RIO16. Olinpiar oroitzapena. Atlanta 1996

Michael Johnsonen bonba

Bertatik bertara ezagutu zituen Atlanta 1996, Sydney 2000 eta Pekin 2008. Euskaldunon Egunkaria-rekin lehenengo eta BERRIArekin ondoren. Guztien artean Atlantan bizi izandakoak ekarri ditu gogora. Kiroletik kanporakoez eta barru-barrukoez ari da.

Imanol Murua Uria.
2016ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Nire olinpiar oroitzapena etxeko egongelako sofan hasten da. Hamabi bat urterekin, hiru bolumeneko bilduma irakurtzen ari naiz: Los Juegos Olímpicos. Historia completa de las Olimpiadas desde sus orígenes a Munich-72. Ale bakoitzak 700 orritik gora, uda batez irakurri nituen hiru liburukoteak goitik behera, ale bakoitzaren bukaeran zetozen emaitza guztiak barne. Oraindik etxean ditut. Montrealgo Olinpiar Jokoak joanak ziren, Moskukoak oraindik etortzeko. Uste dut orduan erabaki nuela kazetari izatea.

Euskaldunon Egunkaria-ko erredakzioa aldi batez utzia nuela, Jakin aldizkariko langile eta Egunkaria-ko kolaboratzaile nintzela, Atlantara inor bidaltzeko asmorik ba ote zuten galdetu nion Martxelo Otamendiri. Ezetz. Erdi txantxetan bota nion: «Kreditazioa lortu eta hegaldia ordaintzen badidazue, nire oporretan joango naiz eta musutruk egingo dut zuentzat lan; topatuko dut lotarako leku merkeren bat».

Handik hilabete batzuetara, Atlantako olinpiar gunetik 40 bat kilometrora zegoen kanpamentu bateko barrakoi batean nengoen, dozena erdi olinpiar bolondresekin batera, ez garraio publiko ez olinpiar garraio. Haiek bai baldintzak: inaugurazio ekitaldia ikusi eta kronika idatzi ostean, biharamunean goiz hasi behar nuelako eta kanpinetik garaiz iristeko modurik izango ote nuen ez nekielako, prentsa zentroan gaupasa egin nuen. Hurrengo goizean Matias Prats eta Jesus Alvarez kazetari espainiarrak auskalo zenbat izarreko hoteletik dutxatu eta gosaldu berriak ezin dotoreago jantzita prentsa aretora sartu zirenean sentitu nuena ez da hemen aitortzekoa. Hiruzpalau egun iraun genuen kanpin hartan. Etxe partikular batean logela bat alokatuta konpondu genuen arazoa. Egunkaria-ren KZ igandeko gehigarrian idatzita geratu ziren gorabehera xelebre haiek.

Kiroletik kanpoko protagonistarik izan zuen Atlanta 96k: Richard Jewell segurtasun zaindaria. Olinpiar parkean bi lagun hil zituen bonba jarri izanaren susmagarri izan zen egun batzuetan. Etxea miatu zioten eta galdekatu zuten, baina ez ziren atxilotzera iritsi. Zazpi urte geroago atxilotu zuten lehergailua jarri zuena: Eric Rudolph, kristau erradikala; bere aitormenaren arabera, arrazoi erlijiosoengatik egin zituen atentatuak Atlantan eta beste hainbat lekutan. Coloradoko kartzela batean da orain, bizi osorako espetxe zigorra betetzen.

Jokoak bukatu zirenean, ordea, erabateko misterioa zen lehergailuaren afera. Hortik, Jokoei buruzko balantzeari jarri genion izenburua: «Michael Johnsonek jarri zuen bonba». Estadiora bere urre koloreko zapatilekin agertzen zen bakoitzean —eta egunero agertu zen, proba bateko eta besteko kanporaketa eta final artean—, harmailak leherrarazi egin zituen. Eztandak bereziki handiak izan ziren 200 eta 400 metroetako finalak irabazi zituenean, munduko markak hautsiz bietan. Oso gogoan dut Donovan Bailey ere, 100 metroetakoa irabazi zuelako baino gehiago, zonalde mixtoan ginen kazetari batzuei esandako esaldiagatik. Kanadaren elastikoarekin irabazi zuen lasterketa, eta Kanadako ereserkia entzun genuen denok domina jarri ziotenean, baina berak argi zuen: «Jamaikarra naiz. Gogoratu».

Hedabideen bidez garaipenen berri izaten dugu batez ere, baina bertatik bertara jarraituz gero, ezina eta negarra ugariagoak dira dominak eta ospakizunak baino. Jokin Mujika leher eginda eta Diego Garcia lur jota ditut gogoan. Baina, batez ere, Martin Fiz laugarren atera izanaren atsekabea ezkutatu ezinik kazetarien aurrean. Garaipen handirik ere izan zen euskal kirolarientzat Atlantan. Sekula gertatu gabea. Urrea eta zilarra proba berean. Indurain eta Olano. Festa nazionala ikaragarria izan zen. Asmatu zer koloretakoak ziren banderak. Pozez gainezka gogoratzen ditut Espainiako printzea eta infantak, Samaranch eta denak. Akaso inork erreparatuko zion kazetarien harmailako ikurrin bakar hari. Orain jabetu naiz Youtubeko grabazioaren bukaeran ageri dela, Olanori zilarra jartzera doazen unean.

ARGAZKIA

Eguna. 1996ko abuztuaren 1a.

Ekitaldia. Atlantako Olinpiar Jokoak. 200 metrokoen finala.

Emaitza. Michael Johnson AEBetako lehenengo (19,32; munduko marka), Frankie Fredericks Namibiakoa bigarren (19,68), Ato Boldon Trinidad eta Tobagokoa hirugarren (19,80). Michael Johnsonek 400 metrokoen finala ere irabazi zuen Joko horietan (43,49).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.