ERRUBIA. Soka luzea du oraindik larunbatean Miarritze eta Baionaren arteko derbiaren ostean gertatutakoak. Miarritzek garaipena lortu zuen, eta Top14ra igo zen. Partida amaieran, Miarritzeko zaleek Aguilerako zelaia hartu zuten ospatzeko, COVID-19aren aurkako neurriak egon arren. Pirinio Atlantikoetako prefetak herenegun iragarri zuen neurriak hartuko dituela horren aurka. Baina Miarritzeko presidenteak, Benjamin Guffletek, ukatu egin du ez zituztela osasun neurriak bete. «Zelaira irten ziren zaleak txertatuta zeuden, eta PCR proba negatibo bat zuten. Ez dugu araudirik urratu».
Baina, irudiei begiratuta, harmailetan 5.000 ikusle baino gehiago zeudela ikus daiteke. Sarrerako kontrolak ez zirela behar bezain zorrotzak izan adierazi dute hainbat zalek. Partida amaieran, gainera, ospakizunak izan ziren Miarritzeko kaleetan.
Hori ikusita, Pirinio Atlantikoetako prefetak, Eric Spitzek, atzo adierazi zuen fiskaltzara joko duela. Poliziak berretsi du estadioan alkohola saldu zela, sarreretan kontrolak ez zirela behar bezain zorrotzak izan, eta baimendutako edukiera nabarmen gainditu zela. «Neurriak hartu beharko ditugu horren aurka. Ikusiko dugu zer egiten dugun: zelaia itxi, laguntza horiek kendu...». Frantziako Ligak ere zigor dezake Miarritze.
Miarritzek dio osasun araudia bete zutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu