «beste talde batzuetako jokalariei eman eta lehiaketa baldintzatzeko». 2012-2013ko denboraldian 900.000 euro irten ziren Osasunako diru kutxatik, eta, 2013-2014an, 1.440.000 euro. Otamendiren ustez, Betiseko jokalariei 400.000 euro ordaindu zitzaizkien Valladoliden aurka irabazteagatik, eta 250.000 Osasunaren aurka nahita galtzeagatik. Jokalari horiek, besteak beste, euren sakelako telefonoen kokalekuarengatik epaituko ditu, Osasunako ordezkariekin izandako negoziazio tokietatik gertu zeudelako. Jokalari horien banku kontuetan, halaber, eskudiru sarrera handiak egon ziren, eta, gero, ia bat-batean irten ziren. Aldiz, Espanyolen kasuan, Osasunak berdintzeagatik ez zuela ordaindu ondorioztatu du epaileak, emaitza horrek ez ziolako balio.
Horrekin bakarrik, baina, ez dira 2,2 milioi justifikatzen. Epailearen ustez, 2012-2013an Cristina Valencia eta Albert Nolla etxe agenteek 900.000 euro jaso zituzten, eta eurek Osasunatik «zehaztu gabeko diru kopuru» bat jaso izana onartu zuten agiri batean. 2013-2014an, Artxankok 675.000 euroko faktura bat, 445.000ko bat eta 445.000ko beste bat faltsutzeko agindu zion Bizkairi, Flefield Portugalgo enpresari eginiko hiru ordainketaren itxurak egiteko.
Artxankok 2014ko ekainean eman zuen dimisioa, eta taldea Javier Zabaleta buru zuen kudeatzaile batzorde baten esku gelditu zen. Bada, epailearen iritziko, batzorde hartako ia kide guztiek—denak, Marino Zulet izan ezik— taldearen urteko kontuak faltsutzeko eskatu zioten Bizkairi, LFPk onar zitzan. Ikerketaren arabera, Zuletek ez beste kide guztiek sinatu zituzten kontu horiek.
Miguel Artxanko eta beste hamazazpi pertsona epaituko dituzte 'Osasuna auzian'
Zuzendaritzako hainbat kide ohi eta Betiseko hiru jokalari daude tartean. Partidak erosi izana egozten diete, besteak beste. Puñal eta Vasiljevic, libre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu