Urriza 30. Zeberio II.a 28

Metamorfosiaren arrakasta

Javier Urrizak lehen aldiz irabazi du buruz buruko Kutxa Txapelketa final estu eta lehiatu batean

Javier Urriza pilota amorru biziz astintzen, atzo Galarretan jokaturiko buruz buruko Kutxa txapelketako finalean. MAIALEN ANDRES.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Iraupena. 73 minutu.

Saketik. Urriza 5; Zeberio II.a 7.

Markagailua. 0-7, 1-7, 7-8, 3-8, 3-9, 7-9, 7-10, 9-10, 9-13, 13-13, 16-13, 16-16, 16-17, 17-17, 21-17, 21-19, 22-19, 22-22, 22-23, 23-23, 27-23, 27-25, 28-25, 28-27, 29-27, 29-28 eta 30-28.

Bestelakoak. Sarrera oso ona Hernaniko galarreta pilotalekuan, mila ikusle inguru. Apustuak 100-60i riten ziren Urrizaren alde. Urriza Seve Arzelus palista ohia izan zuen botillero, Zeberiok, aldiz, Iñaki Gaztelu erremontista ohia.

Norbaitek sinetsi zuen Javier Urrizarengan. Norbaitek ikusi zuen pala motzean munduko txapeldun izan zen aurrelari hark erremontean egingo zuela. Gogor entrenatu zen, saskiarekin trebatzeko. Milaka ordu Uharteko Euskal Jain. Duela bost urte egin zuen debuta, eta berehala lortu zuen binakako txapela. Baina handiena falta zitzaion, eta atzo ukitu zuen Galarretako zerua. Kutxa buruz buruko txapela jantzi zuen, piloteoan serio eta pragmatiko jokatuz. Metamorfosiaren arrakasta izan zen. Zeberiok estu hartu zuen, eta indarrez hustu zuen txapelduna, baina Urriza hobea izan zuen azken txanpan eta merezita irabazi zuen.

Palista sena du Urrizak, eta palista ohi bat izan zuen botillero: Seve Arzelus handia. «Erremontea jantzi nuenean amestu ere ezin nezakeen egin txapeldun izango nintzenik», onartu zuen txapeldunak. Baina urteek zaildu egin dute, eta ondo ikasi du. Ahal fisiko harrigarrikoa, 1,92 metro luzeko juggernauta da. Indarrez jokatzen du, bote lasterrean zein txapa gainean moztuz, eta lanaren poderioz ia atzelarien pare erreboteatzen du. Ikusgarria bainoago, eraginkorra da. Eta buruz hotza, lasaia, eta horregatik ez zen kikildu Zeberio sakeari esker atzo 0-7 aurreratu zenean.

Piloteoan gehiago izan zelako irabazi zuen. Atzetik hasi arren, piloteoan egurra emanez apurka 13nakoa jartzea lortu zuen. Aurretik ere jarri zen (16-13), eta sua itzalita, bukaera arteko tantoak jarraian egingo zituela zirudien. Baina Zeberiok ez du inoiz amore ematen. Hura Urrizaren aurkakoa da. Txapelduna laborategian diseinaturiko erremontista bada, hautu genetiko bat, Elduaingoak sena du. Ez da indartsuena, baina bai trebeenetakoa, eta pilotaleku osoan sartzen ez den adorea du.

Logikak Urrizak bukaera gozoa izango zuela zioen, baina Zeberiok ez zuen halakorik nahi. Sakearekin berriz ere asmatzen hasi eta lehian sartu zen. Tantoa bukatzea kosta zitzaion, baina partida erdi aldera distira unea izan zuen. 21-18tik, 22-23 aurretik jartzera igaro zen jokoa nahastuz. Tanto luzeak berarentzat ziren, eta defentsan aurkitu zuen min egiteko modua. Urriza nekatuta zegoen, atzetik aurrera egiteak jota utzi zuen eta Zeberiok eskarmentua zuen alde.

Urriza, nekatuta

Urrizak pilota aldatu zuen orduan. Bizia atera zuen. Ez zitzaion gustatzen, baina Zeberiori gutxiago. Saketik eginiko tanto batekin aurrea hartu zuen (24-23) eta piloteoan indarra inposatuz tartetxoa ireki zuen (27-23 eta 28-25). Iruindarrak oso serio jokatu zuen, tantoen arteko tartea asko luzatuz arnasari buelta emateko. Ordubetean pilaturiko nekeak ez zion eragotzi ia pilotakada guztietan erabaki zuzenak hartzea.

Urriza epilogoa idazten hasia zen ordurako, baina Zeberiok eten zuen. Oso txapelketa gogorra izan du, ondo sufrituta lortu du finalean sartzea, eta bere aukerak zukutu nahi zituen. Sakea eta pilota motelago bat lagun, tanto bakarrera hurreratu zen arriskatuz (29-28). Sortako azken tantoa txapa zentimetro gutxi batzuengatik saihestu zuen dejada izan zen. Zeberio freskoago zegoen, eta hor zetzan bere itxaropena.

Artekariak gora eta behera zebiltzan korrika harmailetan. Finala partida ona izan zen, ez oso ikusgarria, baina emozioa askotan kalitatea baino hobea da. Azken tantoan Zeberiok ez zuen sakea gurutzatu, eta Urrizak erresto bikaina jo zuen. Pilota ez zen frontisera bueltatu, eta txapeldun berria belauniko erori zen kantxa gainean. «Sufrimenduari esker lorturiko txapela izan da, indarrik gabe bukatu baitut», onartu zuen partidaren ondoren. Segur asko ez da azkena izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.