Patxi Izkok sasoi amaieran Osasunako presidentetza utziko duela baieztatu ostean, Miguel Artxanko izan da haren lekukoa hartzeko prest agertu den lehen osasunazalea. Taldeko zuzendaria izan da azken hamar urteetan, eta atzo aurreratu zuen presidentetzara aurkezteko asmoa. Bazkideek haren alde eginez gero, beste bospasei lagunek osatuko dute zuzendaritza taldea, eta azken urteetan Izkoren ondoan agintean egondako beste bi lagun ere izango dira: Juan Pascual eta Jose Manuel Purroi. Aurreratu du Manolo Ganuza ingeniaria, Txuma Peralta enpresa aholkularia eta Santxo Bandres ekonomista ere berarekin izango direla, eta eraikuntza munduko enpresari bat ere bere aldamenean nahi du, baina oraindik ez du erabat konbentzitu eta ez zuen eman haren izena atzoko agerraldian.
Izkoren gertukoa izanagatik, bere hautagaitza bereizi egin nahi izan du Artxankok: «Hamar urtean gauza on asko egin ditugu Patxi Izkoren aginduetara, eta ez naiz dena hankaz gora jartzeko asmoarekin hasiko lanean, baina gurea ez da Izkoren agintaldiaren jarraipena egiteko proposamena. Oso gustura aritu naiz lanean Izkorekin, baina ika-mika eta eztabaida asko ere izan ditut berarekin. Izaera ezberdinekoak gara eta ideia ezberdinak ditugu», esan du hautagaiak.
Euskalduna ez baldin bada ere, «egun on» batekin hasi zuen eta «eskerrik asko» batekin amaitu zuen solasaldia Artxankok. Bere garaian Iruñeko Jaso ikastolako zuzendaria izan zen, eta abokatua da ogibidez. Erakunde publikoekin akordioak lortu nahi ditu, baina Foru Ogasunarekin duten zorra ordaindu egingo dutela ziurtatu du, eta klubaren diru-zorrak loa ez diola galarazten esan: «Osasunaren zorra bi urtean ordaindu daiteke, aurrekontua erdira jaitsiko bagenu, zorraren erdia aurreztuko genuke, eta 2. Mailara jaitsitakoan jasotako diruarekin ia-ia beste erdia ordaindu ahal izango genuke, baina ez dugu 2. Mailako talde bat izan nahi. Osasuna Lehen Mailako kluba da».
Kirol arloan Mendilibarrentzat hitz gozoak izan ditu, Osasunarentzat oso entrenatzaile ona dela azpimarratuz, eta Valladolideko Sisi eta Numanciako Nano datorren denboraldian Osasunako jokalariak izango direla ere esan du Artxankok.
Miguel Artxanko da presidente izateko lehen hautagaia
Izkoren gertukoa izan arren, ukatu egin du haren «jarraipena» dela, eta Mendilibar da haren entrenatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu