Miarritze gora, Baiona behera

Top14an aritzeko igoera lortu du Miarritzek etxean, Aguilera estadioan, kanporaketako partidan Baionari jaurtiketetan irabazi eta gero (6-5). Baionak, aldiz, PRO D2 ligan jokatu beharko du

Partida berdindua, estua eta borrokatua jokatu zuten atzo Miarritzek eta Baionak Aguileran, luzimendu gutxikoa. BOB EDME / LE JOURNAL.
Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Miarritzek Top14an jokatuko du datorren sasoian, eta Baionak, aldiz, PRO D2an, koska bat beherago. Bien arteko derbiak erabaki behar zuen hori atzo, eta Aguilera estadioan etxekoak nagusitu ziren. Penalti jaurtiketetan izan zen (6-5), Baionako Aymeric Lucek berea huts egin zuelako. Erabat parekatua izan zen partida: seina bukatu zuten, eta puntu guztiak zigor kolpeen bitartez lortu zituzten bi taldeek.

5.000 zale batu ziren, eta pandemia garaiko lehen kirol ekitaldi jendetsua izan zen Euskal Herrian. Sekulako giroa izan zen harmailetan. Miarretzekoak ia guztiak, eta Baionakoak 700 bat. Bi taldeak arrisku handirik hartu gabe aritu ziren hasieratik. Baloia ostikoz jotzeari ekin zioten, norbere entsegu marratik ahalik eta urrunen izateko jokoa. Lehen arrisku jokaldia Miarritzen aldekoa izan zen, baina Baionaren hagetatik urrun lortu zuen zigor kolpea. Jokaldiak ez zuen ezer ekarri. Berehala, beste aldean izan zuen alde zigor kolpea Baionak. Baina puntu alerik ezin batu.

Miarritze hasi zen gero eskura jokatzen saiatzen, baina Baiona ondo ari zen defentsan. Miarriztarrek ikusi zuten baloia ostikoz jota ez zutela etekinik ateratzen, eta beste jokamolde bat behar zuren. Baina partidako lehen entsegua Baionak egin zuen; hala ere, epaileak telebistan ikusi zuen jokaldia, balekotzat eman edo ez. Ez zuen ontzat eman azkenean. Husna ziren, beraz, 17. minutuan.

Miarritzek izan zuen zigor kolpe egokia emaitza alde jartzeko, Baionaren zelaian, baina kanpora bota zuten nahita, albotik sakea ateratzeko.Baiona baino indartsuago sentitzen baitziren jokaldi horretan. Atera zuten, eta beste zigor kolpe bat eragin. Hagetara bota zuen etxeko taldeak, baina kanpora. Bi aukera on galdu zituen aurretik jartzeko, horrenbestez. Baiona hasi zen gero eskutik eskura jokatzen, baloia batetik bestera eramanez. 20. minututik gora zihoan partida, eta lehenean segitzen zuen: arrisku handirik ez bi taldeen partetik. Ematen zuen kontu txikiek erabakiko zutela partida, eta puntu gutxikoa izango zela. Hala ere, jokoa pixka bat hautsi zen Baionaren alde, baina emaitzan ez zen aldaketarik. Dena dela, halakoetan gertatu ohi den bezala, Miarritzek izan zuen aukera ona, beste zigor kolpe batekin. Barrura bota zuen Gilles Boschek, eta 3-0 etxekoen alde. Segituan eman zion buelta Baionak, jokaldi bertsua izan zuelako alde, baina hagetatik kanpora egin zuen jaurtiketa Gaet Germainek. Lehen zatia bukatzear zela, Miarritze ari zen hobeto, baloiaren jabe eginda. Aurretik jarri izanak indarra eta konfiantza eman zien, eta 3-0ekoarekin joan ziren atsedenaldira.

Bigarrenaren hasieran, Miarritze hobetoxeago hasi zen, baina baloia galdu, eta uztartzea izan zuen Baionak alde. Nagusitzen ari zen jokaldi horietan, kilo gehiago dituelako aurrealdean aurkariaren aldean, eta uztartzeen bidez ari zen etxekoen 22ko lerroaren barrura sartzen. Miarritzek jokalari aldaketekin erantzun zion, uztartzeak parekatzeko asmoz.

Tentsioa ere bizitu zen zelaian, eta bi taldeetako jokalari batzuk elkarri lepotik helduta ibili ziren. Jokaldi batean piztu zen xextra. Asko zegoen jokoan, eta gero eta gutxiago falta zen amaitzeko.

Jokoa abian zen berriz, eta lehengo bidetik zihoan jokoa. Baiona nagusi, eta lortu zuen zigor kolpe bat: berdinketa eman zion Maxime Lafagek, 51. minutuan. Ondorenean ere nagusi segitu zuen, entsegu bat lortu nahian Miarritzeren 22ko marraren barruan. Azkeneko txanpan zen partida, hogei minutu falta ziren, eta arriskuei ihes egiten zebiltzan bi taldeak, baloia ostikoz jotzeko hautua eginez. Akats bat egitea partida galtzea izan zitekeen. Lehen zatiaren akaberan gertatu zen bezala, Miarritze eskura jokatzen hasi zen baina, eta kendu zuengainetik Baionaren presioa. Atera zen gutxienik, bere zelaitik.

Aurretik, Baionak izan zituen pare bat zigor kolpe aurretik jartzeko, baina eskura jokatzea erabaki zuen. Miarritzek ere izan zuen zigor kolpea 75. minutuan, baina kale egin zuen Hartek. Baionak egin zuen aurrera gero, eta gertu zeukan entsegua. Marra horren gainean zegoen Miarritze defentsan. Sekulako lana egin zuten baloia berreskuratu eta zulotik ateratzeko, baina ez zuten punturik lortu. Luzapena zetorren. Hamar minutuko bi zati.

Luzapena eta jaurtiketak

Miarritze ondo hasi zen, eta zigor kolpe batekin, Hartek 6-3 aurreratu zuen. Izan zuen aukera Baionak entsegua egiteko, ostikoz baloia gurutzatuta, baina etxeko taldeko jokalariak adi egon ziren aukera eteteko. Luzapenaren bigarren zatian, Lucek entsegua egin zuen Baionaren alde, baina baliorik gabe utzi zuen epaileak. Gero berdindu zuen Germainek (6-6), sei minutu falta zirela. Jaurtiketetan, Lucek egin zuen kale Baionaren seigarrenean, eta Miarretzek asmatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.