Iragan astean itxura oso ona eman ez arren, Top14an Bordeleri irabazi ondoren (25-22), Miarritzek Heineken Kopari ekinen dio gau honetan (21:00, Galwayko Sportsground). Partida ez da erraza izanen, Irlandako taldeari etxean irabaztea kostatzen baita. Connacht Irlandako probintzia apalena da, eta oso urrun ditu Europan punta-puntan dabiltzan Ulster, Munster eta Leinster. Hala ere, irlandar izpiritua dauka, eta etxean garesti saltzen du bere burua.
Zailtasun horien adierazgarri dira Tolosa handiak —Heineken Kopa gehien irabazi dituen taldeak— iragan sasoian Galwayn irabazteko izan zituen komeriak—17-15 irabazi zuen—. Londresko Harlequinsak, beste sasoi batean, galtzaile atera ziren Irlandatik (9-8). Lana ez da batere erraza izanen, beraz, Lapurdiko jokalarientzat.Alta, Heineken Kopan aitzina egin nahi badu, Miarritzek ez dauka berriz huts egiteko aukerarik. Sailkapen faseko lehen partidan aisa galdu zuen Londresen, Harlequinsen aurka (40-13). Porrot horrek ingelesengandik urrun utzi ditu miarriztarrak. Ondorioz, Miarritzek beste partidarik galtzerik ez dauka, eta presioarekin jokatuko du.
Bestalde, beste bi euskal taldek partida izanen dute, Europako Challengen. Baionak bihar jokatuko du, etxean, London Waspsen aurka (21:00). Gernikak, berriz, Rovigo jasoko du etxean (16:00).
Miarritzek partida zaila du gaur Irlandan, Connachten zelaian
Lapurdiko taldeak ezin du partida gehiago galdu aurrera egin nahi badu, eta presio hori kudeatu beharko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu