Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak

Miamik hiru izar erabili ditu, eta Dallasek, bat bakarrik, eta 1-0 jarri da Miami

NBAko finaleko lehen partida eskasa izan da, baina James, Wade eta Bosh aise nagusitu zaizkio Nowitzkiri

Andoni Urbistondo.
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Miami 1-0 aurreratu zaio Dallasi NBAko finaleko lehen partidan (92-84), eta aurretik geratzen dena jokoz nahiko kaskarra izan litekeela erakutsi dute. Defentsa zorrotza egiteko borondate tinkoa dauka Miamik, Dallaseko Dirk Nowitzki eta haren laguntzaileen talentua errotik mozteko asmoz, eta lehenengoan, behintzat, lortu dute. Horri esker poltsikoratu dute lehen garaipena, eta bigarrena lortzen saiatuko dira bihar.

Laburpen soilak Miamik jokoan hiru izar jarri zituela adierazten du, eta hirurek erantzun egin zutela. Dallasek, berriz, bakarra jarri zuen, Nowitzki, baina bat hiruren kontra, emaitza jakina. Jamesek 24 puntu lortu zituen, bi gutxiago Dwayne Wadek, eta 19 Boshek. Miamik lortutako 92 puntuetatik 65, taldearen %70,6. Nowitzkik lan ona egin zuen, eta 27 puntu lortu, baina 11 huts egin zituen jaurtiketan. Shawn Marionek bakarrik lagundu zion saskiratzeetan (hamasei puntu), eta Jason Terryk tarteka (hamabi puntu), baina Dallaseko beste jokalari guztiak hamar puntuko langaren azpitik geratu ziren.

Miamik %40 lortu zuen jaurtiketetan, baina Dallasek %34 baino ez. Norgehiagoka oso parekatua izan zen lehen zatian. 43-44 ziren aurretik Texaskoak atsedena iritsi aurretik, eta hirugarren hamar minutukoa hasi eta berehala zortzi puntuko zuloa ireki zuten: 43-51. Miamik gora egin zuen orduan, Waderen eskutik, eta Jamesena izan zen azken errematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.