VALENTZIA 1. REALA 2

Mestallako bitaminak

Valentziak baino hobeto jokatuta irabazi du Realak azkenean, zortzi neurketaren ondoren

Donostia
2013ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Griezmannek (41. min.); 0-2: Pardok (58. min.); 1-2: Pabonek (93. min.). Epailea: Hernandez Hernandez. Txartel horiak: Valentziako Javi Fuego, Banega eta Victor Ruizi; eta Realeko De la Bellari. Bestelakoak: 35.000 ikusle inguru Mestallan. Omenaldia egin zioten Ignacio Eizagirre Valentziako eta Realeko atezain ohiari.

Historia Mestallan errepikatu egiten da, txuri-urdinen zorionerako. Azkenaldian bai, behintzat. Aurreko denboraldian gozatua hartu zuen 2-5ekoarekin, eta, atzokoarekin ere lasai egon litezke Jagoba Arrasate eta Realaren jarraitzaileak. Sineskerietan sinestun dira futbolari asko gisa horretako adibideengatik. Ohitura kontua izango zen, edo ez, baina inguru horietako giro epel eta hezeak laranjen ekoizpenari mesede egiten badio, zer esanik ez gipuzkoarren garaipen arbolako hostoei. Realarentzat ez dago Mestallan elastiko laranjarekin jokatzea bezalakorik, apaldutako burua altxatu eta fruituak biltzeko. Bainuetxetik arnasberrituta atera baitzen talde txuri-urdina hirugarrenez segidan.

Leverkusengo eta Vallecasko lehien aldean, Realak asmatu egin zuen ate aurrean. Beste bi horiek ere irabazteko modukoak izan ziren. Horretarako gogorragoa izatea falta izan zitzaion. Atzo lortu zuen. Valentziak baino hobetu jokatu zuen, eta lehengo urteko aginte makila aterata irabazi. Kontraerasoarekin. Bizi eta zorrotz. Jokaldiak bukatuz. Antoine Griezmannen golaren aurretik, gipuzkoarrek abisua eman zioten etxeko taldeari. Ondoren landu zuen garaipena. Lehen eta bigarren golaren tartean, Ruben Pardoren zartakoa, bortitza eta lehorra, areaz kanpoaldetik. Txikitu egin zuen Guaitaren atea. Aparta.

Imanol Agirretxek bi aukera zoragarri huts egin zituen aurretik. Konfiantzarik gabeko aurrelariak nahita ere ezin dituelako golak sartu. Horren jabe zarelarik, ordea, nahigabe ere bai. Usurbildarrak lana egin zuen gogotik eta langilea delako berreskuratuko du bere mailarik onena. Beste hainbatetan frogatu duen moduan, denbora kontua izango da. Joan den denboraldiko jokalaririk erabakigarriena izan zen bigarren itzulian. Arrasate horretaz jabetuta dago, eta esanguratsua izan zen zelaitik ez kentzea. Zigor modura interpreta zitekeen.

Bakarren batek esango du Valentzia ez dela garai bateko talde fidagarria. Hori horrela izanik ere, ez dago edonoren esku Mestallan nagusitasunez irabaztea. Miroslav Djukicek adarrak hautsiko ditu jokoa antolatu eta orekatzeko. Lehiakorrak izango dira, ziurrenik. Gorabeheratsuak seguru. Diziplina falta zaielako automatikoki mugitzeko. Taldea bitan hautsi zenean ekin zion Realak pixkanaka lehia gobernatzeari. Griezmann izan zen arriskutsuena. Velak arerioak zorabiatu zituen egun batzuetako lan baimenetik bueltan. Zurutuza handi baten inguruan harrotu zen Pardo. Markelen seriotasunaren babesean zurrundu ziren atzelariak. Pabonek bukaeran sartutako golak ezin ezer estali. Garaipen benetan garrantzitsua izan zen.

Agertokiko oihalak altxa zituen taldeak, bide batez. 6.000 jarraitzaile baino gehiago joango dira Manchester aldera. Picadilly plazak Donostiako Konstituzioaren tankera hartuko du. Antzoki zaharra ez omen dago urruti. Gauzarik onena da amets egiteko beharrik gabe txuri-urdinen unibertsoak ametsetako irudia utziko duela. Eta laranja kolorez jokatuz gero...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.